Dokumentuaren akzioak
"Dantzarik gabe festarik ez da"
Itxaropena, bezperatik azken unera arte. Herriko dantza taldeak botako du txupinazoa gaur, eta dantzariekin bukatuko dira jaiak, berrikuntza eta guzti.
Erloju kontra, koreografia eta dantza ezberdinak fintzen aritu dira Itxaropena dantza taldeko kideak abuztuko oporralditik bueltan. Izan ere, ez dute edonolako ikasturte hasiera Zestoako dantzariek: joan zen igandean, Txistularien Alardean parte hartu zuten; gaur, Ama Birjina bezperako txupinazoa botako dute udaletxeko balkoitik; igandean, azken urteetan ohikoa bihurtu denez, dantza taldekoak izango dira jaien agurreko ekitaldiko protagonistak; eta bihar, aurtengo amabirjinetarako berreskuratu duten soka dantza, dantza soka edo dantzaurrearen lehen ekitaldian ariko dira.
Hitzordu asko eta askotarikoak, eta guztietan txukun aritzeko lan egin behar. Denboraz estu, baina gogoz zabal, Idiazpi auzuneko lokalean orduak eta izerdia botatzeko prest.
COVID-19aren pandemiak ekarri zuen festarik gabeko bi urteko etenaren ostean, Itxaropenakoak izango dira amabirjinnen itzulerako txupinazoaren protagonistak. Taldekideek “ezustean” hartu zuten txupinazorako gonbita. “Pandemiaren aurretik, txupinazoa nork bota erabakitzeko galdeketa egin zuten, eta bagenekien bigarren gelditu ginela, baina ez genuen espero aurten guri eskaintzea. Aurten ez da halako galdeketarik egin, eta, agian, aurreko zerrenda hura erabiltzea pentsatuko zuten”, kontatu dute. Hasierako ezustekoa gandituta, “ilusioa” nagusituz joan da taldekideen artean.
Joan den ostegunean hitz egin zuten UROLA KOSTAKO HITZArekin eta artean ez zekiten taldeko nork piztuko zuen lehen suziria, ezta taldekide guztiek izango al zuten udaletxeko balkoira irteteko aukera ere, baina esperientzia berriaz gozatzeko gogoz zeuden. Guztira, 60 bat kide ditu gaur egun Itxaropena dantza taldeak, hogei nagusien taldean, eta gainerakoak haurren eta gaztetxoen taldeetan; gaurko ekitaldian guztiak elkartzea eta gaztetxoenek ere txupinazoan parte hartzea da taldekideen nahia.
Dantzari bere tokia
Berez txupinazorako aukeratu izanarekin zerikusirik ez duen arren, hil honetan beteko dira 35 urte gerora Itxaropena bihurtuko zenaren lehen dantza eskolak hasi zituztenetik. Xabier Bidezabal izan zen Zestoan eskolaz kanpoko ekintzen barruan saio haiek ematen hasi zen azpeitiarretako bat; 35 urteren ondoren, Itxaropenan jarraitzen du Bidezabalek.
Itxaropenakoek inoiz baino presentzia handiagoa izango dute aurtengo amabirjinetan, baina horrek “zerikusirik ez” du txupinazoa herriko dantza taldeak botatzearekin. Urteetan festa egitarauan ia tokirik ez du izan dantza taldeak; “aurreskuren bat” edo “Jubilatuen Egunean saiotxoa” izan ohi ziren Itxaropenakoen ekarpenak. Azken urteetan, ordea, aldatzen ari dira gauzak. 2017an, zahagi dantza berreskuratu zuten dantza taldekoek festetarako. Ama Birjin jaien azken eguneko azken ekitaldia izan zen zahagi dantzaren kalejira pandemiaren aurreko hiru urteetan, eta aurten ere hala izango da. Epe laburrean indarra eta herritarren artean sona hartu duen ekitaldia izan da zahagi dantzariena: 2022ko amabirjinen egitarauren azala zahagi dantzaren marrazki bat da.
Eta aurten, gainera, berreskuratutako beste dantza ekitaldi bat gehitu dio Itxaropena taldeak jaietako egitarauari: soka dantza, dantza soka edo, egitarauan jasoa datorren gisa, dantzaurrea. Dantza horrek tradizio handia izan du herri askotan; batzuetan mantendu egin dute, eta beste batzuetan galdu egin da –Zestoan, esate baterako–. “Zaharrek kontatu izan digute, zahagi dantza bezala, dantza soka egiten zela lehen Zestoan. 2017an zahagi dantza berreskuratu genuenean ere bagenuen buruan egunen baten soka dantzarekin gauza bera egitea, eta aurten animatu gara”, azaldu du Amaiur Aristik.
Aurten itzuliko dira dantzaurreak festetara, eta pluralean; izan ere, hiru ekitalditan dantzatuko dute soka dantza. Bihar, Ama Birjin egunarekin, udal ordezkariak aterako dira sokan plazara eguerdi partean, Itxaropenakoek lagunduta. Igandean, berriz, jaietako azken egunean, bi dantzaurre egingo dituzte: Umeen Eguna izaki, haurrek beren zahagi dantza eta soka dantza txikiak egingo dituzte eguerdian, txupinazoaren ondotik; eta iluntzean, zahagi dantzaren kalejira borobiltzeko, azken dantzaurrea egingo dute Itxaropenakoek plazan.
“Dantzarik gabe festarik ez da”, diote Itxaropenakoek, dantzari herriko jaietan behar duen tokia egiten jarraitzeko prest daudela baieztatzeko.
Gaur arratsaldean hasita, bost egun festaz gozatzeko
Joan den asteburuko sarrerakoen ostean, amabirjinetako errenkada gaur hasiko dute Zestoan. Igande iluntzera bitartean, festak ez du ia etenik izango.
Gaur, Ama Birjina bezperan, arratsaldean hasiko da mugimendua: 19:00etan botako dute txupinazoa, eta musikak girotuko ditu hortik aurrerako orduak, Pantxo Balbuenarekin hasieran, eta Maniturekin eta Mugi Panderoarekin gero.Bihar, Ama Birjinaren egunean, aurtengo berrikuntzetako bat izango da: udal ordezkariek egingo duten dantzaurrea, Itxaropenakoek eta Idiakaitzeko txistulariek lagunduta. 12:00etako meza nagusiaren ondoren izango da hori, plazan, Bandaren kontzertuaren aurretik. Arratsaldean, berriz, aurtengo lehen zekorketa egingo dute –etzi izango da bigarrena eta azkena–, eta Amparito Rocaren doinuak itzuliko dira haren aurretik eta ondoren Erdikalera. Zekorketen bueltako giroaren aurrean, berriz, Gurea Kultura egitasmoa ere itzuliko da, bihar eta etzi, Estazio Zaharraren aurrera, hainbat talderen kontzertuekin.
Gauetan ere ez da musikarik faltako Laranjadi plazan, ezta afizionatu zein profesionalen pilota partidarik edota haurrentzako ekintzarik ere, ekitaldiz betetako festa egitarauaren barruan. Hain zuzen ere, lotura honetan jasota daude guztiak.
Dokumentuaren akzioak