Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Dantzariok aktore fisikoak gara»

Dokumentuaren akzioak

«Dantzariok aktore fisikoak gara»

Donostiatik Alemaniara alde egin zuen Iratxe Ansak ikasketak egitera. Ostegunean 'Al desnudo' ikuskizuna aurkeztuko du Bilboko Arriaga antzokian, Igor Bacovichekin batera.
Egilea
Olatz Enzuza
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2021/02/16
Lotura
Berria
IRATXE ANSA

Euskal koreografo eta dantzari nazioartekoenetako bat da Iratxe Ansa (Donostia, 1976). Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan graduatu zen, eta Stuttgarten (Alemania) eman zien segida dantza ikasketei. 1993az geroztik, nazioarteko hainbat konpainiatako kide izan da, baina 2009an Nederlands Danse Theatre utzi zuenetik, bakarkako ibilbidea egiten ari da. 2019an Metamorphosis Dance konpainia sortu zuen Igor Bacovich dantzari eta koreografo italiarrarekin elkarlanean, eta, ostegun honetan, Bilboko Arriaga antzokian egongo dira biak euren sorkuntza lana aurkezten: Al desnudo. Joan den urtean Espainiako Dantza Sari Nazionala jaso zuen.

Gero eta gutxiago falta da osteguneko ikuskizunerako. Urduri al zaude?

Urduri baino gehiago, gogotsu nago. Itxialdian sortutako ikuskizuna da, eta oso pozik nago Bilbon aurkeztuko dugulako. Gainera, egoera nola dagoen ikusita, pozgarria da halako emanaldiak mantentzea eta publikoarekin partekatzeko aukera izatea.

Zer ikusiko du publikoak Arriagako agertokian?

Zalantzarik gabe: dantza. Kontrasteen arteko jolasa da, oso fisikoa, eta ikusleek gu garen bezala ikusiko gaituzte, gure osotasunean. Hala ere, ez dut gehiago aurreratu nahi, hobe da sorpresa izatea.

Dantzaz gainera, alderdi bisuala eta eszenografia asko zaintzen dituzue zuen emanaldietan.

Irudiak berebiziko garrantzia du guretzat. Azken batean, gauza asko transmititzen dira irudi bakar baten bitartez. Urte asko daramatzagu profil estetiko hori lantzen, eta asko zaintzen dugun atala da.

Dantza eta antzezlana eskutik helduta doaz Al desnudo ikuskizunean?

Bai, noski. Gorputzaren adierazpena da dantza. Dantzaria etengabe ari da zerbait adierazten: besoekin, hankekin, aurpegiarekin... Hau da, zerbait kontatu edo transmititu behar du dantzan dagoen bitartean, eta ikusleak hori sentitu behar du. Alde horretatik, esan daiteke dantzariok aktore fisikoak garela.

Pandemiaren ondorioz, asko jaitsi da ikusle kopurua. Eraginik nabaritu al duzue?

Argi dago jendea beldur dela; baina, aldi berean, iruditzen zait ikuskizunetara joateko gogotsu dagoela. Madrilen Al desnudo estreinatu genuenean, sarrera guztiak agortu ziren. Egia da edukiera murritzagoa dela eta jende gutxiago sartzen dela, baina publikoak badaki ikuskizun bat egiteak zer-nolako lana eta zailtasunak dituen atzetik.

Nondik datorkizu dantzarako zaletasuna?

Dantza nire bizitza da. Ez nuke zaletasun bat dela esango, bokazio bat da: erabateko askatasuna dut oholtzan, eta horretaz bizi ahal izatea zoragarria da. 

2009an bakarkako ibilbideari ekin zenion. Zerk bultzatu zintuen aldaketa hori egitera?

Zerbait naturala izan zen: nire identitate propioa eraikitzeko gogoa nuen, eta freelance hasi nintzen. Azken finean, nire proiektuak sortzeko askatasuna izan nahi nuen, dantzari gisa aurrerapausoak ematen jarraitu ahal izateko. Horrez gainera, 2019an Igor Bacovichekin batera Metamorphosis Dance konpainia sortu nuen, eta pixkanaka, geure burua definituz eta ikertuz joan gara.

Atzerrira joatea beharrezkoa da dantzari moduan bidea egiteko?

Baietz esango nuke. Besteak beste, Espainian konpainia bakarra dagoelako. Hala ere, norberak dituen nahien eta helburuen araberakoa da. Nire kasuan, artista jakin batzuekin lan egitea zen asmoa, eta ikusi nuen gogor lan eginez gero helburu hori lortzeko aukerak nituela. Hortaz, norberak hartu beharreko erabakia da.

Zer eman dizu dantzak?

Poztasuna, eta, horrekin batera, beste hainbat gauza on: txikitatik hainbat hizkuntza ikasi ditut, asko bidaiatu dut, jende berria ezagutzeko aukera izan dut... Hau da, niretzat helburu bat izan da, eta formakuntza bat jaso dut hori egin ahal izateko. Izan ahal nuen oparirik onena jaso dut, baina ahalegin handia egin behar izan dut nagoen lekura iritsi ahal izateko.

Diziplinarekin eta sakrifizioarekin lotzen da sarritan dantzaren mundua. Hala bizi duzu zuk ere?

Diziplina eta sakrifizioa ez ditut zerbait negatibotzat hartzen. Zure gorputzarekin etengabe lanean ari zara, eta badakizu pasio hori lortzeko ahalegin handia egin beharko duzula. Hortaz, sakrifizio moduan ikusten baduzu, agian ez duzu horren gustuko, ez? Norberak hartzen dituen erabakiak dira, eta, nire kasuan, beharrezkoa zen diziplina hori izatea nik nahi nuen lekura iritsi ahal izateko.

20 urtetik gorako ibilbidea duzu dantzaren munduan. Zaila izan da zauden lekura iristea?

Bai, baina are zailagoa da bertan mantentzea. Lan handia egin behar da, daukazun onena eman behar duzu une oro, eta, aldi berean, egiten duzun horrekin gozatu behar duzu.

Espainiako Dantza Sari Nazionala irabazi zenuen urrian. Zer esanahi izan du zuretzat aitortza horrek?

Egia esan, ez nuen espero inondik inora ere sari hori irabaztea. Emozioz eta pozez jaso nuen albistea, eta oso eskertuta nago. Urte asko egin ditut atzerrian, etxetik kanpo, eta nitaz gogoratu izanak ilusio handia egin dit.

Aurrera begira, zein asmo duzu?

Gustuko dudan hori egiten jarraitu nahi dut, nire onena ematen. Horrez gainera, gauza berriak eskaintzen jarraitu ahal izateko, leku finko bat behar dugu, eta horretan gabiltza momentu honetan. Entseatzeko gunerik izan ezean, ezin daiteke produkturik sortu. Hortaz, asmo bat baino gehiago, beharrizan bat da. Leku egonkor bat eta dantzari finkoak lortuz gero, kalitatezko produktuak sortu ahal izango ditugu.

Dokumentuaren akzioak