Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzariak ikastetxean

Dokumentuaren akzioak

Dantzariak ikastetxean

Egilea
Erkuden Ruiz Barroso
Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Altsasu
Mota
Albistea
Data
2023/05/02
Lotura
Guaixe
'Guri dagokiguna' dantza emanaldiaren ondorengo familia argazkia. IORTIA

Oholtzara salto bosgarren edizioa izan zen aurreko astean Altsasu BHIn, Andra Mari Ikastolan, Iñigo Aritza Ikastolan eta Korazonistaken. Dantzaz konpainiako dantzariak izan ziren irakasleak, eta helburua arte eszenikoak gazteengana hurbiltzea da.

Bost egunez, astelehenetik ostiralera, Dantzaz konpainiako zortzi dantzari profesionalek saioak eman zituzten Altsasu BHIko, Iñigo Aritza Ikastolako eta Korazonistak ikastetxeko DBH 2. mailan eta Andra Mari Ikastolako DBH 1. mailan, Oholtzara salto programaren barruan. Etxarri Aranazko, Altsasuko eta Olaztiko udaletako kultur zerbitzuek bultzatutako programa da, Dantzabideak barruan sartzen dena, eta helburua arte eszenikoak gazteengana hurbiltzea da. Programan parte hartu duten zortzi taldetan banatutako 182 ikaslek sortutako koreografiak ostiralean, apirilaren 28an, Altsasuko Zumalakarregi plazan egindako Guri dagokiguna ikuskizunean erakutsiko zituzten. Dantzaz konpainiak izen bereko emanaldia egin zuen ere. 

Laura Gomez Latasa Dantzaz konpainiako dantzaria Altsasu institutuan irakasle izan da. Hiru urte daramatza erresidentziak egiten, baina lehenengo urtea izan da Sakanan. Esperientzia "interesgarria" da: "Bestearen aldean jartzen gara. Dantzari bezala ohituta gaude koreografoaren nahiak jarraitzera eta orain beste aldean jartzen gara. Hogei bat pertsonarekin lan egiten dugu". Oso gustura egon dela esan du. 

Txikitan hasi zen dantzan. "Ama dantzaria zen eta pelikulak ikusten genituen eta jantzi ponposo horiek ikusten nituen eta dantza probatu nahi izan nuen". Balleta ikasten hasi zen, eta "oso nagusitan" zaletasun bat baino gehiago zela jakin zuen eta "serio" hartu zuen. Ikastola garaian ez zuen Oholtzara salto bezalako esperientziarik izan, "guztiz kontrakoa, dantza eta artearekin ez geneukan harreman asko". Horregatik esperientziarik honekin "harrituta" dago: "Dantzari profesional bat zurekin dantza egitera dator eta azken egunean emanaldi bat egiten duzu, eszenatoki batean, eta dantzari profesionalen emanaldia ikusten duzu. Oso aberasgarria da". 

Aste batean publikoaren aurrean eginen duten koreografia bat sortu behar dute. "Ez dakigu nola egiten dugun". Lehenengo egunean ikasleendako "apur bat arraroa" dela esan du Gomezek, "ez dakite dantza garaikidea zer den eta batbatean bi dantzari agertzen dira halako gauza arraroak egiten...". Baina koreografia sinpleekin pixkanaka ikusten joaten dira. "Dantzan sartzen dira eta ikusten dute aurrera goazela". Saioak irauten duten 50 minutuak aprobetxatzen dituzte, eta "kaña" sartzen diete. 

Dantza eta gehiago
Koreografia ikasleek sortzen dute, dantzarien laguntzarekin. "Haiendako naturalak diren mugimenduak lantzen ditugu, haien izenak espazioan sortzen eta horrelako pautekin mugitzeko eskatzen diegu, ahal duten moduan". Ikasleen parte hartzea ezinbestekoa da, "ez izatea bakarrik gure kanpoko materialarekin etortzea eta irakastea". Taldearen energia "aprobetxatu" behar dela dio Gomezek. 

