Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzatzeko bertso eta doinuak

Dokumentuaren akzioak

Dantzatzeko bertso eta doinuak

Bertsolari, trikitilari eta dantzari ezagunak bilduko ditu hiru saiotan Bilboko Trikibertsok

Egilea
Mikel Lizarralde
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2004/02/25

Bilbao Bizkaia Kutxak antolatu ohi duen emanaldi sortak zazpigarren aldia du aurten, eta, euskal folklorearen tradizioa berreskuratzeko nahian, trikititxa eta bertsoa dantzarekin uztartuko dituzte hiru igandetan Bilboko Arriaga antzokiko Foier aretoan elkartuko diren trikitilari, bertsolari, musikari eta dantzariek. Hilaren 29an, martxoaren 14an eta martxoaren 21ean izango dira saioak. Antolatzaileek azaldu dutenez, bi ikusle mota bilduko ditu Trikibertso ekimenak, «bertsolaritzarekiko lotura dutenak eta dantza nahiz trikitixa maite dituztenak».



Aurreko urteetan bezalaxe, aurtengo egitaraua trikitilarien eta bertsolarien nahien arabera osatu dutela adierazi dute antolatzaileek, «Trikibertsoko partehartzaileek osatzen baitute programazioa»



'Arditurri'-tik Karidadeko Bentara



Kukai dantza taldeak, Juan Mari Beltran musikariak eta Anjel Mari Peñagarikano eta Jon Martin bertsolariek osatutako Arditurri, bertsoak dantzan ikuskizunarekin hasiko da Trikibertso programazioa igande honetan. Bilbon egingo duten emanaldia berezia izango da. Bertsolariek bat-bateko saioak, bertsopaper historikoak eta, bereziki, Bilboko emanaldirako prestaturiko bertsoak tartekatuko dituzte. Dantzariei dagokienez, euskal dantza tradizionaletik abiatuta sortutako hainbat koreografia aurkeztuko ditu Kukai konpainiak, Jon Maiaren zuzendaritzapean. Era berean, Juan Mari Beltranen taldeak, Arditurri diskoaren doinuekin batera, euskal folkloreko doinu ezagunen moldaketak egingo ditu. Halaber, bertsolariek, dantzariek eta musikariek elkarrekin egingo dituzte saioko hainbat pasarte.



Martxoaren 14an, Jon Maia bertsolaria izango da Arriaga antzokian Karidadeko Bentarekin. Zumaiako taldeak bertsoak eta koplak aurkeztuko ditu, zuzeneko emanaldietan berezkoa duen bat-batekotasuna ezkutuan utzi gabe eta ikusleak dantzan jartzeko asmo sendoarekin. Maiarekin batera, Inazio Tolosa, Aran Santa Maria, Imanol Manterola, Domentx Uzin eta Jon Manzisidor izango dira taula gainean.Azken emanaldian ere bertsolaritzaren, dantzaren eta musikaren arteko saioa proposatuko dute Trikibertsoren barruan. Gozategi taldeak, Iñaki Gurrutxaga eta Jurgi Garitagoitia bertsolariek eta Joseba Orella, Itziar Barrenetxea eta Laida Iturralde dantzariek hartuko dute parte emanaldian.Emanaldi guztiak 12:00etan egingo dituzte Bilboko Arriaga antzokiko Foier aretoan.

Dokumentuaren akzioak