Dokumentuaren akzioak
"Dantzatzea zoragarria da"
Dantzari profesionala bihurtzeko bidea hartu du Saioa Iraizoz Erviti altsasuarrak eta, orain, Bilboko Dantzerti goi mailako eskolan koreografia eta interpretazio ikasketak egiten ari da.
Dantza egitea gustatzen zaio. Haur bat zenetik gorputzarekin transmititzen hasi zen, eta ez da geldituko bere ametsak bete arte. Saioa Iraizoz Erviti dantzariak Altsasun hasi zuen bidea, eta orain Dantzerti goi mailako dantza eskolan ibilbide honekin jarraitu nahi du. Ikasturte honetan lau urteko ikasketak hasi zituen. Dantzaria izan nahi du. Bere mugimendu indartsuak dagoeneko ezagunak dira Sakanan, baita beste hainbat tokitan ere.
Zergatik dantza ikasi?Txikitatik dantzatzea gustatu zait. Urteak pasatu ahala geroz eta argiago neukan dantza ikasi nahi nuela eta dantzaz bizi nahi nuela. Betidanik izan dut argi, pila bat gustatzen zaidalako eta dantzatzeak askatasuna ematen didalako. Orduan, 1. batxilergoan ikasten ari nintzenean, dantza ikasketak zeuden unibertsitateak eta zentroak begiratzen hasi nintzen. Ikasturte honetan, 2019ko ekainean, Dantzertin dantza ikasteko probak egin nituen, eta sartu nintzen. Oso pozik nago.
Beraz, haurra zinenean hasi zinen dantzan?
Bai. Txiki txikitatik. Euskal dantza egiten hasi nintzen, gero soinketa erritmikoa egin nuen eta ondoren Irantzu Gonzalez Dantza Eskolatik pasa nintzen. Hortik dantza mundura sakonago sartu nahi izan nuen.
Gurasoek zer esan zizuten?
Pixka bat arraroa da norbaitek dantza ikasi nahi izatea, eta hasieran kosta egin zitzaien. Aitari bereziki barneratzea gehiago kostatu zitzaion, amak lehenago onartu zuen. Beste zerbait ikastea hobe izango zela edo dantzatik ezingo nuela bizi esaten zidaten, eta hasieran gogorra izan zen. Baina azkenean ulertu dute eta orain oso gustura daude. Pila bat laguntzen didate.
Dantzerti goi mailako dantza eskola bat da. Nolakoa izan zen sarbidea?
Dantzertira sartzeko lehendabizi batxilergoa eskatzen dizute. Derrigorrezkoa da. Bestela heldutasun proba bat egin behar duzu, behintzat oinarri hori izan behar duzu. Gero sarbide probak egin behar dituzu. Hiru atal daude: lehenengo testu iruzkin bat da, proposatutako testua irakurtzen duzu eta galderak erantzun behar dituzu. Testuan oinarritutako hausnarketa bat egin behar duzu ere, esaterako, lehenengo aldian niri galdetu zidaten zer zen dantza niretako edo nola bizi dudan dantza. Hori aukera bat da baina izan daiteke dantzari buruzko galdera orokor bat. Gero proba praktikoak daude eta ballet klase bat eta dantza garaikideko bat jarraitu behar dituzu. Ondoren, koreografia bat prestatu behar duzu, eta, azkenik, inprobisazioa. Abesti bat jartzen dute eta nahi duzuna dantzatu behar duzu.
Zailak izan al ziren?
Oso-oso urduri nengoen eta batzuetan urduritasunak jukutria gaiztoa egiten du. Baina zure egoera berdinean dagoen jende gehiago egoteak, lasaitzen zaitu. Seguruenik zu baino hobe egingo duen norbait egongo da, baita zure mailan dauden pertsonak ere. Epaimahai baten aurrean bakarrik egotea sekulakoa da.
Beste dantza eskoletarako probak egin zenituen?
2018an egin nuen lehenengo aldiz Dantzertin sartzeko proba. Baina 2. batxilergoa errepikatu behar izan nuenez, eskola gehiago begiratzeko aukera izan nuen eta Madrilera joan nintzen. Bertan hiru eskoletan egin nituen probak: 180 Grados, Victor Ullate eta Maria de Avila kontserbatorioan.
Nola da dantza eskola batean ikastea?
Primerakoa. Oraindik ez naiz guztiz ohitu eta aste honetan klaseak bukatu ditugu. Baina sekulako esperientzia da. Oso desberdina. Jaikitzen naiz, unibertsitatera joaten naiz eta hor ballet edo garaikideko klasearekin hasten gara. Gero, inprobisazio edo errepertorio klasikoko irakasgaiak ditugu. Ondoren, irakasgai teorikoak daude. Praktikoa asko lantzen dugu eta gai pila bat ikasten ditugu: dantza nondik datorren, koreografo esanguratsuenak edo urte hauetan garrantzia izan dutenak, gaur egun modan dagoena, garaikide hitza nola zabaldu den… Hasi nintzenean konturatu nintzen ez nekiela dantzaren jatorriaz ere. Beraz, primeran. Asko sakontzen dugu.
Klasikoa eta garaikidea dantzatzen duzu, zuk aukeratutako estiloak al dira?
Egiten ari naizen ikasketetan klasikoa eta garaikidea oinarriak dira. Derrigorrezkoak dira. Maria de Avila kontserbatorioan, esaterako, ikasketa planaren arabera espainiar dantza ere derrigorrezkoa da. Dantzertin koreografia eta interpretazioa ikasketen lau urtetan dantza garaikidea eta klasikoa derrigorrezkoak dira. Bigarren mailan hautazkoak aukeratu behar ditugu eta haien artean euskal dantza dago. Euskal Herriko dantza delako. Hor bai sartzen direla estilo desberdinak.
