Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Dantzari gaztea banintz, nik ere alde egingo nuke"

Dokumentuaren akzioak

"Dantzari gaztea banintz, nik ere alde egingo nuke"

Becky Siegel

Egilea
Ana Unanue
Komunikabidea
Aizu
Mota
Elkarrizketa
Data
2000/06/01

Umetan egun osoa ematen nuen dantzan, etxean. Sei urte nituela, Margot Fonteyn eta Rudolf Nureyev ikusi nituen Romeo and Juliet dantzatzen. Txundituta gelditu nintzen.

Dantza garaikidea klasikoaren ondorioz sortzen da, erreakzio modura. Hemen klasikoak ez dauka batere tradiziorik. Horregatik, atzerrian ibili diren dantzarien eskutik ailegatu da garaikidea

Nondik datorkizu dantza zaletasuna

Txiki-txikitatik gustatu izan zait dantza. Umetan, egun osoa dantzan ematen nuen etxean, eta amari eskatzen nion arren baleta egiten uzteko. Azkenean dantza eskola batera eramatea lortu nuen. New Yorken hazi nintzenez, ikuskari zoragarriak ikusteko parada izan nuen. Sei urte nituela Margot Fonteyn eta Rudolf Nureyev ikusi nituen, Romeo and Juliet obran. Oraindik gogoan dut egun hura, txundituta gelditu nintzen. Geroago, Merce Cunningham ikustera eraman ninduten; koreografo garrantzitsua zen, dantza garaikidea egiten zuen, eta hura ikusi orduko erabaki nuen nik ere dantza garaikidea egin nahi nuela. Izugarrizko zortea izan nuen, Cunningham-ekin berarekin eta Martha Graham-ekin ikasteko aukera izan bainuen. Berehala ikusi nuen sormena, koreografia, interesatzen zitzaidala batez ere, baina garbi neukan koreografiak egiteko lehendabizi dantzari gisa trebatu behar nuela.

Horregatik ikasi zenuen dantza unibertsitatean? Hemen ez dago horretarako aukerarik.

Hala da. Estatu Batuetan badago dantza espezialitatea unibertsitatean. Hori oso ongi dago, ohiko ikasgaiekin batera dantza ikasten duzulako. Nik Columbiako Unibertsitatean ikasi nuen. Hemen orain arte ez da horrelakorik izan, baina uste dut gauzak aldatzen ari direla eta prestakuntza ere hobetzen ari dela.

Euskal Herrira etorri aurretik Bartzelonan egon zinen. Zergatik utzi zenuen New York?

Arrazoi pertsonalengatik. New Yorken Mikel Esparza ezagutu nuen, euskal margolari gazte bat. Hasieran ongi geunden han, baina Mikelek Iruñera itzuli nahi zuen. Iruñera udan etortzen ginen; nik ikastaroak ematen nituen eta gustura egoten nintzen, baina ez nuen neure burua hemen bizitzen ikusten. Orduan sortu zen Bartzelonako aukera. Dantza eskolak ematea eskaini zidaten, eta oso interesgarria izan zen. 1985-86 urteak ziren, eta dantza garaikidea lehen urratsak egiten ari zen Espainian. Mugimendu eta giro handia zegoen.

Kosta egin zitzaizun Iruñera etortzea?

Kontua da Mikel tematuta zegoela. Iruñera etorri nahi zuen eta azkenean amore eman nuen. Bi ume izan genituen, eta bolada batez pixka bat alboratuta izan nuen dantza. Gero berriro ekin nion; eskolak ematen hasi nintzen Nafarroako Antzerki Eskolan, jendea ezagutuz joan nintzen eta horrela sortu zen gure konpainia, Tempomobile.

Zure ibilbidea (New York-Bartzelona-Iruñea) ez da ohikoa. Dantzarientzat normalagoa da kontrako bidea egitea.

