Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzari baten heriotza

Dokumentuaren akzioak

Dantzari baten heriotza

Egilea
Erlantz Urtason Antzano
Komunikabidea
Berria
Tokia
Historialaria
Mota
Iritzia
Data
2005/09/13

Bero ikaragarria egin behar zuen. A zer nolako urtaro lehorra, baietz, irakurle. Nago, halere, euskal hiriburuan populuak uste baino ohikoagoa dela uda mota hau. Gure garaian, baina, komunikabideek edozein gauza astindu ala lo eginarazten dute. Dena den, eta hau adinekoek eni errana, haiek ere tikitan handiei entzuna, behin batean, sanferminetan, elurra bota omen zuen. Ruper Ordorikaren amatxiren Aspaldian, jakina. Orain, berriz, Katrina andere haizetsua lekuko, Inperiotik edaten dugu albiste eta horri loturiko gogoeta soila. Eskerrak bertzelakoaz elikatzeko Berria dugun, bertzenazÉ



Haatik, harirat, igande hartaz ari baikinen. Hegoalderantz abiatu, agur Iruñeko teila maiteak, eta lasai egon, gaur bertan itzuliko. Kortes herri tipirat gindoazen, ez inongo «Cortes» izenekorat, Erribera Eguna ospatu nahi genuelakotz. Euskalerria, gure aberria, Aturritik Ebroraino hedatzen dela aho batez adierazten da. Ados, baina Kortes haratago dugu. Izan ere, eta Tutererria erdiaren gisa, euskal lurralde zabal hau ezagutzeko Ebro igaro behar. Hamaiketakoa hartzeko unean iritsi gara iruinsheme-iruinalabok! Muga elkartearen eskutik ongietorri ezin hurbilagoa Iruña Taska delakoan. Goxoa gero ogitartekoa, bertoko haragia eta arnoaz jantzirik. Ezin ordaindu, betikoa, haiek Iruñeratzen direnean guk gonbidatuko. Antolatzaileak auzolanean ari dira. Korteskoa, Tuterakoa, Murtxantekoa, Kastejongoa, Kaskantekoa... Egitarauari azken ukituak emaiten ari. Bezperako kontzertua, antza, mundiala. Gazteak gusturat. Eta orain, goizean, lo seko, noski. Zer arraio, pena da baina nork ez du horrelakorik egin. Musika taldeen artean baziren eskualdekoak. Euskaraz ere abestu zuten.



Muga, bilgunea



Karriketarat. Janari zein artisau azoka arkupeetan. Txistua nahiz dultzaina algaran. Erraldoiak. Umeak zoriontsu. Bi urteko Xabiertxoren irriari erreparatu, bertzerik ez dago. Eskualdeko joaldunek bidea ireki dute, jendearen ernatzeko. Hor da lagunen bat. Gaixoa, ai ene, hogeita hamar graduko eguerdian zanpantzarra. Bere ustetan, baina, ez omen da deus. Tomateak jasotzea, berriz, hagitzez petralagoa. Ehundaka eta ehundaka jende, aitatxiak txapela buruan, bilobak apapa. Kartelak eta txostenak elebiz. Euskaltzale, abertzale oro, alderdi guzietakoak. Biziraun duten errepublikarrak pozik, aurrerakoiak alai. Elkartzeko eguna da, bazen beharra!



Urrats leunenak herriko plazan, udaletxe aitzinean. Finak gero, eta gainerat tokian tokiko ikuskizunak eskaintzen ari dira, batzuk eskualdekoak, bertzetzuk Lapurdikoak ere bai. Zein polit, zein onak Ablitas herriko dantzariak! Txalo zaparradak haiendako. Baina, nor da hor? Kapanagako euskaldunberri hura etorri da, hilabeteak elkar ikusi gabe, euskara irakaslea izan da, egun nekazari trebea. Bere semea euskaldunzahar jaio da. Sorterriari, ofizialki, «Cabanillas» diote. Tuterako harekin ere euskaraz ari naiz, lastima Kadreitako urtetako laguna etorri ez izana. Bertze batean izanenÉAperitif on. Han hemenka. Bazkaltzeko orena. Talde ugari bildu gara ilara luzeetan eseririk, maisuki prestatu duten txokoan, itzaletan. Oholtza altxaturik, kafeekin baterat hasiko dira abesti eta omenaldiak. Hala eta guzi, giroan, begirada goibelak sumatu ditut, zenbait buru makur dabilÉ Duela milurteko «Alesotz», egungo Alesbes herriko arduradunari galde egin diot ea zer den. Administrazioak «Villafranca» deitzen dio bere herriari. Edozein egunetan armarria ere kenduko diote, zeren eta Antso Azkarrak emaniko Arrano Beltza baita, erregearen sinadura, Bardenako udaletxe hartako horman erliebez ikusten ahal dena.