Nola deskribatuko zenuke zure estiloa?
Ni guztiz garaikidea naiz. Indar handiko estiloa da. Muskularki ere indar handia duten mugimenduak egiten ditut.
Dantza ikasketa egiteak gorputzaren zainketa berezia dakar?
Elikaduraren aldetik, nire kasuan, zaintza berezia egiten dut. Baina ez dakit dantza ikasten duten beste pertsonek egiten duten edo ez. Barazkiak, fruta, fruitu lehorrak eta orokorrean elikadura osasuntsua egiten saiatzen naiz. Irakasleek alkoholik ez edateko, ez erretzeko eta elikadura zaintzeko esaten digute. Denetarik jateko gomendatzen digute. Nik hori egiten dut normalean, eta ongi jatera ohitzen zara. Baina ez dute ezer berezirik eskatzen; ongi jatea, zure gorputzak behar duena, ez gehiago ez gutxiago.
Martxoaren erdialdetik konfinatuta egon behar izan zara, nolakoak izan dira hilabete hauek?
Telebistan etxean gelditu behar ginela esan zutenean, Altsasura etorri nintzen, Altsasura etorri nintzen. Hasieran berria izan zen guztiendako, bai irakasleendako bai guretako. Klaseak %100ean jarraitu ditugu Internet bidez. Gainera, klasean egongo bagina bezala: 8:30etik 14:15era egunero. Irakasleek klasikoko edo garaikideko ariketak azaltzen dituzte, eta guk jarraitzen ditugu. Gero lan pertsonal asko egin behar izan ditugu eta arratsaldeetan lan teorikoak. Lan pila bat egin dugu eta oraindik egiten jarraitzen dugu. Aurreko astea azkena izan da, eta aste honetan azterketak ditugu. Ez gara gelditu momentu bakar batean ere.
Dantza klaseak areto handi batean egon ohi dira, ispiluaren aurrean. Nola moldatu zara?
Zorte handia izan dut, sofak eta aulkiak kentzen egongela handia dudalako. Leku ederra lortu dut. Balleteko barra edo garaikideko ariketak egiteko nahiko espazioa lortu dut. Baina iszpilu gabe zaila izan da. Izan ere, ispiluan gaizki egin duzuna edo hobetu behar duzuna ikusten duzu. Baina orain, gorputza sentitu behar izan dut eta horren arabera mugitu naiz. Tripa gehiago sartu behar dudan oreka lortzeko edota hankak ongi jartzen kontziente izan naiz. Zu eta zure gorputza da, eta ez hainbeste zu ispiluan ikustea. Orduan, horrek kontzienteago izatera erakutsi dit. Ariketak azkarrago ikasi behar izan ditut ere, bakarrik nagoelako. Klasean lagunak begiratzeko aukera dago. Hasieran zerbait desberdina eta berria zen, eta gogoekin hasi ginen. Baina egunak pasatzen joan dira eta ez dakizu nola motibatu. Egia esan, bukatzeko gogoz gaude.
Zer moduz joan da ikasturtea?
Oso ongi, oso pozik. Hurrengo urteak iristeko gogotsu. Oso-oso gustura egia esan. Lan handia egin dugu, ordu pila bat sartu ditugu, arratsaldeetan entsegu asko egin ditugu… baina oso gustura egon naiz. Gustatzen zaidan zerbait da, eta dena eman behar dut.
Zein lan irteerak ditu dantza ikasketak?
Dantzari guztiok nahi duguna antzoki batean edo agertoki batean dantzatzea eta konpainia batean sartzea da. Hori bai dela nire ametsetako bat: dantza garaikideko konpainia batean sartzea. Baina irteera asko daude: dantza irakasle, koreografo, konpainia propioa sortu, dantzaren historialaria eta dantzaren inguruko tesi bat egitea… Aurten tesi asko irakurri ditugu eta izugarria da. Konturatzen zara ez dela bakarrik antzoki batean dantza egitea, badaudela egiteko gauza pila bat. Batzuetan lehenengo aukera horrekin itsututa gelditzen gara, eta badaude pentsatzen nituenak baino irtenbide askoz gehiago.
Dagoeneko agertokiak ongi ezagutzen dituzu.
Irantzu Gonzalez Dantza Eskolan Oihu Loreak taldea dugu eta Irantzuri esker leku askotara joan gara lehiatzera. Zortea izan dugu eta sari batzuk irabazi ditugu. Bai guk bai Arima taldeak ere. Irantzuk lehiaketetan Burgosera, Bilbora, Tarragonara eta abar joateko aukera ematea ikaragarria da. Horrela konturatzen zara hemendik kanpo zer dagoen, izan ere, hemen burbuila batean bezala bizi gara eta hemendik kanpo maila izugarria dago. Jendea oso ona da, eta dantzaria izan nahi du ere. Ez zara zu bakarrik. Beraz, bideo asko ikusi behar dituzu, toki batera eta bestera joan behar zara eta panorama ikusi behar duzu. Antzoki askotan egon gara dantzatzen eta horrek esperientzia handia ematen dizu.
Zer esango zenioke dantzan hasi nahi duen pertsona bati?
Dantzari izan nahi duen edo dantza egin nahi duen edozein pertsona animatu nahi dut. Dantzatzea zoragarria da eta egiteko aukera badute, egiteko esaten diet. Bestela, gogoz geldituko dira. Gainera, edozein adinetan dantzatu daiteke. Jendea dantzatzera eta gustatzen zaiona egitera animatzen dut; amore ez ematera animatzen dut.
Dokumentuaren akzioak