Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzarien beharrezko bidelagun ezezagunak

Dokumentuaren akzioak

Dantzarien beharrezko bidelagun ezezagunak

Egilea
Beñat Alberdi
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Oñati
Mota
Erreportajea
Data
2022/06/15
Lotura
Goiena

Doinu bat ezinbestekoa da gerria mugitu ahal izateko, eta, zer esanik ez, dantzaldi ofizial batean baldin bada. Corpus Christi egunean argazkietan agertzen dira San Migel, santuak eta dantzariak; ez, ordea, txistulariak, egunerako ezinbesteko piezak

Dantzariak non, musikariak han, edo, kasu honetan, txistulariak han. Beste modu batera ere esan daiteke; hau da, txistulariak non, dantzariak han, baina, normalean, musika eskaintzen dutenen presentzia ez da igartzen, gerria mugitzen dutenena bai.

Corpusetako aste bukaeran, dena den, Oñatz dantza taldekoek beste konpromiso izaten dute txistu jotzaileek, askotan egitarauan agertzen ez diren arren. Lau pertsonak osatzen dute Oñatiko txistu taldea eta agenda dantzariei lotuta dutela azaldu du Aitor Madinak, taldeko zuzendariak: "Dantzaldi bat izaten duten aldiro joaten gara eurekin". Jaso berri dute urterako aurreikusten diren saioen egutegia. Urteak 53 aste bukaera baldin badauzka, hogeitan izango dute konpromisoren bat.

Betebehar horiei agenda propioa ere erantsi behar zaie. Oraindik Udalarekin adosteko dute zenbat kontzertu, kalejira edo diana eskainiko dituzten, baina lanen bat irtengo da.

Hamabostean behin izaten dituzte entseguak lau kideek; betiere, agendaren beharretarako prest egon daitezen. Oñatzek urtero data finko batzuk dauzka, gehiago irteten zaizkie-eta, baina egun horiek markatzen dute musikarien egutegia. Izan ere, egun seinalatu horiek iritsi baino hilabete lehenago, gutxi gorabehera, hasten dira batera entseatzen txistulariak eta dantzariak.

Corpus Christi aste bukaera

Aurten, egubakoitz goizean hasiko dira dantza emanaldiak, eskoletan eta lehen orduan, eta, noski, dantzariak non, han egongo dira txistu jotzaileak. Ostean, landa auzoetatik bira osatu beharko dute. Auzo guztietara ez dira joango, baina euren presentzia bermatuta egongo da askotan; berdin arratsaldean Casablanca, Ugarkalde eta San Martin bisitatzean.

Larunbatean, berriz, kalean ibiliko dira dantzarien pausoa markatzen, goiz eta arratsalde. Dantza taldekoek ez dute deskantsurako tarte askorik izaten, txistulariek ere ez. Hala ere, lauk osatzen dute txistu taldea eta lauren artean banatuko dituzte ostiraleko eta zapatuko lanak.

Bestelakoa izango da domeka. Hasteko, egunak izango duen martxa kontuan hartuta, hau da, jendez lepo egongo dela kalea eta beste mila soinu, bederatzi txistulari arituko dira. Txistu taldetik kanpo kolaborazioa eskatuko dute. "Soinua ondo entzuteko da, besteak beste", argitu du Madinak.

Goizeko bederatzietan hasiko dute eguna, dianarekin. Ostean, dantzariak santuen bila joaten dira auzoetara, elizara laguntzeko. Txistulariek eliza inguruetan itxarongo dituzte, azken tartea musikaz egiteko. Bestalde, San Migel goiaingerua txistu soinuekin lagunduko dute udaletxetik parrokiara. Udaleko ordezkariei ere elizan sartzeko pasilloa egingo diete. Esan gabe doa dantzariek eliza barruan eskaintzen duten ikuskizunaren partaide direla musikariak ere.

Elizbiran dantzak alderik alde eskaintzen dituzte oinkariek, eta alderik alde ibili beharko dute bidelagun ezezagunek, Corpus Christi eguneko abesti propioak joaz.

Domeka arratsaldean izaten dute azken lana. Izan ere, dantza guztiak eskaintzen dituzte plazan bederatzi ordezkariek. Dantzarako musika beharko dute, noski, eta txistu taldekoen esku.

Dokumentuaren akzioak