Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaren plazera, plazara

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren plazera, plazara

Ballet Biarritzen hamar urteak direla eta, Lapurdiko konpainiak zabalduko du hemezortzigarren Maitaldia, irailaren 12an. Hamar egunez, 23 dantza konpainia ariko dira Miarritzeko hainbat tokitan

Egilea
Xan Aire
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2008/06/27

Hemezortzi urteren buruan, jaialdi saihetsezina aurkeztu zuten atzo: Miarritzen (Lapurdi), irailaren 12tik 21era iraganen den Maitaldia dantza festibala. Beren buruaz segur, aurtengoan ere egitarau aberatsarekin bete baitituzte hamar egunak. «Gehienetan entzun dut, kritika gisa, dantza estilo gehiegi sartzen genituela. Gure ardatz bihurtu da. Maitaldia aberatsa da, eta hala izanen da», azaldu du Claveriek, programazio zuzendariak.

Garaikideak ala klasikoak, denekin lore sorta ederra isurtzen ahal dela uste du Claveriek. «Hainbat jatorritako jendeak elkartuz, topaketa ederrak lortzen dira. Jaialdi batek, ikusgarri batek eta dantzak bezala ere bai, funtsean jendeen arteko abentura izan behar du». Aurtengoan, Miarritzeko dantza erakundeen arteko lotura azpimarratuko dute: Maitaldia eta Ballet Biarritz. «Hori ere, jendeen arteko abentura. Hiri baten enbaxadore ezin hobeak, Frantziako Kultura Ministerioak begi onez ikusten dituenak».

Ballet Biarritzen hamar urteak direla eta, Lapurdiko konpainiak zabalduko du, irailaren 12an, aurtengo Maitaldia. «Jaialdia garrantzitsua izan zen balleta sortzeko unean. Baina taldeak nazioarteko ospea lortu badu, Thierry Malandain koreografoaren eta haren taldearen lanari esker lortu du», azaldu du Claveriek. «Etengabeko lana, eta sortzailearen talentua, dantzaren zerbitzuko eman dituzte beti. Ikusle guzien plazerarentzat». Malandainek ikusgarri berezia prestatu duela iragarri du Claveriek, konpainiaren hamar urteen omenaldi gisa. Dantzariaren eguneroko lana erakutsiko du, 1998tik honat sortu izan diren koregrafia hunkigarrienekin. «Gehiegikeriak baino, intimitatea nahiago baitu Malandainek».

Germaine Acogny, Josef Nadj

Ondotik, hamar eguneko besta izanen da, egunero bizpahiru ikusgarrirekin, entsegu publikoak aipatu gabe. Lau haizeetatik etorriak, oso estilo ezberdineko konpainien lanak ikusten ahalko dira. Eta izarrak hunkitzen ahalko. Israelgo Inbal Pinto taldea irailaren 13an arituko da. 16an, berriz, Germaine Acogny, «Afrikako dantzaren ama». 17an, berriz, Josef Nadj eta Dominique Mercyren elkarlana. Bestalde, Ravelen Bolero, eroetxean, ala dantza hankaz gora, Miarritzeko paretetan barna, Herriko Etxearen eta Kasinoaren artean, irailaren 20an. Hip hopa eta dantza klasikoa ere izanen dira egun horretan. Euskaldunei dagokienez, Miarritzekoez aparte, Donostiako Aukeran taldea, Bideak ikusgarriarekin, jaialdiko azken egunean.

Antzokiez gain, Miarritzeko gune guztiak baliatu nahi dituzte antolatzaileek dantzarako: karrika eta parkeak. «Dantzak jendea harrapatzea nahi baitugu». Dantzaren plazera, plazara, eta ikusgarriak doan. Hip hop tailer bat ere izanen da. Erakusketak, filmak. 18 urtetan, Maitaldiaren garaia baita.

 

 

«Gehienetan entzun dut dantza estilo gehiegi sartzen genituela. Gure ardatz bihurtu da»

«Hiriaren gune guziak baliatzen ditugu, dantzak jendea harrapatzea nahi baitugu»

Filgi Claverie

Programazio zuzendaria

Dokumentuaren akzioak