Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Dantzaria sortzailea ere bada askotan, ez makina bat soilik"

Dokumentuaren akzioak

"Dantzaria sortzailea ere bada askotan, ez makina bat soilik"

Laida Azkona

Egilea
Reyes Ilintxeta
Komunikabidea
Argia
Mota
Elkarrizketa
Data
2011/11/06
Lotura
Argia

8 urterekin dantzan hasi zinenetik ez zara gelditu. Gogorra?

Alde batetik bai, gogorra izan da, baina errepikatzeko aukera izanda, gauza bera egingo nukeen. Institutuan ikasi bitartean lau ordu aritzen nintzen egunero dantzan eta baita larunbatetan ere. UBI bukatuta Londresera joan nintzen izugarri gustatzen zitzaidalako dantza egitea. Artean ez nekien hori nire lanbidea izango zen edo beste zerbait ikasiko ote nuen. Hasieran jendeak eta gurasoek pentsatzen zuten askoz ere hobe nuela karrera normal bat aukeratzea, baina hango irakasleek konfiantza handia eman zidaten han jarraitzeko. Gero bizitzak ere bide honetatik eraman nau: diru-laguntzak eta bekak izan ditut ikasten jarraitzeko, lanean hasteko eta nire proiektuak garatzeko.

Londresen hiru urte egon zinen eta handik Austriara. Zergatik?

Londresen hemendik eramandako ildoarekin jarraitu nuen: oso molde klasikoa, balet asko, eta dantza garaikidea ere bai, baina ez oso esperimentala sorkuntzaren aldetik. Zenbait ariketa propio egiten genituen baina gidaritzarik gabe. Horrela hasi nintzen nire lehenbiziko sormen lanak egiten, gaur egun egiten ditudanen oso desberdinak. Argi nuen ez nuela dantzari klasikoa izan nahi, baizik eta arte garaikide eta sorkuntzaren aldetik jo, eta horregatik Salzsburgora joan nintzen. Hangoa oso eskola ona da jende desberdinarekin lan egiteko. Irakasle asko igarotzen dira handik ikasturte batean eta ikasleen artean ere denetarik zegoen ni nengoenean: ni bezala, oso formakuntza teknikoa genuenak, antzezleak, dantzaren munduan sartuta zeuden artista plastikoak... Haiengandik asko ikasi nuen. Bi urte ondoren Fullbright beka lortu nuen New Yorkera joateko, The Trisha Brown Company Studio eta Movement Research eskoletan ikasteko. Han urte osoan zehar nahikoa diru izan nuen nahi nuena egiteko. Hirian antolatzen zenez edozein ikastaro egin nezakeen. Han ere nire lehenbiziko lan profesionala izan nuen Sens Production konpainiarekin: uda osoan zehar emanaldi bat gauero. Emanaldi bera hainbeste errepikatzeko aukerarik ez dut berriz izan. Ondoren Salzsburgora itzuli nintzen hango titulua eskuratzeko eta Lego lana sortzeko. Han hasi nitzen hainbat konpainiarekin lanean. Urte batzuk geroago Bruselara joan nintzen bizitzera. Nire formakuntza nahiko hibridoa izan da, hemendik hara.

Formakuntza inoiz amaitzen al da?

Ikas prozesua ez da inoiz amaitzen. Horregatik bizi naiz Bartzelonan, ikasten jarraitzeko aukera izateko. Ikastaro asko eta koreografo askoren lana ezagutu dezakezu. Alde batetik garrantzitsua da gorputza zaintzea eta bestetik sormena elikatzea. Euskal Herrian bada zenbait aukera, baina ez horrenbeste. Araban, adibidez, Lasierra herrixkan Azala espazioa dago. Idoia Zabaletak sortutako sorkuntza eszenikoaren ikerketarako, sustapenerako eta hedapenerako zentroa da. Urriaren hasieran egon naiz hor eta benetan oso ongi pentsatutako tokia iruditu zait. Toki eder eta lasaia da, oso ongi antolatua proiektuak aurrera eramateko. Idoia Zabaleta figura garrantzitsua da dantzaren munduan gaur egun, hemen Euskal Herrian eta Estatu mailan. Baneukan gogoa Azala ezagutzeko, bidali nion proiektua eta berak bere etxeko ateak ireki zizkigun. Idoia urte askotan aritu da Malpelo konpainian lanean. Haiek badute halako beste zentro bat Gironan. Haiekin sare moduko bat eratu dute artistoi sortzeko aukera ezin hobea emateko.

