Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2006/09/20
Ekitaldiak goizean goiz hasiko dituzte. Hirigunetik kalejira
egingo dute San Bizente parkeraino, 10:30ean hasita. Dantzariez
gainera, Barakaldoko beste talde batzuek parte hartuko dute. Kalejiran
ariko dira, besteren artean, Barakaldoko Udal Banda eta Txistulari
Taldea, Laguntasuna erraldoien konpartsa eta Bizkaiko Gaiteroak.
11:00etan dantzari taldeen aurkezpena egingo dute San Bizente
kiroldegian. Guztien artean agintariena dantzatu ondoren, herrialdeko
saioak hasiko dituzte. Arabako dantzak emango dituzte lehendabizi.
Lezeako zortzikoa eta jotak dantzatuko dituzte. Nafarroa Behereko
taldeek hartuko dute ondoren agertokia, eta eskualdunak, sorginak,
kontradantza eta dantza luzea erakutsiko dituzte. Bizkaiko dantzarien
txanda izango da ondoren. Besteren artean, makila jokoa eta gorulariak
eskainiko dituzte. Bestalde, Gipuzkoako dantzariek Legazpiko
ezpata-dantza, zinta dantza eta agurra dantzatuko dituzte, eta
Lapurdiko dantzariek Ahurtiko makila, Beteluren fandangoa eta makil
dantza. Nafarroa Garaiko piezak ikusi ahal izango dituzte, halaber, San
Bizente kiroldegira bildutakoek. Zehazki, Lizarrako desmayoa eta
Larraungo ingurutxoa. Zuberoako dantzariek barrikada haustea antzeztuko
dute. Gainera, ostalertsa, godalet-dantza eta satanak emango dituzte.
Fandangoa eta arin-arina dantzatuko dituzte talde guztiek
ondoren. Eta Luhartz taldearekin erromeria egingo dute 16:30ean, San
Bizente parkean. Egun osoan eskulangintza azoka egongo da, halaber.
DANTZA ERAKUSTALDIA BASAURIN. Euskal Herriko bost
dantzari taldek beren herrietako piezak erakutsiko dituzte Basaurin
(Bizkaia) datorren larunbatean, hilaren 23an. Gasteizko Indarrak
Villabuenako makil dantza eskainiko du. Iurretako Mikel Deunak dantzari
dantza eta gorulariak emango ditu, eta Beasaingo Aurtzakak, Loinazko
soka dantza eta ezpata-dantza. Iruñeko San Lorenzoko dantzariek San
Lorenzo kalean urtero egiten duten pieza erakutsiko dute. Eta
Miarritzeko Maritzuli taldeak Lapurdiko hainbat dantza eta jolas
eskainiko ditu Basaurin.