Koreografia bat ez ezik, bost egun hauetan gauza gehiago ikasten dituzte ikasleek: haien artean errespetatzen, musika entzuten, publiko bezala besteena ikusten, gorputzaren mugimenduak, espazioaren erabilpenak eta hutsuneak betetzen, begirada, koordinazioa... Dantzariek ere asko ikasten dute. "Hogei bat pertsona nola gidatu, nola egin zurekin denbora guztian egoteko eta inor ez esertzeko. Adibidez, bihurrienari errespontsabilitate bat ematen badiozu, talde guztia irabazi duzu". 

Guri dagokiguna deitzen da Dantzaz konpainiak aurkeztuko duen eta ikasleen koreografietarako oinarritu diren lana. Susan Miller koreografoaren lana da eta giza eskubideak ditu oinarri. Ikasleei giza eskubideen inguruan hausnartzeko eskatu diete, ondoren horiek koreografian lantzeko.

Dantzari gazteak
Irune Cambero Lizarraga altsasuarra eta Ekaitz Berastegi Albizu unanuarra institutuko DBH 2ko ikasleak dira eta esperientzia "polita" izaten ari dela esan dute. "Normalean ez ditugu horrelako gauzak egiten, zerbait desberdina da. Jendeak dio klaseak galtzen ditugula; klasea galtzen dugu, baina gauza gehiago ikasten ditugu". Berastegik euskal dantza egiten du, eta Camberok lehen dantza egiten zuen. Dantza saioak "ongi" daudela esan dute. "Lehenengo luzaketak egiten ditugu lesiorik ez edukitzeko eta gero oinarrizko mugimenduak egiten hasten gara". Lehenengo saioak, behintzat, errazak izan direla diote. Koordinazioa izan da erronka handiena. Ostiraleko emanaldirako gogoa zuten. 

Andra Mari Ikastolako DBH 2. mailak parte hartu behar zuen programan, baina ikasbidaian zeudenez, DBH 1eko ikasleak aritu dira. Tartean Iratxe Mendoza Gallegos, Ekhiñe Karasatorre Garmendia eta Izaro Zelaia Erdozia. Oholtzara salto esperientzia "polita" dela esan dute. "Saioak dibertigarriak dira eta kirola egiten dugu". Polikipoliki koreografia sortuz joan dira, hizkiak mugimenduarekin sortuz. Gorputzarekin "gauza asko esan" daitezkela ikasi dutela esan dute, baita "pentsatzen duzuna baino gehiago" egin dezaketela ere. Irakasleei dagokionez "oso profesionalak" direla esan dute. Klasekideekin gehiago harremantzeko ere lagundu die dantza saioak. Emanaldirako gogoa zuten, baina "urduri" zeuden: "Gure klasekideak ez ezik ikastetxe gehiago egongo direlako". 

Iñigo Aritza Ikastolak lehenengo aldiz parte hartuko du programan. Maddi Reca Oraa eta Urko Amillano Santana DBH 2. mailako ikasleak dira eta esperientzia gustatu zaiela esan dute. Rueca: "Etxean dantza egiten dut eta espresatzeko asko gustatu zait". Amillano: "Nik ez dut dantzarik egiten eta koordinatzea kostatu zait, baina aurrera". Hasieran "pixka bat zaila" ikusten zutela aitortu dute, baina azkenean koreografia ateratzen joan dira. Lotsak alde batera utzita ostiraleko emanaldian gustura aritu ziren. "Ez nuen horrela izatea espero, baina gauza berriak ikasteko gustatu zait", esan du Ruecak. 

Korazonistak ikastetxearen lehenengo Oholtzara salto da ere. Imanol Ramirez Santano DBH2. mailako ikaslea da eta esperientzia "ona" dela esan du, "pixka bat klaseetatik aldatzeko". Ostiraleko emanaldian ez zuen parte hartu beste eskolaz kanpokoak zituelako, baina koreografia "pixkanaka" prestatzen joan direla esan du. Lehenengo aldia izan da dantza egin duela, eta mugimendu berriak ikasi dituela esan du. "Esperientzia gustatu zait". 

Dokumentuaren akzioak