Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzatik hautetsontzietara

Dokumentuaren akzioak

Dantzatik hautetsontzietara

Egilea
Naroa Torralba Rodriguez
Komunikabidea
Berria
Tokia
Getxo
Mota
Albistea
Data
2023/07/19
Lotura
Berria

Getxoko Itxartu dantza taldea, artxiboko irudi batean.

Getxoko Itxartu dantza taldea, artxiboko irudi batean. UNAI ESCORIAL

Espainiako hauteskunde orokorrak uztailaren 23an egingo direnez, Getxoko (Bizkaia) 38. Nazioarteko Folklore Jaialdia aurreratu egingo da. Muxikebarri zentroa hautesleku izaten da, eta hantxe egin ohi dute jaialdia. Beraz, ostiraletik igandera egitekoa zen jaialdia gaurtik etzira egingo dute. 20:00etan hasiko dira emanaldi guztiak, eta parte hartzaileei ere eutsi egin diete: gaur Liga Tari Kirdabudaya Indonesiako taldea arituko da; bihar, Mexikoko Grupo Folklorico Chihuahua; eta etzi, Getxoko Itxartu dantza taldeak itxiko du egitaraua. Hala, etziko aurreikusitako emanaldiak ez du aldaketarik izango.

Liga Tari Kirdabudaya taldeak Indonesiako tradizioen ikuspegi osoa eskaintzen du, antolatzaileen hitzetan; Aceh eskualdetik (Sumatra) hasi eta Javara. Jantziak askotarikoak dira, eta Indonesian esanguratsua den Batasuna aniztasunean leloa errespetatzen ei dutelako guztiek. Izan ere, herrialdeak 14.000 uharte txiki ditu, eta irla horietako paisaien, herrien eta jantzien aniztasuna erakusten du leloak. Sumatra, Borneo, Java, Celebes eta Molukak dira ezagunenak.

Erlijioa eta erritualak oso errotuta daude haien adierazpen artistikoaren formetan, eta, haien sinesmenetan oinarriturik, izaki ikusezin batzuekin komunikatzeko bide gisa hartzen dituzte.

Musikak bi edo hiru danborreko gong txikiak (tam-ubt) ditu ezaugarritzat, eta horiei metalofono batzuk gehitzen zaizkie. Indiako kulturak nabarmen markatzen du dantza, epopeia hinduetatik datozen atal batzuk irudikatzen baititu maiz. Zehaztasun handiko keinuek, bereziki lepoa, ukabilak eta eskuak erabiliz egiten direnek, beren jatorria erakusten dute.

Asiatik Ameriketara 

Viva Chihuahua taldea 2004an sortu zen, Ciudad Juarezen (Chihuahua, Mexiko), Adrian De la Rosa irakaslearen zuzendaritzapean. Hasieratik, aurkezten zituzten ikuskizunak kalitate handikoak izan dira. Hori dela eta, sona handia lortu dute, eta, Mexikoz gaindi, nazioarteko hainbat antzokitan ere egin izan dituzte emanaldiak.

18 urte hauetan, Viva Chihuahuak bere arte eszenikoa Mexikoko errepublikako hainbat estatutara eraman du: Nuevo Leon, Queretaro, Guanajuato, Sonido eta Michoacan.

Iaz, Mexikoko artea eta kultura erakusteko ohorea eta ardura izan zuen Europan. Espainian ere izan ziren, hainbat musika eta dantza jaialditan. Euskal Herrian, Getxoko Folklore Jaialdian ez ezik, Elai Alai taldeak Portugaleten (Bizkaia) antolatzen duen jaialdian ere izango dira.

Getxoko anfitrioia Itxartu dantza taldea izango da. Etzi itxiko du nazioarteko jaialdia. Sortu zenetik, euskal dantzak eta kultura berritzeko lana egin du elkarteak, dantzari berriak sortuz. Aurtengo emanaldia Asier Bilbao Goitiak zuzendu du, eta pandemiak gizartean eragin dituen emozioak aurkeztuko ditu, Euskal Herriko dantza eta musikaren bidez. 

Getxoko 38. Folklore Jaialdia

Gaurtik etzi arte, 20:00etan, Getxon (Bizkaia).

Dokumentuaren akzioak