Zoritxar handia, Erlantz, Ablitasko dantzari bat gaizki senditu eta, bat-batean, hil egin da.



Dantzariaren baratzea



Herrietako ordezkariak oholtza alderat joan eta, biziki hunkiturik, bi emakumeek horren berri eman digute. Lehen euskaraz, gero erdaraz. Isilunea, tamainakoa. Gizon lerdena ikusi dut, bazter batean, malkotan. Zer erraiten ahal da, deus erraiterik ez delarik? Hamaika gauza mihian, egun hartan haiekin konpartitzeko. Bertze egun baterako, garbi da. Nafarroa Oinez-en edo datorren urtean, apika. Eszenatokia, poliki baina etengabe, zatiz zati, jasotzen hasi dira. Elkarri begiratu, lagunak agurtu, muxuak, besarkadak banatu, eguneko «botea» antolaketarako eskaini, aulkiak zutitu eta Iruñerat.



Nola deitzen zen dantzaria? Jakin badakit, baina berdin dio. Horren erraiteko nahiago baitut sendiari baimena eskatzea edo. Gogoan dudana, ene baitan deika ari dena, jendearen tristura itzela delakotz. Izena, altua ala baxua, zintzoa bezain gaiztoa, politikari sutsua edota folklorista hutsa, dantzari liraina, traketsenaÉ Izana da axola zaidana, hots, han zen, bertan zen. Koldo Izagirrek idatzi bezala: «Euskadi merezi zuen». Ablitas herrikoa zen, aspaldian «Oblitas» deitzen zena. Herriko lurren artean ia erdia zilegieta da, komunala alegia, denona. Nafarroa independientea zelarik gehienak musulmanak ziren, mezkita biltokia, eta hango ibaiari «Mendianike» deitu diote oraino. Horregatik dantza taldeak ere «Mendianike» du izena, erraite baterako «Etxenike» fisikari izabar ospetsua oroitarazten duena. Ablitas herriak olibondo, mahasti, soro emankorrak baditu ere, ereiteko denbora dugu bertan, ez uzta jasotzekoa. Beraz, laguntza handia behar du gure kulturak eskualdean, eta horren bideratzeko modurik onena Tuterako Argia ikastolari babesa emaitea da, indartzea, sendotzea. Sosaz ari gara? Bai, sosaz, baliabideak biderkatzeko. Adibidez, eta alderdi hartako distantzia handiak kontuan harturik, hainbat herritan euskal haurtzaindegiak irekitzea mundiala legoke, gero, hazi ahala, Tuterako ikastolarat autobusez joan daitezen. Hasiera ona litzateke, kasu, Erribera Egunak euskal nazio idatz lehiaketa eskaintzea edo, tokian tokiko dantza hizpide. Erdaraz ere bai, jakina, oraindik euskaraz ez dakiten Erriberako ikasle gehienek parte hartu ahal izaiteko. Denok bat, hauxe konponbide bakarra baita. Izan ere, eta nahikoa ezezaguna zaigun arren, duela mende batzuk leku guzietan aritzen ginen dantzan, aipamen historikoak nonahi, Tolosa, Zaraitzu, Iruñea, ErriberaÉ Agintariek kultur herrikoiaren desagerrarazteko behin eta berriz dantzatzea debekatu egiten zutelarik. Gure Alexandriako Liburutegiak zuen Dantza Sail zabala berreskuratu behar, dantzariaren izenaz eta izanazÉHemendik aitzinerat, beharbada, Erribera Egunak dantzariaren izena ere ukan beharko luke, eta haren omenez ikastola guzietako haurrek bere berri izan. Tartean ilunabarra dugu gure Monkaio mendi liluragarriaren pean, euskal mediterraneoan, zierzo haizea bidelagun, Iruñeko Alde Zaharreko teilatuetan ere txistuka ari dena. Berak harro gaitzala! Agur Eki amandrea, hoa hire amarengana, Mari, Ama Lurraren altzoan gorde Ablitasko dantzariaren arima! Gure biharko eguna berea ere izan bedi!

Dokumentuaren akzioak