Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzatutakoa ezabatu ez dezaten

Dokumentuaren akzioak

Dantzatutakoa ezabatu ez dezaten

Egilea
Naroa Torralba
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2023/04/29
Lotura
Berria

Emakume bakoitzaren bizitzaren eta obraren berri eman ondoren, jarduera eta ariketak proposatzen ditu liburuak.

Emakume bakoitzaren bizitzaren eta obraren berri eman ondoren, jarduera eta ariketak proposatzen ditu liburuak. BEA APARICIO

Egun dantza ezer bada, hamar koreografo hauen eraginetik edan duelako izan da: Isadora Duncan, Martha Graham, Mary Wigman, Pina Bausch, Anne Teresa De Keersmaeker, Carolyn Carlson, Trisha Brown, Robyn Orlin, Germaine Acogny eta Natsu Nakajima. Historiak ezabatu ez ditzan, Hamar emakume, mundua dantzan liburuan josi dituzte haien mugimenduak.

Bilboko Punto de Fuga dantza elkarteko zuzendariak dira Mima Cano eta Eva Guerrero. Haiek emandako ideia batek jarri zuen liburua idazten Mercedes L. Caballero (Kordoba, Espainia, 1975). Publiko berriengana iristeko eta jakintza zabaltzeko egiten duten lanaren emaitza dela esan du idazleak: «Duela bi urte eta erdi otu zitzaien liburu hau egitea, eta niri deitu zidaten idazteko».

Dantzariak baino gehiago, koreografoak dira protagonistak. Dantza haurrengana iristeko estrategiak aztertzen dituzte, eta liburua ikusgaitasuna emateko pauso bat dela uste du Caballerok: «Oro har, emakumeak oso ikusezin bihurtzen dira eremu guztietan. Baina dantzan, zehazki, gizon koreografoaren eta emakume dantzariaren ideia da hegemonikoa, eta dantzariak konnotazioa negatiboa izaten du, gainera, koreografoaren musa baita».

Dantzaren historian, diziplinaren ardatza eta pultsua aldatu duten andrazko koreografo asko daude. Hamar hautatu dituzte libururako, hamar hauek dira «ezinbestekoak». Kapitulu bakoitzak emakume baten historia dakar, ordena kronologikoan kontatua.

Isadora Duncan da lehena. Ballet klasikoko zapatilak kentzen eta oinutsik dantzatzen aitzindari izan zen, idazleak adierazi duenez: «Kortseak kentzen eta iraultzaile sentitzen lehena izan zen». Teresa De Keersmaeker dantzariak ixten du liburua. Bizirik dago egun, Bruselan bizi da, eta lanean dihardu oraindik ere.

 

 

Funtsezko hamarrekoa da, Caballeroren hitzetan: «Zalantzarik gabe. Oso argi genuen nazioarteko hamar emakumerekin hasiko genuela proiektua. Izan ere, dantza garaikidean zentratu nahi genuen. Dantzara hurbiltzen den orok ezagutu behar dituen aitzindari nagusiak jaso ditugu. Geografiari dagokionez, beste irizpide bat izan da AEBetan eta Europan ez ardaztea. Asiako bi koreografori eta Afrikako beste biri buruz ere idatzi nahi izan dugu. Dantza garaikidea bera oso desberdina delako leku bakoitzean».

Garrantzitsua zaio aurreiritziak kentzea: edozeri buruz zenbat eta gehiago jakin, orduan eta aurreiritzi gutxiago egongo dela uste du: «Ezezagunari diogun beldurrak sortzen baitizkigu aurreiritziak. Eta dantzarekin asko gertatzen da». Askok dantza eliteko kulturatzat hartzen duela dio Caballerok: «Tontakeria galanta. Baina badago beste aurreiritzi bat are okerragoa: ez omen da ulertzen. Nik beti esaten dut ulertzea ez dela beharrezkoa. Zeure buruari zer sentitu duzun, gustatu zaizun galdetzearekin nahikoa dela uste dut». Liburuak «ilusioa» piztea nahi luke, belaunaldi berriei batez ere. Haren ustez, dantza gazte jendeari hurbiltzeak apurtuko baititu ideia ezegoki asko: «Diziplina bat zenbat eta lehenago ezagutu, orduan eta presentzia handiagoa izango du pertsona horren garapenean, eta ez zaio horren arraroa egingo».

Era askotara irakur daiteke liburua. Badu dibulgazio eta pedagogia kutsua, dantzaren alorreko hamar emakume ezagutarazten baititu. Baina helduentzat ere badela zehaztu du Caballerok: «Demagun dantzari buruz ez dakizula gauza askorik. Honek lagunduko dizu ondo ezagutzen. Ez bakoitza nor den bakarrik, baizik eta dantzariak nola mugitzen diren ere bai. Liburu hau modu didaktikoan irakur daiteke, kapitulu bakoitzaren amaieran ariketak daudelako. Baina baita eleberri modura ere, emakume bakoitzaren kontakizunari segika».

Egungo dantzen zimendua

Iragana kontatzearen aldekoa da. Are, uste du «ezinbestekoa» dela egun egiten dena hobeto ulertzeko: «Ez dut esaten denak erreferentzia gisa balio duenik, baina zertarako? galderari erantzuteko bai, balio du, eta hori bada asko eta aski. Izan ere, iragana kontatu ezean, pentsa dezakezu bide batean aurrera egiten ari den bakarra zarela, eta ez dakizu lehenago etorri ziren beste batzuek jada egina dutela; horrek beste bide batzuk zabalduko ditu».

Dantza ezagutu eta kokatzeko liburua da: «Egun ikasten eta lanean jarraitzen duten askoren oinarria dira hamar andre hauek. Mary Wigmanen oinordekoa izan zen Pina Bausch, esaterako, eta dantzaren zenbait efektu garatu ditu. Horietako asko errepikatu egiten dira gaur egun, edo inspirazio iturri dira, bestela».

Dokumentuaren akzioak