Hemen beti pentsatzen dugu inon baino okerrago gaudela. Egia da?

Euskal Herriko egoera hobetzen doala dirudi, oro har. Nafarroakoa ez horrenbeste. Hala ere niri ongi joan zait orain arte eta beti lagundu izan didate. Gertatzen dena da ez dagoela guztiz ongi planifikatuta. Legearen aldetik baldintzak ez daude pentsatuta sortzaileari bidea errazteko. Bilboko BAD jaialdia, adibidez, zorioneko salbuespena da. Haien galdera da: zer egin dezakegu zuk zure proiektua aurrera eramateko? Horrela, esate baterako, egiaztagiriak eta paper guztiak egiterakoan erraztasun guztiak ematen dizkizute. Hemen Nafarroan, aldiz, oso zaila da. Dantza mundua nahiko prekarioa da eta enpresa moduan planteatzen dutenez, lana zailago egiten digu. Batzuetan gertatu izan zait estreinaldia baino bi egun lehenago diru-laguntzak justifikatzen ibili behar izatea. Erokeria. Egia esan azken urte hauetan Eusko Jaurlaritzak gauza asko egin ditu dantza sektorea laguntzeko. Profesionalen elkarte bat dago eta administrazioak haien iritzia aintzakotzat hartzen du. Nafarroan elkarrizketa ez da existitzen. Saiatu dira parte-hartzea eta hizketa sustatzen Plataforma Arte Garaikidea ekimenarekin, baina ez da benetako elkarrizketarik sortu. Zortea dugunok laguntzaren bat lortzen dugu, hala ere: Iruñeko Udalak Civivox aretoak eskaintzen ditu. Iturramakoan, hain zuzen, egingo dut MU-TOren aurkezpena azaroaren 26an.

Europan artistek badute soldata bat, ezta?

Segun eta non. Brusela da ni bizi izan naizen azken tokia Bartzelonara joan baino lehen, eta han bai badutela artista estatutua. Artista bezala urte eta erdian 12.000 bat euro kotizatzen baduzu, bizi osorako langabezi ordaina lortzen duzu. Lana ez dagoen hilabeteetan mantentzeko adina diru ematen dizuna. Hemen hori esaten baduzu berehala jendeak pentsatzen du: a zer kopeta zabala! Kolperik jo gabe esne mamitan bizitzera! Agian hori izango zen hemen jendeak egingo lukeena. Bilatuko zuten nola edo hala estatutu hori horretatik bizitzeko. Baina sortzaileak benetan behar du hau. Ni plurienplegatua izan naiz mila gauzatan: klaseak ematen, Mercat de las Flors antzokian akomodadore gisa… eta aldi berean neure proiektua sortzen eta beste konpainia batekin emanaldiak egiten nenbilen. Gure egutegia puzzlea bezalakoa da. Gainera hilabete batzuetan lanez gainezka gabiltza eta besteetan, aldiz, ez dugu ezer. Nik zortea izan dut. Nire ikasketetan titulu akademikoak joan naiz eskuratzen, eta horrek, hasiera batean, diru-laguntzak eta bekak lortzeko balio izan zidan, ikasten jarraitu ahal izateko. Horregatik nago ni hemen. Ez dut inoiz taberna batean lan egin beharrik izan, zorionez. Ez dugu egonkortasunik eta horrek urduriago jartzen zaitu. Horretan ere ikasten joan naiz Idoia Zabaleta bezalako jendearekin: gogoekin eta positiboki pentsatuz, bihotzetik lan eginez gero, bideak irekitzen dira.

Arte garaikidea ez dela ulertzen esaten da.

