Dokumentuaren akzioak
Dantzari Eguna dela eta...
"dantzan" posta zerrendatik hartutako mezua
Dantzari Eguna antolatu eta ospatzeko modua erabat zaharkitua izateaz gain, dantzariok bultzatu beharko EZ genukeen jaialdi mota dela iruditzen zait. Oraindik ez dut ulertzen zein interes duen 35 dantza talde "dantzari-dantza" batera egiten ikusteak, edo 12 dantza talde "godaleta" batera dantzatzen ikusteak.
Ez iparrik, ez motorrik, ez duen alor batek bere ezintasuna eta noraeza ezkutatu eta bere zilborrari begira autosatisfakzioa bilatzen duen jaialdia da Euskal Herriko Dantzari Eguna. Plaza-bete dantzari ikusi eta "ZENBAT GAREN" esanez harrotasunean puztu. Kalitatearen aurrean kantitatearen aldeko hautaketa egin duen alorrak bere buruari ematen dion autoestima mozkorraldia da Dantzari Eguna.
Jakina, dantzaren aldeko langile finen bihotzak, saririk gabeko lanak eta militantziak, pozak ere behar izaten ditu, eta beraz, ez litzateke oso larria izango egun pasa bildutako dantzari-saldaren jaia baino ez balitz. Baina hori baino grabeagoa dela iruditzen zait.
Hasteko, kontuan hartu behar da dantzari guzti horiek koordinatzen (?) dituen Euskal Dantzarien Biltzarrak, urteak joan eta urteak etorri, Euskal Herri osora begira antolatzeko gai den ekitaldi bakarra dela. Eta hori tristea bezain larria da.
Bestetik euskal dantzak komunikabideen arreta berezia izaten duen asteburu bakarra izaten da eta eskaintzen den mezua arrunt pobrea gertatzen da. Kopuru bat bakarrik eskaintzeko gai da, "2500 dantzari", "milaka dantzari", "miles de dantzaris". Ez dago ausnarketarik, ez dago bide berririk, ez dago egokitzapen saiorik. Zenbakia puztu eta hustu. Besterik ez.
Eta azkenik, federazioko diruak autobus, bazkaritan eta autokonplazentziako erromeria batean xahutzea ere penagarria iruditzen zait. 3000 dantzari zezen-plaza edo futbol-zelai batean biltzeko 3-4 miloi pta gastatzea oso larria iruditzen zait, batez ere, dantza tradizionalaren aldeko ekimenak bultzatzeko erakundeetatik dirua eskuratzea hain zaila gertatzen denean (erabat ulerkorra erakundeen jarrera honelako gastu-motak ikusita bestalde) eta beste hainbat proiektu bideratzeko dirurik ez dagoenean.
Gipuzkoako EDBtik jakinarazitakoaren arabera, Nafarroako gobernuak ez du dirurik jarriko Dantzari Eguna antolatzen laguntzeko, eta beraz, talde bakoitzak bere bidaia eta bazkaria ordaindu beharko du. Ziuraski Nafarroako Gobernuak dirua ukatzeko arrazoia Dantzari Egunari ikusten dion kutsu politikoaren ondorio izango da (Euskal Herriko dantzarien ordezkaritza, ikurrinak han eta hemen...), eta lehendik nahikoa burukomin zituzten dantzari-lagun naparrek galtza-bete lan izango dituzte Dantzari Eguna aurrera ateratzen.
Baina euskal dantzari horrelako ekitaldi batek egiten dion ekarpenari begiratuz, oraingoan iruditzen zait kalte baino mesede egin diola dantza tradizionalaren alorrari Nafarroako Gobernuaren erabakiak. Erromeria egin nahi bada egin dadila, baina bakoitzak bere parranda bere poltsikotik ordainduta. Dantzari Eguna gaur egun antolatzen den moduak ez baitu zerikusirik dantza tradizionala, folklorea edo euskal kulturaren ondarea sustatzearekin. Dantza tradizionala eta folklorea sustatzeko bideratu dadila dirua larunbatean aurkeztuko den Larrain dantzari buruzko ekimen txukun eta zentzuzkoaren modukoei, eta Euskal Dantzarien Biltzarra esnatu dadila nostalgiaren lozorrotik.
Ondo segi, oier.
Dokumentuaren akzioak