Dokumentuaren akzioak
Dantzatik euskal munduari begira
Belaunaldiz belaunaldi elkarrekin bizitzeko dantza bat transmititu dute euskaldunek. Honen harira, euskal dantzak publiko zabalari ezagutarazi nahian, 'Soka, euskal dantzaren urratsetan' erakusketa ibiltaria Biarritzen egongo da ikusgai urriaren 11ra arte. Euskal Kultur Erakundeak (EKE) ekoizturiko proiektua, Etxepare Euskal Institutuak babestua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostia 2016ren partehartzearekin, multimediak eskaintzen dituen aukeretan oinarritzen da, dantzaren aurpegi sozial, historiko eta artistikoak agerian utziz. "Euskara eta euskal dantza, horiek dira euskaldunek komunikatzeko, sentitzeko eta bizitzeko dituzten berezko lengoaiak. Hitzen bidez gorpuzten da euskara, gorputzaren bidez hitz egiten du Euskal dantzak. Dantzatik euskal munduari begiratzen dio erakusketa honek", azaldu dute antolatzaileek.
Eduki aberats eta desberdinak eskainiko ditu eta lau hizkuntzatan (euskara, frantsesa, gaztelera, ingelesa). Uda honetan, Boisen antolatu den euskal jaialdian egon da ikusgai eta urriaren 11ra Biarritzeko Santa Eugenia elizpean egongo da. Erakusketa egunero zabalik egongo da, 14:00etatik 19:00etara, asteartetan izan ezik, eta sarrera doan izango da.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, 150 metro karratuko eremuan, gaiaren inguruko 400 ilustrazio baino gehiago egongo dira kontsultagarri: argazki eta irudi bildumak, lekukotasun atalak, soinu zatiak, besteak beste. Horrez gain, artxibo horiei gehitu behar zaizkie zazpi bideo sorkuntza original era Sokarentzat eginak izan diren argazki andana bat ere. Ikusentzuneko laneen artean, aipatzekoak dira euskal dantzaren estetikaz edota alderdi sozialaz eginak izan direnak. Bestalde, EKEk sortutako 'Eleketa' ahozko memoriaren bilketan euskal dantzaren inguruko lekukotasun ugari grabatuak izan dira, eta horien zati ezberdinak ikusgai egongo dira erakusketan.
Artxibo bitxiak
Erakusketaren edukien aberastasun guztia jendeen esku urteko, 14 ukipen-pantaila, formatu handiko 4 HD telebista, 6 koadro numeriko, 15 ordenadore, 6 irakurgailu eta bi bideoproiekzio eremu baliatuko dira. Halaber, erakusketaren partaide den Euskadiko Filmategiko artxibo baliotsu batzuk erakutsiko dira.
Hainbat artxibo bitxiak izango da ere. Esaterako, argazki-kazetaritzaren sortzaileetarik bat izan den Robert Capa-k (Endre Friedmann, 1913-1954) 1951ko abuztuan Saran egin zituen argazkien bost erreprodukzio ikusgai izango dira erakusketan. Balio handiko dokuementu eder hauek New Yorkeko International Center of Photography zentroarenak dira.
Bisitaria bost eremu tematikoren inguruan egitaratutako espazioan ibiliko da eta nahi bezala egin daiteke, edozeinetik hasi eta amaitu. Hala ere, hilaren 26an, goizeko 10:30etan bisita gidatu bat antolatuko da bertsolari batek zuzenduta. Ondoren, dantza erakustaldi bat egongo da Kalean zehar Biarritzeko euskal dantza taldeen eskutik.
Dokumentuaren akzioak