Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzariz beteko da Segura larunbatean

Dokumentuaren akzioak

Dantzariz beteko da Segura larunbatean

47. Euskal Herriko Dantza Txapelketa eta 6. Dantza Eguna ospatuko dituzte segurarrek larunbatean.
Egilea
Leire Perlines
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Segura
Mota
Albistea
Data
2023/10/17
Lotura
Goierriko Hitza
https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/10/whatsapp-image-2023-10-17-at-13-13-53.jpeg
Saioa Galarraga eta Iker Murgiondo 2022ko txapeldunak dantzan / Argazkia: Segurako Udala

Larunbat honetan, hilak 21, 47. Euskal Herriko Dantza Txapelketa eta 6. Dantza Eguna ospatuko dituzte Seguran. Txapelketa 18:00ean izango da, Segurako Baratze Pilotalekuan.

1977. urtean ospatu zen lehenengoz Seguran Euskal Herriko Dantza Solteko Txapelketa.  1981ean Segurako Udalak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari dantza txapelketa hura betiko Seguran ospa zedin eskatu zion. Eskatu eta egin. Guillermo Areizaga Intxausti zen orduko alkatea, eta 1991n hil zen. 1994. urtetik, haren omenez, Guillermo Areizaga saria ematen da lehen aldiz aurkezten diren bikoteen artean sailkapen onena izan duenari.

Hasiera batean frontoi zaharrean egiten zen txapelketa, baina 1983tik Baratze Pilotalekuan izaten da. Leku aldaketa, ordea, ez da izan Dantza Txapelketak izan duen aldaketa bakarra; data ere mugitu baitute urteen poderioz. 1997 eta 2008 artean ekainean, herriko festetan, ospatzen zen txapelketa hori, baina 2009an urrira pasa zuten denboraldi amaieran txapelketa nagusia egiteko asmoz.

47. edizioa
Aurtengo lehiaketan Euskal Herriko 13 bikote lehiatuko dira, eta denek Segurako Udalak argitaratutako oinarrietan ezarritakoaren arabera eman dute izena. Dantzariek zortzi pausoko fandangoa txistuz Kriseilu Txistulari Taldearen musikarekin, edo albokaz Ibon koteron eta Ruben Isarekin, eta Arin-Arina trikitiaz Estanga anai arreba trikitilarien piezarekin dantzatuko dituzte.  Bi pieza ezberdin tartekatuz joko dituzte.

Parte hartuko duten 13 bikoteen artean, epaimahaia osatuko dutenen artean eta jantzi epaileen artean, ez dago goierritarrik.

Txapelketaren atsedenaldian Haatik Dantza Konpainiaren Errimak bi oinetan emanaldiaren zati bat egongo da.

Sariak

  1. Saria: Segurako Udalaren sari nagusia: Aitor Ruiz de Egino eskultura egilearen garaikurra. Bikote txapeldunak ordezkatzen duen udaletxean gordeko da hurrengo txapelketa ospatu arte, eta udal bat eskulturaren behin betiko jabe egingo da ordezkatzen duen bikote berak txapelketa hiru urtez jarraian edo bost urtean hiru aldiz irabazten duenean. Horretaz gain, 800€, oroigarria, txapela, lepokoa eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak emandako trofeoa ere eskuratuko dituzte.
  2. Saria: 600€ eta oroigarria.
  3. Saria: 500€ eta oroigarria.

Dantza jantzien saria: 150€

Guillermo Areizaga sari berezia ere emango dute, bai eta lurralde bakoitzetik ongien sailkatu den bikoteari. Azken sari hau foru aldundiek emango dute. Bestalde, hiru lehenengoen artean sailkatu ez diren bikoteei 200€ emango zaie.

ETB 1ek zuzenean emango du saioa, eta Imanol Artola, Izaro Iraeta goierritarra eta Ainhoa Vitoria izango dira aurkezleak. Dantza aditu lanetan Xabier Artola arituko da; ekitaldi guztia euskara hutsean izango da. Hemen, txapelketaren informazio gehiago.

6. Dantza eguna

2016an bete zituen Euskal Herriko Dantza Txapelketak 40 urte, eta hori ospatzeko asmotan, 1. Dantza Eguna antolatu zuten segurarrek. Egun hori ospatzearen helburu nagusiak herri osoan dantza giroa egotea eta dantza pilotalekutik atera eta edonork dantza eginez egunaz gozatzea da.

12:00 Dantzarien topaketa plazan eta entsegua

12:30 Azpilla Dantza Elkarteak gidaturik herritar guztien polka

13:00 Haatik dantza konpainiaren Errimak bi oinetan emanaldia plazan

Ondoren Herri Bazkaria Erreboteko karpan.

18:00 47. Euskal Herriko Dantza Txapelketa Baratze Pilotalekuan

Dantza Txapelketa ikusteko sarrerak salgai daude interneten zein udaletxean edo egunean bertan.

Dokumentuaren akzioak