Jendeari ez bazaio gustatzen ez da ezer gertatzen. Dena den arte garaikidea ez zaiola inori gustatzen mitoa da. Bada jende oso irekia eta hemen, adibidez, aretoak beteta ikusten dira askotan. Gertatzen dena da jende gaztea ez dela gehiegi mugitzen. Ez dute 10 euro sarrera ordaintzeko, baina bai 50 ostiralean ateratzeko, oro har. Formakuntza falta handia ere badago. Belgikan, adibidez, eskola publikoetan dantza eta beste arte diziplinetako tailerrak antolatzen dituzte haurrekin. Beste arazo bat da gure inguru honetan antzokiek ez dutela berezko markarik. Bartzelonan, toki bakoitzak badu bere programazio lerroa eta badakizu zer aurki dezakezun hor. Hemen jendeak ez du nora jo, nahi duena nahi duenean aurkitzeko. Beste adibide bat: Europako toki askotan badira 30 bat eserlekuko areto asko. Hemen ikuskizun batera 30 pertsona soilik etortzea desastre ekonomiko ikaragarria izango zen. Bilboko La Fundición jite horretakoa da, oso interesgarria. Sorkuntza bultzatu nahi baduzu halako espazio txikiak beharrezkoak dira.

Zeintzuk dira joera berrienak Europan?

Badira eskola desberdinak. Dantzari gehienak hemendik hara gabiltzanez, Europako joerak hementxe bertan aurki ditzakegu, zorionez. Bada jendea oso kontzeptuala, sorkuntza tesi bat frogatzearen inguruan lan egiten duena, oso estetikoak, beste batzuk emozionalagoak… Eta badira ere formatu handiko ikuskizunekin –dantza, antzerkia eta musika bat eginik– hiru urteko birak egiten dituztenak munduan zehar. Oso zabala da. Orain oso linea kontzeptual irmoaren gainean ari dira batzuk lanean: gorputzaren naturaltasuna eta mugimendu formal eza. Dantzatu dantza egin gabe.

Goi mailako kirolarien pare lantzen duzue gorputza?

Uste dut hau mitoa dela, dantzaren oso ideia tradizionala. Egia da sasoian egon behar duzula eta hala ez bada ez zarela ongi sentitzen. Baina guk ez dugu soilik nahi jauzi handiagoak egin edo azkarrago dantzatu. Hori izango litzateke dantzari tradizionalaren jokaera. Koreografo batek zure gorputza erabiltzen duenean bere ideia formulatzeko makina zara. Duela 30 bat urte, aldiz, dantza garaikidea beste modu batez hasi zen gorputza begiratzen. Dantzaria, beste guztiaren gainetik, pertsona da. Ezagupen teknikoak eta trebeziak ditu, baina aldi berean, bere banakotasuna oso garrantzitsua da. Eta harago joanda, dantzaria sortzailea ere bada askotan, ez makina bat soilik. Askoz leku naturalagoetan jartzen dugu gorputza guk. Dantzari makinaren mitoa oraindik egia da, Dantza Konpainia Nazionalean, adibidez. Baina talde askotan beti egingo dizute sorkuntza proba bat. Ideia bat eman eta galdetu: zer egingo zenuke honekin? Gaur egun koreografoak ez dizu esaten urrats bat ezkerrera, aurrera edo atzera eta halakorik. Orain ideia bat ematen dizute eta zu gorpuzten saiatzen zara.

Adinak garrantzirik du?

Makina izateko bai. Eta gainera oso sasoian egon ondoren, 40 urterekin lur jota daude askotan. Dantza molde hauetan teknika leunagoak erabiltzen dira. Guk ordu asko ematen dugu gorputza zaintzen. Ikertzen dugu nola mugitu modu eraginkor baina osasungarrian. Hala ere gerta daiteke, noski, lesioak izatea. Gure formatuan dantza, antzerkia, performancea, arte plastikoak… sartzen dira. Oso dantza formatu hibridoez ari gara eta hemen gorputza bere horretan da interesgarria, ez soilik gorputz landua. Adinarekin ikusiko dugu. Kezkagarriagoa da prekarietatean bizitze hori: orain dirua dut, gero ez. Ez duzu ziurtasunik.

Hamaika tokitan bizi izan zara. Zein da zure etxea?

Orain bat hartu dut Bartzelonan eta oraingoz hori izanen da nire etxea. Iruñea nire jaioterria da. Hemendik nator eta nire erroak eta nire familia hemen daude, baina oraingoz ez dut planteatzen hemen gelditzea. Kulturalki bizirik dagoen leku batean egotea oso garrantzitsua da sormena elikatu ahal izateko.

Zure maletan zer ez da inoiz falta?

