Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Dantzatu nahi izan dudana eta gehiago dantzatu dut»

Dokumentuaren akzioak

«Dantzatu nahi izan dudana eta gehiago dantzatu dut»

Alicia Amatriain. Dantzaria

Egilea
Nerea Lizarralde
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2009/11/15

Dantzaren jainko germaniarra, zisne bihurtutako dantzari txikia... Horrelakoak esan dituzte Alicia Amatriain (Donostia, 1980) dantzariari buruz. Izar handia da. Hiriko kontserbatorioan hasi zen dantzan Peter Brown eta Ageda Sarasuarekin, Alemaniara joateko erabaki ausarta hartu zuen arte. Egun Sttutgart Balleteko lehen dantzaria da.

Nola ikusiko zaitu publikoak bihar?

Egia esango dizut, ez dakit. Goizean nola esnatzen naizen araberakoa izango da. Eszenatokira irten baino lehen ez dakit ikuskizuna nolakoa izango den. Teloia igo eta une horretan daukadan sentimendua azaltzen dut.

Eta nolakoa da 'Giselle' balleta?

Obra erromantikoa da, oso klasikoa eta zaharrenetarikoa, gainera. Oso istorio ulerterraza da, gainera. Dantza teknika aldetik, ordea, oso konplikatua da. Balletaren bi zatiak oso desberdinak dira eta zaila da bai. Lehen zatian maitemindu eta atsekabeak ota hiltzen den baserritarrarena egiten dut. Bigarrenean bere maitea salbatzen saiatzen den izpiritua edo mamua naiz.

Igor Yebrarekin 'El lago de los cines' egin zenuen, Julietarena ere egin duzu. Zein pertsonaia errepikatuko zenuke?

Asko errepikatuko nituzke. Azkenean, pertsonaia aldatu egiten da emanaldi bakoitzean, interpretazioa aldatu egiten baita saiotik saiora. Tatiana John Crankoren Onegin koreografian, Marguerita Gautier John Neumeier-en La Dama de las Camelias lanean...eta jakina, Christian Spuck-ek niretzat egindako pertsonaia, Lulu. Izugarri gozatu nuen, Lulu ni nintzela sentitu nuen.

Eta aukera izanez gero, zein obra gustatuko litzaizuke interpretatzea?

Baditut batzuk buruan: El cascanueces, La Bayader... Eta benetan egin nahi dudana Kenneth MacMillan-en Manon balleta da.

Moskuko Balletarekin etorri zara, baina zure konpainia Stuttgart Balleta da. Erritmo bizian lan egiten omen duzue.

Ehun bat emanaldi egiten ditugu urtean. Bi bira gutxienez. Topera gaude. Estreinaldi asko ditugu eta pieza berri pila bat ikasi behar ditugu, koreografoekin lan handia egiten baitugu.

Sakrifizio gogorra dirudi...

Bai, baina nik asko disfrutatzen dut. Dantza halakoa da eta ez naiz inoiz mundu honetan sartzeagatik damutuko. Dantza maite egin behar duzu mundu honetan lan egin ahal izateko. Bestela, ezinezkoa da luzaroan mantentzea. Sakrifizio handia da, hainbat gauzei ezetz esan behar diezu, ordu asko dira...eta familia urrun utzi behar duzu.

Zer ematen dizu dantzak beti lan egiteko energia izateko?

Eszenatokira igotzen naizen momentu hori. Badakizu zer den garrasi egiteko gogoa izatea eta erreprimitu behar izatea jendez inguratuta zaudelako? Niretzat eszenatokian dantzatzea mendira joan eta garrasi egiten hastea bezalakoa da. Hustu egiten naiz. Erabateko lasaitasuna sentitzen dut.

Etxean dantzatuko duzu bihar, urduri al zaude?

Bi aste eman ditut urduri. Errespetu handia diot bertako publikoari. 12 urte nituenetik ez dut Victoria Eugenian dantzatu. Orain profesional gisa itzuliko naiz. Nire familia, lagunak, nire irakaslea...mundu guztia egongo da bertan!

Espainiako Dantza Sarirako hautagaia zara. Harrituta al zaude?

Ahozabalik geratu nintzen. Eta batez ere harrituta geratu naiz Gipuzkoako Dantzaren Profesionalen Elkarteak emandako babesarekin. Benetan eskertzen dut pertsona guztien laguntza.

Antzezpen kategoriako saria lortuko zenuke. Dramatismoa al da zure bereizgarri nagusia?

Pertsona bezala beti izan naiz dramatiko samarra. Lagungarria da eszenatokia zapaltzeko orduan. Ez dut inoiz lotsarik izan. Pasa egiten banaiz, pasatzen naiz. Berdin zait. Teknika garrantzitsua da, baina ikusleei negar edo barre eginaraztea da garrantzitsuena. Pirueta bat gaizki ateratzen bazait bada haserretuko naiz baina... bestea garrantzitsuagoa da.

Ikasbide Ikastolan ikasketak bukatu eta Alemaniara joan zinen. Oso gaztea zinen. Gogorra izan al zen lagunak eta familia uztea?

Bai, 14 urterekin joan nintzen. Aldaketa izugarria izan zen. Lehen urte hartan itzultzear izan nintzen. Adin horrekin nire ama gabe egotea ez zen batere erraza izan. Hasieran zailena hizkuntza izan zen. Niri izugarri gustatzen zait hitz egitea eta pentsa, ez nekien alemanieraz ez ingelesez. Ikaragarria izan zen. Hiru hilabetetan alemaniera ikasi nuen, bestela... Eta janaria! Hamalau urte eman ditut eta oraindik ez naiz ohitu. Gorroto dut.

Halere, aurrera egin zenuen.

Oso argi neukan dantzaria izan nahi nuela. Momentu hura aprobetxatu behar nuen, soilik une hartan izango nuen aukera hura.

Maletak hartu eta Alemaniara joan zinenetik nolakoa izan da zure bizitza?

Lan handia egin dut. Orain meritu handiak lortu ditut. Dantzatu nahi izan dudana eta gehiago dantzatu dut. Ez nuen inoiz pentsatu orain nagoen lekura iritsiko nintzenik eta oso pozik nago.

Dokumentuaren akzioak