Dokumentuaren akzioak
Dantzaren tripei begira
Nafarroa Behereko, Zuberoako eta Lapurdiko euskal dantzen inguruko ikerketa garrantzitsuak egin ditu Jean Michel Guilcher ikerlariak. Bihar, Donostian omenduko dute.
Kanpo begirada izan zuen Guilcherrek ikerlari lanetan. Hala uste du Oier Araolaza dantzari eta antropologoak. 1962tik 1976ra behatu zien euskal dantzei, baina ez erromantizismoz, «aurrejuzgurik gabe» baizik. «Bertako ikertzaile gehienak euskal dantzaren egoera, osasuna eta gorabeherekin inplikatutakoak izaten dira, eta Guilcherren begirada hotza gertatzen da horrekin konparatuta». Haatik, distantziatik lan egin izanak balio erantsia ematen dio, Araolazaren irudiko. «Euskal dantzaren balioaz esaten dituenek oraindik garrantzi handiagoa hartzen dute». Izan ere, zer edo zer izatekotan, baliagarria izan zen haren obra: «Dantzari eta dantza irakasleentzat gure dantzak ezagutzeko iturri agorrezina da». Koreografien deskribapenak zehaztasun «harrigarriz» egin zituen. Bilketa zehatza eta sistematikoa.
Ikerlari berantiarra
Ez zen izan aztertzaile bidea gazte-gaztetatik hartutakoa. Fakultatean naturalista ikasketak egin zituen, eta, dantzarekiko grina bazuen ere, berandu arte ez zen hasi horren bueltan. 1936an, Lick-Maud Pledge dantza maisuarekin hasi zen. Marka utzi zion momentuak, eta zeharo liluratuta geratu zen arte adierazpenarekin. Eta handik gerokoek ere zuzenki lotu zuten diziplinarekin. 1942an, Paul Faucherrek Les Editions du Pere Castor argitaletxean argitaratzaile gisa aritzeko eskatu zion; hain zuzen, dantza eta haurrentzako ipuinen arteko zer edo zer egiteko. Azkenik, 1956an, Centre National pour la Reserche Scientifiquen hasi zen lanean. Ordutik, dantza izan du eremu kutun. Egun ere lanean dihardu. «Ehun urte bete ditu, eta oraindik lan zaharrak errebisatu eta eguneratzen aritzen da, seme-alaben laguntzarekin».
Dantzaren esparru askotarikoak ikertu ditu Jean Michel Guilcherrek. BERRIA
Dokumentuaren akzioak