Ordenagailua eta disko gogorra. Hor duzu dena produkzio eta sorkuntza aldetik. Hor informazioa dokumentatzeko, kamerak, bideoak… Entseguetarako, inprobisazioak grabatzeko, webcama erabiltzen dut, adibidez.

Laida Azkona
Laida Azkona (Dani Blanco)

Nortasun agiria

Ekainaren 30ean, 1981ean, Betelun sortua, “zertarako ez dakit. Urte batzuk beharko ditut hori jakiteko!”. Txikitatik eta 18 urte bete arte Iruñean bizi izan da. 8 urterekin hasi zen Nafarroako Dantza Eskola Ofizialean. UBI bukatu ondoren Londreseko Rambert School of Ballet and Contemporary Dance izeneko eskolara joan zen. Han hiru urte igarota Salzburgora, SEADera (Salzburg Experimental Academy of Dance), bi urte geroago New Yorkera, eta gero Bruselara. Egun Bartzelonan bizi da gehien gustatzen zaiona eginez: dantza garaikidea. Jean-Marc Serrano dantzariarekin batera, Coches Rojos, Miedo y Cafeteras lanarekin Arte Eszenikoen lehen saria eskuratu zuen Nafarroako Artista Gazteen topaketetan, 2008an. 2009an HASIERA (el principio de la incertidumbre) taularatu zuten Bernardo Atxagaren testuetan oinarrituta. Orain, MU-TO izeneko proiektuan dabil buru-belarri.

 

MU-TO, BAD jaialdian

MU-TO da Laida Azkonak Bilbon aurkeztuko duen dantza eta bideo muntaiaren izena. Azaroaren 5ean, BAD, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen jaialdiaren XIII. edizioan izanen da. “Jaialdi honetarako aukeratzen dituzten proiektuen egileei, diru-laguntza emateaz gain, espazio bat eta laguntza teknikoa ere eskaintzen dizkiete. Horiek sormen lan bat egiteko baldintza onenak dira. Abuztu osoan Bilbon egon nintzen lanean eta orain azaroaren hasieran itzuli naiz erresidentzia teknikoa egitera, hau da, 5eko aurkezpenerako detaile guztiak prestatzera”.

“MU-TO proiektua oso interesgarria da. Nire sorkuntzan norabide aldaketa bat egin nahi nuen. Azken urte hauetan nahiko produkzio handiak egin ditut Hierbaroja kolektiboarekin eta orain gehiago sorkuntzari begira jarri nahi dut. Duela bi urte hasi zen eta prozesu honetan, orain dela urtebete, Verónica Eguaras sartu zen, bideo muntaian aritzen den artista”.

“Nik beti ikus-entzunezkoekin lan egin izan dut. Inspiratzen nauen zerbaitetik abiatzen naiz eta dauzkan posibilitate guztien bila aritzen naiz. Orain egiten ari naizen pieza honek badakar mahaiko lan asko. Nik uste dut hau dela nire pieza teorikoena. Memoriari buruzko gogoeta bat. Teorikoa da, baina ikusi dutenek ni naizena argi erakusten dudala esaten didate”.

“MU-TO, Mutar ideiatik dator. Oroitzapena, inpresioa eta ahanztura. Iragana orainalditik berregiten dugu, hor gelditu zaizkigun inpresioen bidez. Nik eszenatokian nire memoria fikzionatzen dut. Iragana bere osotasunean ezin denez gogoratu, historiaren zati batzuk nire nahiari fikzionatzen uzten diot. Memoria kolektibotik egiten dugu beti gure berreraikuntza. Horiek dira gure kanonak. Kontatuko ditut nire gauzak, baina baita historiako pertsonaia batzuenak ere nireak balira bezala”.

“Zenbait tokitan erakutsi izan da: Iruñean, Gasteizen, Bartzelonan, Madrilen, Brasilen… Orain estreinatu behar dudana, hala ere, guztiz berria da, gogoeta teoriko horretatik sortutako lan berria. Arraro egiten da hainbeste tokitan erakutsi ondoren estreinalditik hain hurbil egotea, baina hori da ideia: beti eraikitzen ari den zerbait izatea. Nire lanak ez ditut normalean ixten, baina orain azken fasean sartzen ari gara”.

 

Dokumentuaren akzioak