Dokumentuaren akzioak
Dantzarien bilkura
Zortzi dantza talde nagusi daude Iruñean, eta, normalki nork bere jarduerak eta egitasmoak antolatzen baditu ere, zenbaitetan bildu egiten dira, nola ez, elkarrekin dantza egiteko. Ekitaldi horietako bat da Iruñeko Dantzarien Topaketa. Urterik urte auzo batean izaten da. Gaur, Azpilagaña auzoan bilduko dira dantzariak.
Irudama Iruñeko Dantzarien Mahaiak antolatzen du topaketa, eta aurten zazpigarren aldia izanen du. Amaiur, Duguna, Eluntze, Iruña Taldea, Muthiko Alaiak, Oberena eta Ortzadar taldeek osatzen dute mahaia, eta haiek dantzatzen dira topaketan. Aurten, Amaiur taldeak ez beste guziek parte hartuko dute. Gainera, Mendillorri auzoko Eluntze taldeak lehenbizikoz parte hartuko du, orain arte ez baitzen Irudamako kidea.
Topaketako jarduera nagusiak goizean izanen dira. 11:30ean kalejiran zeharkatuko dituzte Azpilagañako karrikak, eta dantzatzeko geldialdirik ere eginen dute. Ekitaldi nagusia eguerdian izanen da. 12:30ean, Manuel Turrillas plazan elkartuko dira dantza taldeak, eta emanaldia eskainiko dute elkarrekin.
Talde bakoitzak zazpi minutu izanen ditu euskal dantzak plazaratzeko, eta Nafarroa Behereko, Bizkaiko, Nafarroako eta Arabako dantzak plazaratuko dituzte aurten. Bukaeran, jota, porrusalda eta jauzi bana joko dituzte, dantzariek ez ezik ikusleek ere parte har dezaten. Emanaldia bukatuta, bazkaria eginen dute besta gunean, eta, arratsean, dantzaldia Karrikadantza taldearekin. Topaketa Azpilagañako bestetako egitarauan txertatu dute, eta auzoko jai batzordearekin elkarlanean aritu dira.
Dantzak batuta
Irudama 2012. urtean sortu zen, eta hurrengo urteko San Fermin Txiki bestetan antolatu zuten lehenbiziko topaketa. Sergio Espuelas Irudamako bozeramaileak azaldu du zein izan ziren elkargunea sortzeko arrazoiak: «Gure hirian dantzak presentzia handiagoa izatea eta dantzarekin zerikusia duten talde jarduerak abian jartzea zen helburua». Lehenbizikoa Alde Zaharrean egin zuten, Iruñeko besta txikietan, baina hasieratik argi zuten ez zela beti horrela izanen: «Argi genuen ez genuela nahi jarduera guztiak Alde Zaharrean egiterik». Horregatik, topaketaren lekua urterik urte aldatzen da. Dagoeneko egin dute Sanduzelain, Txantrean, Iturraman, Arrosadian eta Arrotxapean, eta, ordenari jarraikiz, heldu den urtean Donibanen izanen da.
Topaketa hauen bidez, Iruñeko taldeen arteko harremanak eta elkarlana «azkartu» egin dela esan du Espuelasek. «Hori onuragarria da euskal dantzarendako». Azpilagañako bestak pasatuta, elkarrekin aritzeko hurrengo parada sanferminetako lehenbiziko egunean izanen da, Iruñerriko taldeekin batera.
Iruñeko Dantzarien Topaketa
Gaur, Iruñeko Azpilagaña auzoan, 11:30etik aurrera.
Dokumentuaren akzioak