Dokumentuaren akzioak
Dantzari osoak
Kritika, Dantzaz Konpainia
Gaueko lehen pieza, Songeurs izenekoa, konpainia gaztearen aurreko lanaren parte izan zen. Lur sagar deitu
zen orduko hura, eta Christophe Garciaren koreografia errepikatzeak
aukera ederra eman digu berez ona zen mugimenduaren kalitatean igoera
nabarmena gertatu dela ikusteko. Taula gaineko hiru mutil jostagarriek
etengabeko elkarrizketan arituko balira bezala jokatu dute uneoro, eta
gorputz osoaren zehaztasuna leuntasun delikatuarekin konbinatu dute,
koreografiak transmititzen duen bizi izatearen poza ikusleenganaino
zabalduz.
Dudarik gabe, gaueko bigarren koreografia izan da lauretan bikainena. Hilde Koch donostiarraren Torque
pieza oso era enigmatikoan hasten da, eta hasiera batean eremuaren
banaketa geometrikoak eta bikoteen arteko paralelismo diagonal batzuk
izan dira nagusi, konpainiako kide gehienak balantzaka eta geldiro
mugitzen ziren bitartean. Musikaren lehen une horietan piano nota
solteek eta biolin esaldi laburrek urratu dute isiltasuna. Mugimendua,
isiluneak eta musika, dena zetorkigun zatika, baina pieza aurrera joan
ahala bat egin dute elementu guztiek, denak hartu du zentzua Arvo
Parten partitura inguratzailearen pean, dantzariek erritu estrainio eta
perfektu bat gauzatu dute eta dantzaren misterioan murgildu gara
guztiok.
Bestalde, Torque-ri buruz aipatzekoa da
konplexutasun handiko koreografia dela, eta dantzari bakoitzak
erregistro asko eman behar dituela, are gehiago kontuan izanda
inprobisazioek rol garrantzitsua betetzen dutela mugimenduaren
diseinuan.
Atsedenaldiaren osteko bi lanen sortzailea Eric Gauthier izan da. Haietariko lehenengoan (Ballet 101)
balet klasikoaren oinarrizko jarrerak abiapuntutzat hartzen dira ehun
jarrera berri sortzeko, eta eszenako dantzari bakarrak denak burutu
ditu off-eko ahots baten aginduei jarraituz, dantza-azterketa batean
balego bezala. Koreografoak, gainera, ariketa berriak aprobetxatu ditu
balet klasikoari erreferentzia umoretsua egiteko, baina lan honetatik
gehien gogoratuko duguna dantzari solistaren prestakuntza eta gaitasun
itzela izango dira.
Gaueko azken pieza Björk duets izan da, eta
koreografoak hiru bikote jarri ditu taula gainean, haien harreman
fisiko eta emozionala azaleratuz, aretoko dantzak oinarritzat hartuta.
Lan eskematikoa eta irmoa izan da aldi berean, baina aurrekoekin
konparatuta zirrara apalagoa sortu du.
Dantzaz konpainiaren bigarren egitarau honekin argi geratu da,
beraz, dantzari hasiberriak prestatzeko proiektuaren sendotasuna, eta
horren froga da hango gazteek lan eskaintzak jaso dituztela jada
hainbat leku handitatik, hala nola Preljocaj konpainiatik, Milango
Scalatik edota Ballet Biarritzetik besteak beste.
Konpainia: Dantzaz. Koreografiak: 'Songeurs' (Christophe Garcia), 'Torque' (Hilde Koch), 'Ballet 101' (Eric Gauthier), 'Björk duets' (Eric Gauthier). Lekua: Viktoria Eugenia antzokia (Donostia). Eguna: Ekainak 5.
Dokumentuaren akzioak