Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaren zirrara

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren zirrara

Kritika, Pepe Hevia

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2000/11/29

Pepe Hevia kubatarra goi mailako konpositore, koreografo eta dantzaria da, Bartzelonan du egoitza artistikoa eta bere taldearekin etorri da Delirium ikuskizunean.

Delirium lanak dantzaren alderdirik aratzena erakusten digu bost dantzari bikainen gorputzen bitartez eta Equis Alfonsoren musikak lagunduta. Alfonso ere kubatarra da, eta gaztea izan arren, Kubako Balet Nazionalerako egin du lan, Fresa y chocolate eta Guantanamera-ren zuzendariaren datorren filmerako soinu-banda konposatu du, eta, besteak beste, Trànsit konpainiaren Mandala lanaren musika zoragarria sortu zuen.

Delirium-erako Heviarekin batera aritu da Alfonso, koreografiaren irudiak eta musika-pasarteak elkarlanean sortuz. Soinu-aberastasun handiko sinfonia sortu du. Pianoa, biolontxeloa, perkusioak, ahots korala, oihaneko soinu misteriotsuak, bihotz taupadak, haur negarrak, bat-bateko isiluneak eta cante-a bezalako soinuak elkartzen dira harmonia esanguratsu batean.

Gorriaren tonu guztiak

Kolore gorriaren tonu guztiak -fuksiatik granateraino, tarteko gorri bizia, teila eta gorri-morea agertzen dira, epeka, Francisco Díazek diseinaturiko jantzietan, agian gorria erraien kolorea delako. Izan ere, Heviaren lanak hainbat irudi primitbo iradokitzen dizkigu, soinu-bandaren eta argiztapen landu baten laguntzaz, animalia basatien mugimenduak, munduaren lehenbiziko kaosa eta gizakiaren jatorrizko beldurrak eta erritoak gogoraraziz.

Pepe Heviak eta bere dantzariek itzelezko gaitasun akrobatikoa eta keinu-dotorezia erakusten dituzte hasiera-hasieratik, behegainetik mugitzen direla, zutik biraka dabiltzala edo airetik doazela besteen adoreak bultzata. Taldeko hiru emakumeek eta bi gizonek elkarri ukitu gabe dantzatzen dute, bakoitza bere mugimendu segida propioarekin batzutan, eta beste askotan bikote koordinatuetan edota talde-dantzan, norberaren edo beste baten inguruko birak emanez.

Ikusgarriak dira oinen puntek behin eta berriro deskribatzen dituzten zirkulu zabalak, eta edertasunez beterikoa da besoen, eskuen eta atzamarren lengoaia.

Dantzari bakoitzak ahalmen handiko nortasuna azaleratzen du gorputzaren bidez, aurpegiaren bidez, begiradaren intentsitateaz, eta, gizabanako legez aritzen direnean, artega transmititzen dute beren mugimendu asaldatuekin, jakitun daudelako taldearen babesean soilik lortuko dutela beren ahalmenik osoena.

Emanaldian zehar trantzean egongo balira bezala aritzen dira dantzaruak, eta ni horrelaxe delakoan nago, goi mailako dantzak eragin zuzena duelako guregan. Dantzaren benetako zirrara behin dastatuta, menpekotasun moduko bat sortu ahal du: dantzarekiko menpekotasuna.

Konpainia: Pepe Hevia. Obra: Delirium.

Zuzendaritza eta koreografia: P. Hevia. Musika: E. Alfonso.

Dantzariak: J. Cobos, P. Hevia, S. Pous, S. Sales, E. Vilamitjana.

Lekua: Bilboko La Fundicion aretoa

Data: Azaroaren 25a.

Dokumentuaren akzioak