Dokumentuaren akzioak
«Dantzaria dena dantza egitera itzultzen da, eta ongi pasatzen du»
Zinemagile bezala ezaguna bada ere, euskal dantzarekin harreman luzea du Telmo Esnalek.
Euskal Astearen barruan antolatzen den Aurresku Txapelketan ere parte hartzen zuela gogora ekarri du Esnalek. «Batzuetan sariak lortzen nituen, eta, besteetan, aldiz, ez. Badakizu nola izaten den hori». Entseatzen orduak eta orduak ematen zituela dio, eta herriko sariketan ez ezik, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan ere parte hartzen zuela. Bestalde, Goizaldi taldean ibili arren, beste dantza talde batzuekin ere ibili izan zen, dantzariren bat ordezkatzen-edo. Hala, Azpeitiko Itsasirekin Poloniara bidaiatzeko aukera izan zuen eta Irungo Kemenekin Alemaniara.
«Bizitzeko era bat»
Lan kontuak tarteko, 28 urterekin Madrilera joan zen bizitzera, eta dantza mundua «erabat baztertu» zuen bere bizitzatik. «Orain, Dantza filmari esker berreskuratu egin dut harreman hori, eta oso polita da». Zinemagile zarauztarraren arabera, «dantza bizitzeko era bat da». Ez dakiela zergatik, baina dantzan egiterakoan «ongi» sentitzen dela aitortu du: «Jendeak gehiago dantzatuko balu, hobeto biziko litzateke. Dantza inportantea da bizitzan».
Filmatzen ez ezik, dantzatzen ere jarraitzen du gaur egun. Orain Zarauzten bizi bada ere, bi urte eman ditu Pasai San Pedron, eta bertan fandangoa eta arin-arina erakusten aritu da. Aurretik, gainera, klakea ikasten ere aritu zen hiru urtez. «Dantzara itzuli naizenean, konturatu naiz –batez ere klakearekin hasi nintzenean– oso eroso sentitzen nintzela entsegu gela batean. Kalean baino gehiago. Kalean erreserbatuagoa bainaiz».
Azkenekoz, Euskal Jai Egunean aritu zen dantzan. «Hemen [Musika plazan] aritu nintzen kuadrillakoekin fandago batzuk dantzatzen eta gozatzen». Izan ere, gauzak oso argi ditu: «Dantzaria dena dantza egitera itzultzen da, eta oso ongi pasatzen du gainera».
Telmo Esnal zinemagilea eta dantzaria (Aritz Mutiozabal).
Dokumentuaren akzioak