Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaren sugarra

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren sugarra

Iparraldean, hainbat ekitaldi iragan dira aurten ohiko euskal dantzaren edota dantza garaikidearen inguruan. Ezin daitezke denak aipa artikulu honetan, baina hiru ekimen ezberdin lehenetsi ditut.
Egilea
Pantxoa Etchegoin
Komunikabidea
Jakin
Mota
Iritzia
Data
2012/12/01

Etorkizuna deitu kontzeptua. Euskal dantzaren praktika artistikoarentzat, kontzeptu berri bat asmatu izan da iparraldean, Etorkizuna izenekoa.

1950eko hamarkadan sortu zituzten talde "folklorikoek" eta berantago euskal dantzen federakuntzek garaiko problematikentzat erantzun berri eta egokia ekarri zuten.

Egituraketa horri esker, berrogeita haman urtez milaka haur eta gazte formatu ahal izan ziren eta beti dantzan atxiki.

Baina joan den mende bukaeraz geroztik, dantzari heldu gazte anitzek euskal dantza uzten dute, interprete gisa gaitasun gehien duten mementoan. Bistan dena, interes galtze hori gogoz kontrakoa da zenbaitentzat, ikasketentzat edo lanarentzat herritik urrundu behar direlako. Gazteek betebehar horiek gaur atzo baino gehiago dituzte. Baina ez da arrazoi bakarra. Faktore desberdinengatik ahultzen da goi mailako euskal dantzaren praktika: ber "mugimendu koreografikoak" hamaika aldiz errepikatzen dituzte, dantzariek, ez dute norberaren ikaskuntza barnatzen ahal, ez dezakete maiz koreografia berririk landu, ahalbide ekonomikoen arazoa hor da. Dantzari bakoitzak bere taldean parte hartzen segitu arren, esperientzia partekatuak joanago eta garrantzitsuagoak dira ere.

Horretaz ahorturik, dantzari eta musikari zenbaitek Etorkizuna deitu kontzeptua sortu dute. Entitate berri horrek helburutzat dauka euskal dantza eta musika desmartxa artistikoan sarraraztea, ingurumen desberdinetatik etorri dantzari, musikari, koreografo, zuzendari eta musikagileei irekiz.

Hots, "laborategi" horrek Euskal Herriko ondare inmateriala berpiztuko du, euskal dantza taldeen maila altxatzen lagundu dezakeelako.

Dantzaren mintegi horrek bultzatzen ditu ere sorkuntzak; ondorioz, Ravel Jauna deitu ikusgarria ekoiztua izan da 2012ko urrian, eta hiru koreografok parte hartu dute lan horretan: Bittor Corret, Christian Larralde, eta Maider Oiartzabal.

Emaitza itxaropentsua eta bihotz altxagarria izan da, dantzarien ausartzia eta kalitatea ezagun baitziren, halaber koreografia berrien emateko ahal handia.

 

Ixtorio Mixtorio: Errege haur ederrik... Haurrak dantzan eta publiko lorietan: hori izan da Ixtorio Mixtorio ikusgarriaren uzta. Eta arraro da ikustea horrelako kalitatezko haur dantza emanaldi bat!

Eraiki, Xinkako eta Maritzuli, hiru dantza elkarteetako ehun dantzari, haur eta gaztetxo, elkarretaratu dira handien mundutik laminen erresumetara sartzeko.

Udaberrian eskaini ikusgarri honek harrointzat dauzka haurtzaroa eta euskal mitologia; aberatsa da dantza aldetik, ederra kolorez eta arintasunez. Haurrek asmatua, haurrek dantzatua, ikuskizuna euskal kulturaren arragoan sartzen da, jokoak, inauteriak eta laminen sekretuak hartzen dituelarik ekai gisa.

Claude Iruretagoiena koreografo ezagunak kudeatu du sorkuntza hau, dakigularik berak urte eta urteetan transmisio lan ikaragarria eramaten duela belaunaldi gazteei dantzaren tirria emateko, eta ber denboran, sorkuntzako lanetan diharduela etengabe.

 

Dantza Hirian: sorkuntza plaza erdian. Irailaren 13tik 22ra, Dantza Hirian festibala iragan da Euskal Herriko zortzi hirietan, bai Hegoaldean, bai Iparraldean. Dantza garaikidea karrikako ikusgarri batzuen bidez deskubritzeko parada paregabea izan da.

Festibal honen antolatzailea den Hendaiako Atelier elkarteak urte guzian kultura ekintzak bukltzatzen ditu, sortzaileen belaunaldi berrien sostengatzeko, publiko elkarlanaren bitartez.

Zazpigarren edizio honentzat, Euskal Herriko 12 konpainia profesional eta Kuba, Bartzelona, Sevilla edo Madrilgo konpainiak gomitatu dituzte. Bestalde, Euskal kultur erakundeak sustengatu eta elkarteak antolatu Aterpean egonaldiko aurtengo bi irabazleak izan dira Mimizaneko Androphyne eta Donostiako Anakrusa konpainiak. Beren obra berriak eman dituzte lehenik Donostian eta ondoren Baionan.

Dokumentuaren akzioak