Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzari eta musikalarien ikuskizun bereziak

Dokumentuaren akzioak

Dantzari eta musikalarien ikuskizun bereziak

Komunikabidea
Gara
Mota
Albistea
Data
1999/05/31

Eguraldi ona zela eta, goizean goiz Donibane-Lohizunen bildu ziren Euskal Herriko zazpi dantza taldeak herriko kaleak zeharkatzen hasi ziren.

Aldi berean, herriko plazan eguneko lehen saio berezia hasi zuten Laka, Txanpun eta Alkat bertsolariekin. Balkoi batetik plazaren erdian zen kioskora, hiru bertsolariak kantuz aritu ziren. Ondotik, Donibane-Lohizuneko Ikastolako Trikitilariek plaza animatu zuten oren batez. Eta kioskoan zegoen Begiraleak elkarteko txalapartaren soinuak plaza eta inguruko karrikak animatu zituen. Bitartean, plazara daramaten zazpi karriketatik, dantza taldeak banan-banan iristen joan ziren eguerdi arte. Azkenik, muxikoak eskaini zituzten kioskoaren inguruan dantzan hasi ziren berrogeita hamar bat pertsonek. Musikalariek, herriko dantzak aurkeztu ondoren Larrain Dantzarekin burutu zuten haien saioa. Herriko plazako ostatuak ikuskizunengatik bete egin ziren.

Eguerdi aldera, bertan ziren berrehun eta hogeita hamar dantzari eta musikariak beste ehun bat pertsonekin batera, Urdazuri kiroldegian bildu ziren, Ereintabil elkarteak Ikastolaren alde eskaini zuen bazkari herrikoian. Bazkariak oren batetik hirurak eta erdiak arte iraun zuen.

Ondotik, musikalari eta dantzariek herriko karriketan ibilaldia egin ondoren arratsaldeko laurak inguruan herriko plazan bildu ziren. Bertan, laurak eta erdietatik goiti eguneko ikuskizun garrantzitsuena hasi zuten.

Zazpi eskualdeetako dantzak

Jaialdi honen ikuskizun bereziena, zazpi eskualdeetako dantza taldeek aurkeztutako dantzen saioa izan zen. Donibane-Lohizuneko Louis XIV plazaren alde bakoitzean ezarriak ziren bi eszenatokien artean zazpi probintzietakoetako dantzariak dantzan aritu ziren plazako bazter eta ostatuak bete zituzten jendeen aitzinean.

Bertan ziren dantza taldeak Euskal Herriko zenbait herritatik etorritakoak ziren. Esate baterako, Zuberoako Larrainetik etorritako Errege Txopitak dantza taldea; Nafarroa Beheretik, Baigorriko Arrola taldea; Gipuzkoatik Lezoko Murixka taldea; Bizkaitik Bakioko Itxas-Alde taldea; Nafarroatik Zangozako Rokamador taldea; Arabatik Gasteizko Adurtza taldea eta Lapurditik eguna antolatu zuen elkarteko dantzariak aritu ziren. Talde bakoitzak, banan-banan, haien herrietako dantzak aurkeztu zituen.

Dantzariak, bi ordu eta erdiz portu aldean eta Ganbeta karrika aldean parez pare bi eszenatokietan dantzan aritu ziren, hiru edo lau dantza aurkeztuz alde bakoitzean. Ikuskizuna, Arabako Adurtza taldeak, alde batetik, eta Bizkaiko Itxas-Aldek, bestetik, hasi zuten. Baigorriko Arrola taldeak eta Zangozako Rocamador taldeek jarraitu zieten, eta ondotik beste taldeak agertu ziren. Lapurdiko Begiraleak taldeak eszena bakoitzeko saioak burutu zituen.

Bestalde, Xabi Soubelet, Begiraleak taldeko lehendakaria eta saioaren animatzailea, bertan bildu zen jendeari dantzen erranahia esplikatzen aritu zen.

