Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzatzen den herria...

Dokumentuaren akzioak

Dantzatzen den herria...

Ehungarren aldiz ospatu dute gaur euskal jaia Zarautzen, horretarako ikuskizun anitz prestatuta: antzerkia, joaldunak, herri kirolak, bertso saioa, txistulariak eta erromeria, kasurako.
Egilea
Iratxe Muxika Karrion
Komunikabidea
Berria
Tokia
Zarautz
Mota
Albistea
Data
2024/09/09
Lotura
Berria

Dantzariak, Zarauzko euskal jaietan. MAIALEN ANDRES / FOKU

Dantzariak, Zarauzko euskal jaietan. MAIALEN ANDRES / FOKU 

Ez zuten argi noiz bukatzen zen uda. Abuztuan? Irailean? Bakarra da, finean, udatiarren helburua: uda luzatzea. Nola luzatu, ordea, ongi ez jakin eta besta bat egitea erabaki zuten Zarautzen (Gipuzkoa), orain ehun urte. Udatiar haien eskaera beso zabalik hartu zuten herritarrek, eta, azkenerako, baserritarren arropa jantzi eta kalera atera ziren; euskal jaien izenean. 

Zapi loreduna —edo marraduna—bizkarrean, txapela buruan, gona gerrian eta amantala haren gainean. Norbera bere gustuko konbinazioa eginda atera da Zarauzko parte zaharrera, esku batean edalontzia eta bertzean jatekoa hartuta. Kuadrilla bakoitzak bere orga prestatu du, barrenean eguna pasatzeko beharrezko guztiekin. Kanpotik egokiro apainduta, inauterietako karrozak nola. Joaldunen hotsek adierazten dute nondik nora dabilen jendea, haiek markatzen dute-eta egunaren ibilbidea. Iturendik etorri dira, erdian hartza dutela, bi ilara luze osatuta. «Hiru-lau urte nituela atera nintzen lehendabizikoz, eta geroztik, urtero», kontatu du Janitz Irigoien joaldunak. Goizeko zortzietan hasi eta egun guztirako etorri dira euskal jaira. «Ederki pasatzen dugu, lagunekin etortzen gara eta». 

Zanpantzarrak Zarautzeko Euskal Jaietan, gaur. FOKU
Joaldunen desfilea, Zarauzko euskal jaietan. MAIALEN ANDRES / FOKU

Gazte eta helduentzat kalean nahikoa eskaintza dagoen arren, haurrek ere badute euren lekua: Arrosategi parkeko pottokak. Umeek begi argiz begiratzen dituzte pottokak, gurasoren baten onespen begiradaren zain. Txandaka ari dira animalia gaineko ibilbidetxoa egiten, eta penaz egiten dute lurrera buelta. «Beste buelta bat» eskatu dute zenbaitek. 

Joaldunen deskantsua hartzeko parada egin dutenean eman diote hasiera frontoi txikiko pilota partidari. Eserlekuak beteta eta gainerakoak zutik. Trikitilarien eta pandero jotzaileen gibeletik jende gehiago sartu da frontoiaren errebueltara; tortilla eta gazta pintxoa hartzera, bidenabar. Pilota partidaren ondotik herri kirolak eta bertsolariak espero dituzte. Kalean ezkerrera egin eta txistulariak aditzen dira kalejiran, haiek ere gibeletik jende andana dutela. Txistuaren hotsari, jarraian, txistulari gehiago gehitu zaizkio: Alproja antzerki taldearen desfilean heldu direnak. Kalez kale ibili ondotik Munoa plazaraino ailegatu dira antzerkilariak, baita oholtza gainera igo ere: galtzagorriak, eraikuntza langileak, apaizak, mojak, mediumak eta mamuak, bertzeak bertze. 

Santa Klarako mamua

Aurtengoa ehungarren aldia izaki, jaiaren sorrera oholtzaratu du Alprojak. Santa Klarako komentuan mamua dagoela-eta hura uxatzen ahalegindu dira, edo, uxatzen bainoago, salbatzen. Mamu horixe aritu da azkeneko urteetan eraikuntzetako elementuak mugitzen, eta, arazoari irtenbidea emateko, mediumak, apaiza eta zientzialaria deitu dituzte. Bide bat eta bertze probatu ondotik, ebatzi dute arazoa: mojak euskal jaian dantza egitea bertzerik ez zuen desio, 1924an ez zuen-eta horretarako aukerarik eduki. Aurtengorako gonbita egin diote. 

Ekainean ematen dute izena antzerkilariek euskal jairako antzerkian, eta orduantxe hasten dira irailari forma ematen: «Ekainean hasi eta gaur arte lan asko dago egiteko: ideia pentsatu, antzerkia prestatu, arropak, materiala, azpiegitura...», dio Txomin Zenarruzabeitia Alproja antzerki taldeko kideak. «Aurtengo antzezlanari Ehun urte zain deitu diogu, eta ohartzerako jende asko elkartu gara lanerako gogoz». Txaloz eskertu dute ikusleek antzerkilariek egindako lana; oihu ere egin dute batzuk: «Gora Alproja!». Elkarri bizkarretik hartuta jaitsi dira oholtzatik, eta besarkada estuz eman diote bukaera hiru hilabeteko entseguei. Merezitako eran ospatuko omen dute. Aitzinetik, ordea, desmuntatzen hasi dira: komentuaren pareta zena tolestu, aldamioak kendu, mahaiak tolestu eta aulkiak pilatu. Zenbait ikusle, bitartean, zoriontzera joan dira. «Lan ederra egin duzue», oihukatu die ikusle batek. Bertze zenbaitek umorera jo du: «Entseguetan baino hobeto atera zaizue». Egindakoarekin pozik, ostatu aldera abiatu dira antzerkilariak. 

Alproja antzerki taldeko galtzagorriak, gaur, Zarautzen. FOKU
Alproja antzerki taldeko galtzagorriak. MAIALEN ANDRES / FOKU

Munoan antzerkirik geratzen ez den arren, komentua zenaren oholtza parean, plazaren bertze aldean, bigarren oholtza bat jarri dute: erromeriarentzako. Bertan aparkatu dituzte orga gehienak, oholtzaren aurrean. Bazkaltzeko tenorea bada ere, inork ez du handik alde egiteko asmorik. Halaxe eskatu dute-eta Alprojako antzerkilariek: «Ez dadila inor geratu beste ehun urtez dantzatu ezinik».

Dokumentuaren akzioak