Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaren soka

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren soka

Aurten 50 urte beteko dira San Bartolome egunez soka-dantza egiteari ekin ziotenetik, eta urteurren hori orduko aurreskularia eta atzezkularia omentzeko baliatuko ditu Haritz dantzari taldeak: Luis Gurrutxaga eta Jose Otaegi.

Hunkituta nabari zaie Luis Gurrutxaga (Elgoibar, 1940) eta Jose Otaegiri (Elgoibar, 1943). Hunkituta Haritz dantza taldeak San Bartolome egunean omenaldia egingo dielako. “Batzuk gogoratzen dira guk egindakoaz, gu geu baino gehiago beharbada, eta eskertzekoa da”, esan du Luis Gurrutxagak, urte askoan aurreskulari ibilitakoak. Eta haren hitzekin bat egin du Otaegik, soka lagunak.
Komunikabidea
Barren
Mota
Albistea
Data
2014/08/23
Lotura
Barren

14 bat urterekin hasi zen dantzan Otaegi, eta 18 urte beteta Gurrutxaga, Eskola Armeriako eskolak bukatu ostean. Euskal dantza zaleak ziren biak eta Pilar ikastetxeko arkupeetan dantza sueltoa irakasten zutela jakin zutenean ez zuten zalantzarik egin. Pako Juaristi eta Miren Vallejo ziren orduko irakasleak.
Ikasi zituzten trikitia, fandangoa eta bestelakoak haien eskutik, eta aurreskuarekin probatu zuten gero. “Iñaki Gorostizak [Santuru] irakatsi zigun aurreskua  dantzatzen, baina tarteka Inazio Etxeberria Parapan ere etortzen zela esango nuke. Aurreskua eta atzezkua esaten genion guk orduan. “Nik aurreskua
egiten nuen eta Josek atzezkua”, azaldu du Gurrutxagak. Taldetxoa batzen ziren, baina; 10-12 bat lagun, denak gizonezkoak.

Debuta, Santa Ana jaietan

Jende aurreko debuta Santa Ana egun batez egin zuten Santa Ana kalean bertan. Luis Gurrutxagak egin zuen aurreskua eta orduko hartan Jose Antonio Iriondok egin zuen atzezkua. Geroago sartu zen biko tandem horretan Jose Otaegi, Iriondoren ordez. “Esango nuke Txiki Egunez dantzatu genuen estreinako aldian ere Iriondok egin zuela atzezkua, baina ez nago seguru-seguru ere”, zehaztu du Gurrutxagak. Denbora joan da ordutik, eta lausotu zaie memoria ere, baina estreinako hura behintzat oso argi oroitzen du Gurrutxagak.

Ondo egin bide zuten, gainera, handik gutxira Txiki Egunez dantza egiteko proposamena egin zietelako. Garai hartan, mahoizko prakak eta alkandora zuria jantzi ohi zuten gizonezkoek egun horretan, eta erropa horiexekin irteten ziren dantzara ere, zapi gorria eta txapela jantzita, hori bai. Ongarriren egoitza baino gertuago zegoelako-edo, Baltasar egoitzatik irteten ziren plazara, eta Elgoibarko aurreskua dantzatzen zuten han. “Aurresku berezia zen. Handik eta hemendik hartutako
pausoak zituen, guk gure erara moldatutakoak”, esan du Otaegik. Hasiera-hasieratik, baina, dantzari haiek garbi izan zuten aurreskuak ezin zuela Txiki Eguneko dantza izan. Merezi zuela gehiago, eta horrenbestez, San Bartolome egunez, herriko patroiaren egunez, dantzatu beharrekoa zela; plazan, jakina. Eta halaxe eskatu zion dantzari eta txistulari taldetxo hark [Fernando Azpiazu eta Iñaki Egino ziren taldeko txistulariak] Udalari ere, Ongarri kultur elkartearen babesean.
“Ongarri kultur elkarteak berak merezi du guk besteko aitortza. Lan izugarria egin zuen Elgoibarren, eta dantzaren alde ere asko egin zuten”, esan du horren harira Otaegik.

Ordurako nola edo hala “profesionalizatzen” hasiak ziren dantzari gazte haiek, hein batean Jose Miguel Etxaniz zumarragarrari esker. Etxanizek Elgoibartarra zuen emaztea, eta zapaturo etortzen zen hona, lagunengana. Berak oso ondo ezagutzen zituen hango dantzak. Halaxe, Gipuzkoako aurreskua eta beste zenbait dantza ere irakatsi zizkien hark, Pilar ikastetxeko arkupeetan zapatu eta domeka goizetan egiten zituzten entseguetan. “Zumarragako aurreskua ikasi genuen. Gipuzkoako aurreskuaren antzekoa zen, baina ez horren balletizatua. Aurresku hark hiru buelta zituen, eta guk ordura arte egiten genuenak, berriz, bi”. Gaztedi dantza taldea zuten orduan elgoibartarrek ere erreferente nagusia, eta haiek ikustera eta haiengandik ikastera ere joaten ziren aukera zuten aldiro hemen gertu dantza egiten zutenean. “Aingeruen moduan egiten zuten dantzan, gaur Haritz dantza taldekoek egiten duten bezala”, dio Gurrutxagak.

