Dokumentuaren akzioak
Dantzari izan direnen oroitzapenak eta argazkiak argitaratu dituzte
75. urteurrena ospatzeko ekitaldien baitan kaleratu dute
Dantza taldearen historia zazpi ataletan banatu dute. Atal bakoitzean Arkaitz dantza taldeak bizi izan dituen fase diferenteak ageri dira: Gerra aurreko garaia (1926-1936), Gerraondoko lehen urteak (1939-1945), Hamarkada oparoa (1946-1953), Gillermo Altunaren taldea (1953-1963), Oronoz maisuaren taldea (1964-1968), Argia-ko añorgatarren aldia (1969-1979) eta Dantza eskola (1980-2001). Kapitulu bakoitzaren amaieran garai horretan dantzari ziren herritarren iritzia eta oroitzapenak jaso dituzte.
Historiari buruzko orrialdeei txistulariei eta dantza-arropei buruzko orrialdeak gehitu dizkiete, bi ataletan banaturik. Halaber, irailean egin zituzten urtemuga ekitaldiei buruzko argazkiak eta kronikak argitaratu dituzte liburuaren azken zatian.
Liburuak hirurehun orrialde ditu, eta 400 argazkitik gora paratu dituzte. «Auzotarrek beraiek utzitako argazkiak dira asko». Argazki horien ondoan atal bakoitzean dagokion informazioa idatzi dute, eta añorgatarrak beraiek izan dira berri iturri: «Askotan, oroimenak huts egiten duela-eta, datu kontrajarriak ematen zizkiguten dantzari ohiek». Hala ere, Añorgako Kirol eta Kultur Elkarteko kideak gustura gelditu dira egindako lanarekin. Bertako bazkideek idatzi dute liburua.
Dantzari trebeak
Arkaitz dantza taldearen ekarpen handiena auzotarrak biltzea eta gazteei euskal dantzak irakastea izan dela diote dantza taldeko partaideek. Hastapenetan gainera, Añorgatik irten eta beste herri batzuk bisitatzeko aukera ematen zien dantza taldeak auzotarrei.
Horretaz gainera, dantzari bikainak trebatu dira Añorgako dantza taldean. Esaterako, Donostiako Argia dantza taldearekin eduki duten harreman estua dela-eta askok hartu dute parte talde horretan.
Dokumentuaren akzioak