Hala da, baina behin ere ez dago jakiterik nora eramango zaituen bizitzak. Nik izugarrizko zortea eduki nuen, dantzari batentzat New York hiri aproposa delako, baina orain ere gustura nago. Oso lasai bizi naiz eta asko gozatzen dut irakasten. Gainera, mundua gero eta txikiagoa da, eta dezente mugitzen naiz. Urtean behin familia osoa joaten gara New Yorkera eta hemen inguruan ere mugitzen naiz emanaldiak ikusteko: Bilbo, Donostia, Madril, Bartzelona...

Dantzari gaztea bazina, zuk ere alde egingo zenuke?

Bai, dudarik gabe. Atzerrira joango nintzateke. Oso inportantea da mugitzea, kanpoan zer egiten den ikustea, ongi prestatzea.

Dantza garaikidea arrotz samarra egiten zaio jende askori. Zergatik?

Egia da ezagutza handiagoa dagoela beste arlo batzuetan, zineman edo antzerkian esate baterako. Dantza klasikoak ez dauka tradiziorik hemen, eta jakina da dantza garaikidea klasikoaren ondorioz sortzen dela, erreakzio modura. Europako eta Ameriketako beste herri batzuetan dantza klasikoak tradizio handiagoa zuen. Normala da, beraz, dantza garaikidea han sortzea, ez hemen. Gainera, frankismoan, kanpoan gertatzen zenak apenas zeukan eraginik hemen. Urte askotan folklorea besterik ez zen egon, eta dantza garaikidea atzerrira joan ziren dantzarien eskutik ailegatu zen hona. Gaur egun maila txukuna dago. Nacho Duatok konpainia handia sortu du Espainian, eta Bartzelonako eskola gazteek ere lortu dute heldutasuna.

Euskal Herrian ez da ia emanaldirik izaten maiatzetik kanpo. Zein da arazoa, zaletasun falta?

Ez dago ohitura handirik. Oso jende gutxik eskatzen dugu dantza gehiago, eta programatzaileak ez dira ausartzen ikuskizunak ekartzera. Alde batetik ulergarria da, baina ez badago dantza emanaldirik nekez sortuko da ohitura. Pena da hain eskaintza murritza egotea. Nafarroan, gainera, ez dago toki egokirik dantza emanaldiak egiteko.

Tempomobilek, adibidez, non egiten du lan gehiago, hemen ala atzerrian?

Hemen egin ditugu emanaldi gehiago, baina proportzioan... Alemanian, esate baterako, hiru aldiz egon gara eta berriro joatekoak gara. Asko igartzen da han tradizio, ohitura eta zaletasun handia dagoela. Alemanian oso maila altua daukate. Frantzian ere bai, baina konpainia asko dituztenez, zailagoa da han sartzea. Frantzian Estatuak asko laguntzen ditu dantzariak; sostengu handia dute, inbidia emateko modukoa. Hemen oso zaila da konpainia batek aurrera egitea.

Dantzaria eta koreografoa zara. Zaila da bi gauzak batera egitea?

Bai, zaila da, eta uste dut nik zuzentzen ditudan lanetan ez nukeela dantza egin behar. Askotan esaten diot neure buruari dantza utzi behar dudala, obra bat zuzentzeko hobe delako kanpoan egotea. Ezin zara barruan eta kanpoan egon aldi berean. Baina dantza asko gustatzen zait eta dantzari bat behar nuenez, azkenean A way lanean ere parte hartu dut.

Ba al dago adin mugarik dantza egiteko?

Bai, mugaren bat jarri behar da eta uste dut ni muga-mugan nagoela. Gorputzak jadanik ez dit gaztetan bezala erantzuten; oinazea sentitzen dut gorputz osoan, eta ez daukat garai bateko indarra. Baina, bestalde, urteek emandako eskarmentua eta ezagutza ditut nire alde, eta horiekin konpentsatzen ditut gorputzaren gabeziak.

Horren gogorra da dantzariaren bizimodua? Asko sofritzen du gorputzak?

