Azkoitiko Bizkargi eskolako dantzariak, trikitilariak zein pandero jotzaileak eta Txalkor txistulari taldea kalera atera dira gaur, igandea, Dantzarien Udaberri Kalejira egiteko. Dantzari Txiki Eguneko ohiko esentziarekin, baina izen berriarekin atera dira kalera herriko dantzariak udaberriro egiten duten kalejirara.
11:45ean zuten jarrita hitzordua Julio Urkixo etorbidean, baina zeruari begira egon behar izan dute, euriak festa zapuztuko ote zuen edo ez jakiteko. Azkenean, Berdura Plazan egin dute bilkura dantzariek eta musikariek, eta ibilbidea moldatu badute ere, guztiz osatu dute kalejira. Herriko plazatik barrena joanda, Inazio Iriarte Margolaria kalean egin dute lehen geldialdia, Umore Ona elkartearen parean; han dantzatu dituzte eguneko lehen dantzak.
Balda plazara joan dira gero, eta han eskaini dute eguneko bigarren dantzaldia. Euri tantak, pixkanaka-pixkanaka, sarriago hasi dira lurraren aurka erortzen, eta dantzaldi laburra eskaini dute han. Plazaberrian gora abiatu dira segidan, eta plazan egin dute eguneko hirugarren eta azken dantzaldia. Guraso eta herritar talde zabala izan dute une oro atzetik haurrek eta gaztetxoek.