Dokumentuaren akzioak
Dantzaren planaz
Dantza Kulturaren Euskal Planean. Jaurlaritzak abian jarritako planean dantzaz ari den txostenaren irakurketa kritikoa egin du artikuluaren egileak.
Nazioarteko ereduen bila hasi eta balet konpainia erraldoienak aukeratu dira txosten horretarako. Badirudi konpainia handi-mandiez gain ez dagoela gauzak egiteko beste modurik. Europa dantzaren alorrean berritzaileak, irekiak, malguak, aberatsak, askotarikoak eta emankorrak diren dantza erakunde, eskola, proiektu, ekimen eta taldez beteta dago, eta Euskal Herrirako plan estrategikoa aztertzen hasten garenean, egitura handi, astun eta klasikoak hartu behar dira eredutzat?
Ondorio nagusitzat Euskal Balet konpainia sortzea proposatzen du txostenak, dantzari harrobia sustatzea eta nazioarteko dantza konpainia handiak ekartzea euskal antzokietara. Euskal Baleta sortzeko eredua nazioarteko balet konpainia handienei jarraituz egiten du: zuzendari artistiko entzutetsua, dantzari bikainak eta beharrezko staff guztia kontratatu, eta eskola eta baletaren lagunen fundazioa sortu. Zimendurik gabeko orubean eraiki nahi duen aberats berriaren handikeria dirudi horrek.
Sustrairik gabeko proiektu berri eta instituzionaletan sartu aurretik, zentzuzkoagoa dirudi dagoeneko bidean dauden ekimenak bultzatzea eta urratsez urrats egin beharreko bidean jartzea arreta. Ez legoke gaizki, gainera, Euskal Herrian dugun dantza konpainia profesional handi(-samar) bakarraren, Ballet Biarritzen, ibilbidea aintzat hartzea. Duen eskarmentua kontuan hartuta eta, dagoeneko eraikita dagoen azpiegitura duela ikusita, arrazoizkoa dirudi, Euskal Baleta sortu behar bada, Biarritzeko eredua kontuan hartuta egitea eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak hasitako bideari jarraituz, lankidetza akordioak aztertzeak.
Balet konpainia sendo bat bultzatzea egin beharreko urratsetako bat izan liteke, baina txostenaren akats larriena horrekin egiten den gehiegizko fokalizazioa dela iruditzen zait. Egiturazko gabezia larriak ditu dantzak Euskal Herrian, eta ez dirudi eliteko proiektu erraldoi bat denik horien konponbidea.
Dantzaren alorreko aditu eta eragileek dute orain txosten hori eztabaidatu eta proposamen berriak egiteko aukera. Ez dakit zeintzuk diren lan horretan diharduten adituak, baina dantzaren munduarekin lotura esturik baldin badute, ziur aski, proiektu handi-mandietan mozkortu gabe, dantzarentzat oinarri sendoak jarri beharrak kezkatuko ditu nagusiki. Dantza hezkuntza zabala jasotzeko espazioen premia dugu; estilo, korronte eta tradizio desberdinetatik edateko iturriak ireki behar ditugu; hezkuntza arautuan eta arautu gabean ikastaroak, han eta hemen, bertako eta kanpoko irakasleekin eskaini behar dira. Formazio aukerak ugari behar dira, eta horrekin batera, sormena sustatu eta babestu behar dugu. Ditugun sortzaile apurrei beraien lanak aurrera eramateko behar dituzten laguntzak eskaini behar dizkiegu. Dantzaren hedapena bermatzeko neurriak hartu behar dira; dantza ikuskizunen programazioa sustatu. Eta hori guztia orain arte, medio gutxiz baina adorez, dantzaren alorrean lanean jardun dutenak kontuan hartuta egin behar da.
Dokumentuaren akzioak