Konstantzia handia eskatzen du. Dantza ezin da utzi, gorputza gogortu egiten baita segituan. Dedikazio eta energia handia eskatzen du, baina niretzat ez da sakrifizioa, maite dudalako. Niretzat gogorragoa litzateke dantzarik gabe bizitzea. Gorputzak urteetako nekea nabaritzen du, baina dantza garaikidea ez da klasikoa bezain gogorra alde horretatik. Klasikoak, oin puntetan ibiltzeak batez ere, oso gaizki uzten ditu oinak. Garaikidean ez dago halakorik. Gainera, yogak eta antzeko teknikek asko laguntzen digute; esan nahi dut gorputza asko zaintzen dugula eta normalean dantza egiten ez dutenek baino sasoi hobea izaten dugula.

Tempomobile eta A Deshoras, lore bakanak

Euskal Herrian bi baino ez dira dantza garaikidea egiten duten konpainia egonkorrak A Deshoras Gipuzkoan eta Tempomobile Nafarroan. Koreografoak gehiago dira (Damian Muñoz, Kristina Quijera, Josu Mujika...), eta gogotik egiten dute lan, baina bistan da konpainia bati eustea lan nekeza dela. Arazo nagusia zirkuiturik eza da: maiatzean ikuskizunak pilatzen dira bata bestearen atzetik, baina maiatza bukatu orduko lehortea hasten da berriro. Diru laguntzak urriak dira eta ondorioak begi bistakoak: puntako dantzariak atzerrira joaten dira aukera bila. Horrek are zailagoa egiten du zuzendarien lana, askotan arazoak izaten baitituzte dantzariak lortzeko.

Becky Siegelek ederki ezagutzen ditu zailtasun horiek guztiak. Tempomobile taldea zazpi emakumek osatu zuten hasieran, baina bizitzak dantzatik urrutiratu ditu horietako zenbait, eta egun bost taldekide dira, bi emakumezko eta hiru gizonezko: Siegel bera, Montserrat Zabalza, Pello Otano, Jon Barbarin eta Igor Calonge. Azken hori donostiarra da eta egunero egiten du joan-etorria Donostiatik Iruñera. Taldekideek dantza eta antzerki eskolak ematen dituzte aurrera egiteko, Tempomobileren jardunak ez baitu inor aberastu. Nafarroako konpainiaren azken lanak bidaiaren ideia du ardatz: A way iaz estreinatu zuten eta aurtengo Eszena jaialdian berriro taularatu dute. Horretaz gainera, emanaldi didaktikoak egin dituzte Zangozako ikasleentzat.

Frantzian dantzariek sostengu handia daukate Estatuaren aldetik, inbidia emateko modukoa. Hemen, berriz, zaila da konpainia batek aurrera egitea. Programazioa murritza da eta ez dago dantza egiteko toki egokirik

Askotan esaten diot neure buruari ez dudala gehiago dantzatu behar, obra bat zuzentzeko kanpoan egotea hobe delako. Gainera, adin aldetik ere muga-mugan nago. Oinazea sentitzen dut gorputz osoan eta ez dut garai bateko indarra.

GOLKOTIK

Inoiz izan den dantzaririk hoberena: Mikhail Barishnikov Gaur egungo dantzaririk gogokoena: azken aldian ez dut nahikoa dantza ikusi bat aukeratzeko Koreografo gustukoena: Jiri Kilyan (Nederlands taldeko zuzendaria) eta William Forsythe (Frankfurtekoa) Eskola gogokoena: Merce Cunninghamena Obra bat: Sounddance (Merce Cunningham) Dantza konpainia bat: Nederlands Ballet Antzoki kuttunena: Gasteizko Principal antzokia Bereziki gogoan duzun emanaldi bat: denak dira bereziak Bizitzeko hiri bat: ez dakit Damu zaizu...: gaztetan gartsuegia nintzen. Presa handiegia nuen neure koreografiak aurkezteko, eta goizegi egin nituen. Geroago ikasi dut gauzak ongi egiteko sosegua behar dela.

Dokumentuaren akzioak