Harridura eta atentzioa nagusi

Azalduriko dantzen artean, zenbaitek jendearen atentzio handiagoa hartu zuen. Esate baterako, Larraineko Zuberotarren Maskarada eta Pastoraletako dantzekin batera, Baso Dantzak aurkeztu zuten. Hauekin batera, Bakioko bizkaitarren dantzen artean, San Miguel de Arritxinaga dantza, Arku dantza eta kaxarranka izan ziren arrakastatsuenak. Kaxarranka dantzaren ikuskizunean, dantzari bat sei pertsonek zeramaten kutxa baten gainean dantzan aritu zen.

Bestalde, Lapurdiko Begiraleak dantza taldeak ere berriketa bat agertarazi zuen. Eskualdeko dantza tradizionalekin batera, inauterietan agertzen den Bizar dantza erakutsi zuten. Bi dantzari, bat bizarra mozten eta bestea bezeroa zela eta, antzerki antzeko ikuskizuna aurkeztu zuten. Publikoaren atentzio handiena hartu zutenak, Bizkaia aldeko taldeak aurkeztutako dantzak izan ziren. Eta harrigarrienak Zangozako dantza taldearenak izan ziren. Dantzari guztiak fandango eta arin-arin dantzatuz amaitu zen ikuskizuna zazpiak inguruan burutu zuten. Ondotik gaitajoleek fandangoa, arin-arina eta Larrain Dantza eskaini zuten. Begirale elkarteko kideak jaialdia ongi pasa zela eta honekin jarraitzeko asmoa adierazi zuten. "Guretzat, bi gauza garrantzitsu badira. Hemengo jendeari euskal dantza zer den erakustea eta kanpotiarrei gure kultura zer den irakastea. Bestalde, hemen Euskal Herriko beste eskualdeekin harremanak ukaitea garrantzitsua dela erakutsi nahi dugu" azpimarratu zuten Begiralekoek.

"Gure herrietan berreskuratu ditugu dantza gehienak"


Iker ARAMENDIA | Zangoza dantza taldeko arduraduna

Atzo, zazpi eskualdeetako ikuskizunean azaldu ziren dantza talde guztiek haien eskualdeetako dantzak aurkeztu zituzte. Baina, hauetariko bik, dantza originalak agertarazi zituzten, bereziki Zangozako dantza taldeak. Dantzari hauek aurkezturiko saioak jendeen atentzioa sortarazi zuten. Dantza erritmo lasaia eta dantzariek zeramaten jantzi ilunak, beste taldeen erritmo biziekin konparatuz, aldaketa handia ziren.

Zuentzat garrantzitsua ahal da zazpi eskualdeetako saio honetan parte hartzea?

Gure taldea duela hogeita bi urte osatu zen eta azken urte hauetan harreman handiak ukan ditugu Ipar Euskal Herriarekin. Beraz, urtean behin bederen eskualde honetara etortzen gara dantzatzera. Guretzat harreman hauek biziki garrantzitsuak dira.

Zein dira gaur aurkeztu dituzuen dantzak?

Saio honetarako, zortzi bikote etorri dira eta orotara sei dantza aurkeztu ditugu eszena bakoitzean.

Zein dira erakutsi dituzuen dantza horiek?

Gehienak gure herriko dantzak dira. Eta hauen artean guk egindako dantza bat aurkeztu dugu. Esate baterako, Kantarikoa XIX. mendean bizi izan den musikalari baten airea da eta guk bildu dugu.

Beste dantzak ere kreazioak ahal dira?

Ez, guztiak ez dira guk sorturikoak. Dantza gehienak, Nafarroako herriak zeharkatu ondoren errekuperatu ditugu haietariko zenbait galtzen ari zirelako. Esate baterako, Eaurta herritik Erronkari bailarako neska dantza bat berreskuratu genuen, baita jota zaharra ere.

Dokumentuaren akzioak