Dokumentuaren akzioak
Dantzari astindua
Momixi buruz hitz egitea Moses Pendletoni buruz hitz egitea da. Vermonteko dantzari eta koreografoak bere zigilua eta estiloa ezarri dio konpainiari. Aurretik, Pilobolus Dance Theater taldean lan egin zuen, baina 1980. urtean bertatik kanpo lanean ere hasi zen. Besteak beste, Lake Placideko Neguko Joko Olinpikoetako azken ekitaldia prestatzeko eskaria egin zioten. Berak Momix izeneko lana aurkeztu zuen. Hau da, Moses Mix-en laburdura, Mosesen nahasketa. Ekitaldi hartako oinarriak konpainia sortzeko balio izan zion, eta hortik abiatu zen 25 urteko bidea.Pendleton pertsonaia ezaguna da, baina orain arte ezezaguna zitzaigun zuzendari estatubatuarrak Euskal Herriarekin zuen harremana. Izan ere, Moses Pendletonen ama bilbotarra da. Nolanahi ere, Pendleton ez da bira jarraitzen ari eta egunotan New Yorken da.
Eszenaratze zainduak
Momixen produkzioak berritzaileak eta bereziak izateagatik nabarmendu dira beti. Sorkuntza guztietan, bere lanak dantza ikuskizunak baino zerbait gehiago izan zitezen saiatu da Pendleton, eta sarritan dantzaren kontzeptuari berari astindua eman dio. Momixen ikuskizunetan ikuslea atmosfera eta giro oso berezietan kokatzen da. Argien kolore eta mugimenduak, musikak eta beti oso-oso ondo zaindutako eszenaratzeak beren estilo propioa sorrarazi die. Hain zuzen, ezaugarri horiek dira Momixek beretzat hartu dituenak, betiere dantzarien maila tekniko bikainaz lagunduta. Teknika klasiko ederra akrobaziak eta ariketa atletikoak egiteko gaitasunarekin tartekatzen dute. Dantza fisikoa eta mugimenduaren goxotasuna oso ondo uztartzen dituzte.
'The best of Momix'Bilbon: gaurtik igandera, 20:00etan, Arriaga antzokian. Donostian: Maiatzaren 3an eta 4an, 20:00etan, Kursaalean.
z Momixen aurreko ikuskizunak
'Passion'
Mosses Pendletonek Peter Gabriel musikariarekin batera jardun zuen elkarlanean, eta Martin Scorsese zinema zuzendariaren 'The last tentation of Christ' filmaren musika hartu zuen oinarri. Ikuskizun honetan giro mistiko bat sortzen da, erlijio desberdinei keinuak eginez eta gorpua eta arima elkarren artean banatuz. «Gizakia naturako beste elementuekin (ura, zuhaitzak, eguzkia...) harremanetan jartzen dela erakutsi nahi dugu. Argazkiak edo irudiak erakutsi nahi ditugu, eta elementu natural bat balira bezala dantzarien bidez azaldu», azaldu du Pendletonek. Ikuskizun horren eszenografia pantaila batek osatzen du. Bertan proiektatzen dira irudiak, eta haren atzean jarduten dira dantzariak estilo leun eta atletikoan.
'Baseball'
San Francisco Giants beisbol taldeak eskatuta, Pendletonek koreografia bat sortu zuen. Ondoren, kirol horren ezaugarrietan sakondu eta ikuskizun honetaraino iritsi zen. Jokalarien indarra eta mugimenduak hartu zituen oinarri. Horretarako, James Brown, Queen, Lorena McKennit eta beste hainbat musikariren kantuak erabili zituen. Dantzariek estilo klasikoa, akrobaziak eta hainbat trikimailu ikusgarri tartekatu zituzten beisbol jokoa irudikatzeko.
'Supermomix'
Pieza labur askorekin osatutako ikuskizuna da. Horietako bakoitza gertakizun txiki bat da, gizakien arteko harreman zailak eta kontrajarriak azaltzen dituztenak. Pasarte txiki horiek gehienak konpainiako dantzariek sortu zituzten.
'Opus Cactus'
Basamortuko parajeak dituen ezaugarri erakargarri guztiak azaltzen ditu: egunsenti ederra, iluntasuna, animaliak eta intsektuak... Hain zuzen, azken hauek ematen diote bizia ikusgarriari; laneko elementu nagusia dira. Agerikoa da konpainiaren estilo berezia. Akrobaziak, gimnasia, musika... Ez da balletaren bidez kontatutako istorio bat, Ameriketako lehen gizon haien bizimoduaren azalpena da. Ez da gizakiei buruzko lan bat, paraje bati buruzko gogoeta da.
Dokumentuaren akzioak