San Bartolome egunez

Eta halako batean, iritsi zen egun handia. 1964an gertatu zen, Angel Ajubita alkate zen garaian. “Ni soldaduska egitetik itzuli eta pare bat urtera izan zen, 24 bat urte nituela”, oroitu du Gurrutxagak. Luzaroan nahi zutena lortu zuten, eta berezia, “oso berezia” egin zitzaien. Hain zen berezia, prestakuntza bera ere berezia izaten zela. “San Bartolome egunean, orkestrak jartzen zigun dantzarako erritmoa, eta orkestraren erritmoa motelagoa zenez gu txistulariekin egitera ohituta geundenaren aldean, Markinan Ansola anaiek grabatutako pieza batekin entsegatzen genuen. Ongarriko magnetofoiarekin joaten ginen Markinara, eta han lagatzen genien, astia zutenean beraiek grabatu ahal izateko”. “Hunkigarria” zen San Bartolome egunean plazara dantzara irtetea. “Txiki Egunekoaren aldean beste glamour bat zeukan”, dio Otaegik. Eta dantzariak ere zuriz jantzita irteten ziren, ekitaldi ofizialetan egin ohi zuten antzera. Gaur bezala, orduan ere jendetza handia batzen zela oroitzen dute eta “urduri, oso urduri” irteten zirela plazara. “Beldurgarria izaten zen. Hankak dar-dar izaten nituen nik neuk. Gure taldeko txistulariek behin baino gehiagotan esaten zidaten lasai egoteko eta pentsatzeko han zeuden buru denak kalabaza handiak zirela. Egiten nuen ahalegina lasaitzeko, baina ezin”, dio Gurrutxagak.

Gaur emazte dituztenak izaten ziren soka dantzara irteten aurrenak, Otaegiren arabera, baina gogoan dauka orduan ere ez zela beti erraza soka dantzara jendea batzea, eta hori gaurko aldean jendea ohituago zegoela orduan dantza sueltoan egitera. Izan ere, garai hartan jai arratsaldero izaten zen Elgoibarren dantzaldia Udal Musika Bandarekin [eta uda sasoian, gauez] eta atsedenaldietan txistulariek jotzen zuten, jendeak sueltoan dantzan egin zezan.

Dantzari haietako batzuei soldaduskara joateko ordua ere iritsi zitzaien, baina, eta berriek ordezkatu zituzten tarte horretan. Soldadu joateko deia jaso zutenetako bat Otaegi bera izan zen. “Bi urteko etena izan zen niretzat”, dio. Gurrutxagak ere urte batean egin zuen huts San Bartolome eguneko soka dantzan, arrazoi beragatik.

Herrigunetik kanpora egindako irteerak

“Gaurko Haritz dantzari taldearen profesionaltasunik gabe”, baina dantzari taldetxo hura ere hasi zen “seriotzen, talde itxura hartzen”. Herriko landa auzoetara joaten ziren dantzara, eskatzen zietenean. Ohikoak ziren, esate baterako, Idotorbeko jaietan eta baita Finalista Eguneko eta Morkaikoren eguneko ospakizunetan ere. Azkue auzora ere joan izan ziren, baina ez talde bezala. Hara aurreskularia eta atzezkularia bakarrik joan ohi ziren soka dantzara, soka bera auzotarrek osatzeko ohitura zutelako. Tallarretik irtenda joaten ziren halakoetan dantzara, eta dantza egin eta lanera itzultzen ziren berriro sarri askotan. “Egun horietan alkandora txuria jantzita joaten ginen lanera ere, gero zuzenean dantzara joan ahal izateko”, zehaztu dute. Madarixara eta Aizpurutxora ere joan izan ziren dantzara, azken horretara Julian Lekuona abadeak eskatuta. Aizpurutxora joan ziren egun hartan, gainera, Carlos Arrese Elgoibarko alkate izandakoa ere eurekin batera joan zen Azkoitira autobusez [Aizpurutxoa zeukan emaztea Arresek]. Afari-meriendatxoa egin ostean, Azkoitira zuzendu ziren denak eta han Elorza txirrindulariari egiten ari zitzaizkion omenaldiaren aitzakian sortutako jaiaz gozatzeko aukera izan zuten.

Anekdotetako bat baino ez da hori. Milaka dituzte, dantzak bazter asko eta batez ere jende asko ezagutzeko aukera eskaini zielako. “Baita urte askoan sasoian 
mantentzeko aukera ere”, bota du bat-batean Otaegik. Eta halaxe daude gaur ere: sasoiko. Gusto handiz ekin zioten dantzari gaztetan eta gusto handiagoz jarraitzen dute gaur euren ondorengoen jarduna. “Eta ez dadila dantzaren soka eten”, bota du Otaegik.

2014-08-23_Barren-Dantzaren-soka-01.jpg

 

2014-08-23_Barren-Dantzaren-soka-02.jpg  2014-08-23_Barren-Dantzaren-soka-03.jpg

Dokumentuaren akzioak