Dokumentuaren akzioak
Dantzariak eta ikusleak iruten
Dantzarako Plataformak azken lanak aurkeztuko ditu seigarren aldiz Donostiako Antzerki Ferian
Dantzarako Plataforma Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Antzerki Feriak eta, iaztik, Miarritzeko Maitaldiak Euskal Herrian dantza garaikidea sustatzeko sortu zuten plataforma da. Yvonne Pochelu Biarritz Kulturako ordezkariaren arabera, «Hego Euskal Herriko koreografoak ezagutzeko aukera eman digu; era horretara, dantzarako beste estilo batzuk ezagutu ditugu, eta dantzatzearen plazeraz gehiago gozatu dugu».
Hiru erakundeek dirulaguntza deialdia egiten dute dantza garaikidean ari direnei sorkuntzan, profesionaltzen eta hedapenean laguntzeko. Dirulaguntza jasotzen dutenek Donostiako Antzerki Ferian eta, irailean, Maitaldian aurkezten dituzte lanak.
Antzerki Feria izanagatik, Donostiakoan dantzak ere badu lekua. Kalean zein Egia Kultur aretoan ikusi ahalko dira dantza ikuskizunak.
BOST IKUSKIZUN IKUSLEEKIN IRUTEKO. Euskal Herriko taldeek eskainitako lanak izango dira bost ikuskizunak. Natalia Monge Organik taldearen zuzendaria da. Aurkeztuko duen +Es3 ikuskizuna Es3in lanaren garapena da . «Niretzat erronka izan da talde berarekin eta ideia berarekin beste puntu batera iristea». Estresa da emankizuneko gaia, eta umorea du ardatz. Gaia lantzeko dantzaz gain, testua eta zuzeneko musika ere badarabiltza Organik taldeak.
Asier Zabaletak Ostrukaren zuloa bakarlana aurkeztuko du. Koreografia, testua eta bideoa uztartzen ditu ikuskizunak. Baliabide horiekin ikuskizun bizia eta ironikoa egin nahi izan du eta estereotipoetatik ihes egin: «Askotan dantza garaikideak astuna eta kontzeptuala den irudia du, baina eremu zabala da, bizia ere izan daiteke». Beldurra da Zabaletak aukeratu duen gaia. «Ostrukaren zuloan beldurrari buruz hitz egiten dugu. Kontzeptu horrek asko erakartzen ninduen. Orain arte egindako lanetan beti agertu den gaia da. Normalean beldurra dugula onartzea kostatu egiten zaigu, baina denok dugun osagaia da. Horretaz gain, gizartean laguna manipulatzeko duen erabilerak ere asko erakartzen ninduen» dio koreografoak.
Matxalen Bilbao Haiku4 lanean kontzeptu abstraktuez ari da. Gorputz mugimenduak ditu ardatz: «Gorputz mugimendua idazkera bezala dela pentsatu nuen, eta hori landu dut lanean. Denok daukagu idazkera singular bat, aldi berean, unibertsala dena; bada, mugimenduarekin ere gauza bera gertatzen da: nork berea badu ere, unibertsala da, denok ulertzen dugu».
Rest Ciento Cincuenta Cuerdas taldearen ikuskizuna gelditzen denaz ari da, hondarraz; baita maitasunaz, premiez eta beldurrez ere. Blanca Arrieta da lanaren zuzendaria.
Gari beltza ikuskizuna Thierry Malandainek sortutako hiru koreografiek osatzen dute. Lehen koreografian, duten trebetasuna erakusten dute dantzariek, beroketa moduko bat da; bigarrenean, ezkontzeko gertu dagoen neska gazte baten istorioa antzezten dute; eta hirugarrenean, dantza kafe batean gurutzatzen diren hiruna gizon eta emakumeren gertaerak kontatzen ditu.
Dokumentuaren akzioak