Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaren urteroko topalekua

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren urteroko topalekua

Egilea
Ekaitz Etxabe Arzallus
Komunikabidea
Berria
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2024/07/12
Lotura
Berria

2022ko Errenteriako Erromeria Eguneko dantzari bat. ARITZ LOIOLA / FOKU

2022ko Errenteriako Erromeria Eguneko dantzari bat. ARITZ LOIOLA / FOKU 

«Ez eduki gorputza mugitzeko beldurrik; ez da trebetasun handirik behar dantzaz disfrutatzeko». Hala adierazi du Vanesa Castañok, Errenteriako (Gipuzkoa) Ereintza dantza taldeko dantzariak, herritarrak animatzeko intentzioarekin. Iritsi da 24. Erromeria Eguna ere. Beste urte batez, Ereintza dantza taldeak kaleak musikaz eta dantzaz beteko dituen egitarau zabala antolatu du. 24. aldi honetan «gutxi gorabehera beste urteetako martxan» jarraituko dutela azaldu du Castañok, Zatoz dantzara plazara! lelopean. Errenteriako trikitilariak, Gaztaño trikiti taldea, Errenteriako Gaiteroak, Oarsoaldeko Txistulariak, Zubietako joaldunak, Aiko taldea, eta Patxi Perez eta Konpainiaren lana izango da biharko festa eguna girotzea.

Duela 26 urte antolatu zuten jaialdia lehenengoz. Hala ere, aurtengoa 24. Erromeria Eguna da, pandemiaren eraginez bi urteko etenaldia egin behar izan baitzuten. Garai hartan, nahiz eta Errenteria «oso herri dantzaria» zen, plaza dantzak «pixka bat galduta» zeuden. Beraz, dantza kalera gehiago gerturatzeko apustua egin zuten. «Eta, horrela, herritarrek dantzaren bitartez gozatzeko aukera zeukaten». Lehenengo aldi hartan ikastaro ugari antolatu zituzten, eta herritar mordoa animatu zen parte hartzera. Hori ikusita, festa horrekin jarraitu egin behar zutela pentsatu zuten, gaur egun arte. Lehenengo urte horretan eguneko eta gaueko egitaraua antolatu zuten, baina, urteak pasatu ahala, «egunpasa» moduko bat bihurtu da Erromeria Eguna. «Egun hau egonkortu egin dela uste dut, eta dantzazaleentzat egun berezi bat bihurtu da», gehitu du Castañok. Gainera, antolatzaileen esanetan, antolakuntzaren konpromisoa ere indartu egin da.

 

2022ko Errenteriako Erromeria Eguneko kalejirako argazkia. ARITZ LOIOLA / FOKU
2022ko Errenteriako Erromeria Eguneko kalejirako argazkia. ARITZ LOIOLA / FOKU

 

Errenteriarrak ez direnek ere gozatu ahal izango dute festaz. Castañoren esanetan, urtero joan ohi da kanpoko jendea dantzaz gozatzera, eta bazkarian ere geratu ohi dira. Adina ere ez da arazo izango bihar Errenteriara joateko, «euskal dantza eta plaza dantza maite duen edonorentzat oso egun aproposa» baita biharkoa. Castañoren iritziz, herritarren erantzuna «ona» izan ohi da, eta, kontuan hartuta astebete geroago Errenteriako festak —madalenak— hasten direla, jendea «festa giroan» murgildua egoten da.

Datorren urtean 25.a

Datorren urtean Errenteriako Erromeria Eguna antolatzen duten 25. aldia izango da, eta, gauzak horrela, «zerbait handiagoa» antolatzeko asmoa daukate Ereintza dantza taldeko kideek. «25 urte hauetan parte hartu duten taldeekin eta beste herrietako taldeekin harremanetan jarri eta ohi baino festa handiagoa egiteko asmoa daukagu», adierazi du Castañok. Kontzertuei dagokienez, egitarau zabalagoa osatu nahi dute. Oraindik aurtengoa ospatu ez eta jada hasi dira datorren urteko ekitaldian lanean.

EGITARAUA

  • 10:30. Diana, herriko kaleetan. 
  • 10:30-11:30. XII. Errenteriako Bola Joko Sari Handia.
  • 11:30. Hamaiketakoa, Koldo Mitxelena plazan.
  • 12:00. Kalez kale, herriko kaleetan.
  • 12:15. Aiko taldearekin dantzaldi ibiltaria.
  • 14:30. Herri bazkaria, Merkatuzarren.
  • 17:00. Erromeria, Zumardian.
  • 18:00. Patxi Perez eta konpainiaren dantzaldia, Zumardian.

Dokumentuaren akzioak