Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzariak, tradizioari eutsiz

Dokumentuaren akzioak

Dantzariak, tradizioari eutsiz

Mañaria. Aurtengoa 41. aldia izango du Ezpatadantzari Egunak; zortzi herritako ehun dantzari ariko dira

Durangaldean dantza maite duen edonorentzat egun garrantzitsua izango da etzikoa, Ezpatadantzari Eguna egingo baitute Mañarian (Bizkaia). Eskualdeko dantzak galtzen ari zirela ikusita, bertako errepertorioa sendotzeko helburuarekin sortu zen egitasmoa 1967. urtean, eta 41. aldia izango du aurtengoa. Urtez urte dantzak gehituz joan dira, eta etzi ere izango da zer ikusirik eta zer gozaturik. Eskualdeko ehun dantzarik baino gehiagok parte hartuko dute, eta hainbat dantza mota eskainiko dituzte: agintariena, zortzinangoa, ezpata joko txikia, banangoa, ezpata joko nagusia, binangoa, launangoa, makil jokoa eta txotxongiloa.
Egilea
Jon Eskudero
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2013/06/13
Lotura
Berria

Dena den, bertaratzen diren guztientzat bi dantza izango dira gainerakoak baino bereziagoak: Bizkaiko ezpatadantza eta dantzari dantza. Izan ere, bi dantza horiek tradizio eta esanahi handikoak dira Durangaldean. Gerediaga elkarteak argitaratutakoaren arabera, dantzari dantza galtzeko arriskuan egon zen XX. mendearen hasieran, baina 1886an Durangon eta 1991n Iurretan (Bizkaia) egin ziren Euskal Jaietan berpiztu egin zen.

Horri esker, Bizkaiko beste hainbat herritan dantzari dantza ikasten hasi zen jendea, eta gaur egun dantza eskoletan ere irakasten dute. Haur eta heldu asko ari dira dantza horiek barneratzen, eta etzi hamalau dantza taldek parte hartuko dute Ezpatadantzari Egunean.

Gauean, erromeria

Bertan izango dira, besteak beste, Garaiko, Iurretako, Berrizko, Durangoko, Abadiñoko, Izurtzako, Mañariko eta Elorrioko ordezkariak. Dantzari guztiak arratsaldeko zazpietan elkartuko dira herriko elizaren aurrean, eta kalejira moduko baten bidez plaza nagusirako bidea hartuko dute. Ekitaldi nagusia bertan izango da, zazpi eta erdiak inguruan. Ordu eta erdiz dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute ikusle guztiek, eta, ondoren, eurek izango dute dantzan aritzeko parada.

Izan ere, festa ez da amaituko dantza ikuskizunarekin. Dantzarien saioa amaitu bezain laster lagunarteko afaria egingo dute. Dantzaria ez denak ere bertan afaltzeko aukera izango du. Ondoren, berriz, erromeria izango da, Ansorregi taldearen eskutik. Urtez urte hazten ari den jaia da Espatadantzari Eguna, eta aurten ere jende andana biltzea espero dute antolatzaileek.

DURANGALDEKO EZPATADANTZARI EGUNA

Non. Mañarian (Bizkaia).

Noiz. Etzi, 19:00etan.

Ezpatadantzari Egunak sona handia du Durangaldean, eta aurten ere jende andana biltzea espero dute antolatzaileek. / GEREDIAGA ELKARTEA

Dokumentuaren akzioak