Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzariaren bihotza multimedia euskarrian

Dokumentuaren akzioak

Dantzariaren bihotza multimedia euskarrian

'Taupadak' estreinatu dute Kukai dantza taldeak eta Logela Multimediak, ikuskizun berritzailea

Egilea
Xabier Martin
Komunikabidea
Berria
Tokia
Errenteria
Mota
Erreportajea
Data
2007/06/09

Jon Maiak (Errenteria, 1977) zuzentzen duen Kukai dantza taldearen azken ikuskizuna, Taupadak, berritzailea da zinez. Logela Multimediarekin elkarlanean ekoitzitako produktua izaki, baliabide informatikoak bolo-bolo erabiltzen ditu. Valladolideko (Espainia) Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiko kudeatzaileen eskaera zehatza da Taupadak. Kukaik eta Logela Multimediak elkarrekin kale ikuskizun bat sor zezaten nahi zuten, eta lau hilabeteko lanaren ondotik, Taupadak estreinatu dute maiatzaren hondarrean, hain zuzen Valladolideko antzerki jaialdian. «Txaloaldi izugarria jo ziguten, benetan», dio Jon Maiak, inolako harrokeriarik gabe. Halaber, jaialdiko arduradunak oso gustura geratu ziren; «baina jendea horrela ikusteak betetzen gaitu gehien», dio Maiak, Valladoliden egindako interpretazioaren bideoa ikusten duen bitartean.

Hala, Espainian estreinatu dute obra, baina Euskal Herrian oraindik ez. Uztailean abiatuko da gurean Taupadak, 20 minutuko iraupena duen obra zuzena, «efektista» Maiaren hitzetan. Edonola ere, euskal dantza tradizionalaren pausoak -Gipuzkoako dantzak, arin-arina, fandangoa, Bizkaiko banakoa, Zuberoako hainbat pauso...- eta euskarri berritzaileena uztartzen ditu obra berriak.

DONOSTIAN ETA BILBON. Kukaik orain arte antzokirako egin dituen obra luzeagoak, dela Upeletan erronka, dela Otehitzari biraka edo 1937 gogoaren bidezidorretatik, eta Taupadak bereizi egiten ditu Maiak. «Azken obra hau lan txikiagoa da, enkarguz egina, eta horregatik ez dugu aurkezpen handirik egin». Izan ere, koreografoak aitortu duenez, «dagoeneko errepertorioan zeuden pausoak» erabili dituzte Taupadak osatzeko, «hainbat moldaketa eginez». Dantza «oinarrizkoa da oso». Nolanahi ere, eskaerari erantzuteko Taupadak hainbat lekutan ikusi ahal izango da uda partean; kasurako, Elorrion -Logela Multimediako kideak hangoak dira-, Donostiako Antzerki Ferian eta Bilboko Aste Nagusian.

Oholtzaren gainean diharduten dantzariak dira Taupadak-en osagai garrantzitsuenak, Urko Mitxelena, Alain Maia, Ibon Uharte, Eneko Gil eta Jon Maia bera, baina ez bakarrak. Izan ere, ikuskizunean ezinbestekoak gertatzen dira Logela Multimediak prestatutako irudiak, argi efektuak eta soinuak oro har. Argi kanoiek dantzariak argiz blai uzten dituzte tarteka, haien gorputzak zeharkatu nahiko balituzte bezala, haien barrualdea erakutsi nahian. Eta arnasak finkatzen duen in crescendo erritmoan mugitzen dira dantzariak, taupada hotsen doinuekin bat, gerritik behera irmotasunez eta sarri mugimendu bortitzak gauzatuz. «Obra honetan garbi ikusten da dantza estetikaren zerbitzura dagoela». Irudiak eta soinuak grabatuta daude, baina Logela Multimediako kide bik emanaldi bakoitzean egon behar dute gidoia gauzatzen. Ezeren gainetik obra estetikoa izaki, Taupadak lanak Euskal Herritik at bide oparoa egin dezakeela uste du Maiak, «beste jaialdi handiagoetan, adibidez». Hain zuzen, irailean Tarregako ferian izango dira, Katalunian.

TXISTU ETA ALBOKA ELEKTRONIKOA. 20 minutuko taularatzea birritan egin zuten Valladoliden, hiru ordu laurdeneko atsedenaldia tartekatuta. Agertokia kalea dela kontuan hartuta, «egoki» ikusten du Maiak formula hori. Taularatze horietan txistua eta alboka entzun daitezke musika tresna tradizionalen ordezkari gisa, baina ez betiko moduan, musika elektronikoarekin uztartuta baizik. Musika arloa Ander Garaizabalek eta Gorka Molerok sortu dute, eta emaitza erakargarria da, neurriko fusioa lortu baitute, esperimentazioak gainezka egin gabe. Dela txalaparta, dela arnasaren hotsa edo taupadak, dantzariak beti dauka doinu bat jarraitzeko, baita alboka eta txistua ere. Bideo sormena Karlos Gomezena eta Imanol Garaizabalena da.

Jon Maiak azken sormena bukatu berri du, eta ez da jarri obra berriei begira oraindik, baina uda amaitzean lanerako pronto izango da. «Tanttakarekin dugun elkarlana oso egokia da guretzat, eta haiekin beste obra bat sortzea oso ona izango litzateke».

Obra berriak iristen diren bitartean Taupadak taularatuko dute han eta hemen, Otehitzari biraka ere oraindik interpretatzen ari direla ahantzi gabe.

«Azken obra hau orain artekoak baino txikiagoa da, enkarguz egina, eta ez dugu aurkezpen handirik egin»

«'Taupadak' ikuskizunean argi ikusten da dantza estetikaren zerbitzura dagoela»

Jon maia

koreografoa

Dokumentuaren akzioak