Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzatik euskal kulturara

Dokumentuaren akzioak

Dantzatik euskal kulturara

450 bat angeluar bilduko ditu lehen aldikotz antolatuko den Kabalkadak ekainaren 2an.

Egilea
Nora Arbelbice
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Angelu
Mota
Erreportajea
Data
2002/05/22

Orotara 450 bat angeluarrek parte hartuko dute ekainaren 2an antolatua den Kabalkadan. Makilaria, zaldun, zapur, basa andere, zirtzil eta dantzariak, hots, kabalkadak osatzen dituzten pertsonaiak dantzan ariko dira Angelun gaindi. Herria batuko duen egun bat izateko itxaropena dute Kabalkadak ekitaldia antolatu duten bederatzi elkarteek.



Angeluko Ibaialde, Hardoytarrak, Angeluarrak, Angeluzain, Angeluko ikasleak, Angeluko ikastola, Ipar Izar eta Ikas Bi elkarteak bildu dira ekimen horrentzat. Ez dute egun «fokloriko huts bat antolatu nahi izan», André Perret Angeluzaineko lehendakariak zehaztu zuenez, baizik eta «zinezko ekitaldi kultural bat». Izan ere, euskal kultura bultzatu nahi dute, eta baita jendea horretaz informatu ere.



Ekimen bateratu baten inguruan elkarteak elkartzea nahi izan dute, «herri animazio» bat sustatzeko, hiria mugiarazteko gisakoa. Era batean, hori jadanik lortu dute. Izan ere, parte-hartzaileen 250 bat antolatzaileetatik hurbil badira, besteek ez zuten hasieran deus ikustekorik.



80 musikarik lagunduak, denek batera, ekainaren 2an goizeko 10:00etan desfilea hasiko dute Choisy kirolzelaitik. Kabalkada tradizionala bezala Tobera bat ere emanen dute ondotik. Gaur egungo gizartea salatuko du. 12:00etan Herriko etxean ikusten ahalko da. Bazkaria eta arratsaldeko ekitaldiak ere bertan iraganen dira. Oskorrik urririk eskainiko du kontzertua 19:30ean.



Horrez gain, kabalkadei buruzko erakusketa bat xutik ezarria dute Angeluko liburutegian. Hilabete batez ikusten ahalko da. Garaztarrak Donibane Garaziko dantza taldeak sortu zuen erakusketak kabalkadaren historia berriz hartzen du.



Kabalkada, euskal nortasunaren onarpenaren bidean



Mutxikoak hilabetero dantzatzeko aukera bada orain bost bat urte eskaintzen dutela Angelun. Horretatik Kabalkadak antolatzera bide luzea iragan dute bertako elkarteek. Duela bost bat urte, Angelun ikastola bat aldarrikatzeko hasi ziren euskal dantzak. Manifestazio soil bat egiteko ordez, besta giro baten piztea egokiagoa atzematen zuten.



Ez zen istilugabekoa izan hasieran. Angeluko Herriko Etxeari jendarmeak bidaltzea gertatu zitzaion. Geroztik bidea egin du euskal kulturak herrian. Kabalkaden proiektuarekin Herriko Etxea erabat alde agertu da. «Ate guziak ireki» ditu Michel Doihanbehere Ibaialde eta Angeluzaineko kideak azaldu zuenez. Oihal etxeak, komunikazioa eta beste gauza franko bere esku hartu ditu.



«Aurreko hauteskundeetan hiru abertzale kontseiluan sartzearekin gauzak zabaldu zirela ohartu eta hori erabili dugu kabalkadak antolatzeko», gehitu zuen. Udal aholkulari batzorde bat ere sortu berria du herriak. Euskal eta gaskoin kulturak nola lagundu daitezkeen ikusiko du honek.



Ukanen du zer aholkatu nahi badu. Izan ere, ezkontzak eta beste horrelako akta zibilak euskaraz egiteko aukera ukateko kanpaina Angelun abiatu bazen, Herriak berak ez du oraino agiririk izenpetu. Seinaleak ere oraino soilik frantsesez daude.



Jean-Marc Landaretxe ibaialdeko kidea



«Euskal dantzetan dagoen eskaera baliatuz jendea euskal kulturara hurbiltzeko ari gara»



Nora Arbelbide / Baiona



Elkarteen arteko elkarlan bati esker Kabalkada antolatu eta Tobera bat ere idatzi dute. Ekitaldi kulturala baino gehiago jendea euskal kulturara zabaltzea nahi dute.



•Laurehun bat angeluar biltzeak zerbait erran nahi du, ez?



Bada orain bost urte hilabetero mutxikoak ematen ditugula. Aldi oroz 200 bat jende hurbiltzen da gaur egun. Kantuaren inguruan ere galdera handia bada. Hori baliatu nahi dugu jendeak aitzin urrats bat egiteko, euskal kulturara oraino gehiago hurbiltzeko.



•Justuki, eskainiko duzuen Toberan hizkuntzari buruz jendea hunkitzen saiatuko zarete, ez?



Baiona-Angelu-Miarritze alde honetan euskara galtzen ari dela da Toberaren mezua. Horretarako fikziozko istorio bat asmatu dugu. Bi gazte auto istripu baten ondoren hil eta Paradisura heltzen dira. Hor auzitegi batekin topo egiten dute. XVII, XVIII eta XIX. mendeko arbasoak dituzte epaileak. Hauek euskara eta gaskoina dakite bakarrik. Ezin dute elkarrekin komunikatu.



•Angeluko historia aipatzen duzue...



Manex Goienetxe historialariak lagundu gaitu horretarako. Toberan, besteak beste aipatzen dugu nola lehen Angeluko biztanleak gehienbat idizainak ziren. Idiekin Baionara joaten ziren burgesien barrukien hustera, haien kaka biltzera.



•Gaskoinari tarte bat eman diozue, zendako?



Tobera hiru hizkuntzetan emanen dute. Lehen, familiek gaskoina eta euskara hitz egiten zituzten. Euskarak eta gaskoinak arazo berak dituzte. Hobe beraz elkarrekin hartzea elkarren aurka baino.



•Tobera eta oro har kabalkadik ez da behin ere egin Angelun gaur egun arte, ez da bertako kultura, ez?



Bai. Baina hori berdin zaigu. Nahasketaren alde gaude. Ez gara batere puristak. Helburua ez da tradizio baten segitzea.

Dokumentuaren akzioak