Dokumentuaren akzioak
Dantzaren olatuan, baserritarrak nagusi
Ez da festa egun soila. Euskal Jai egunak
sustrai sendoak ditu Zarautzen. Herrira iritsi, eta agerikoa da hori.
Bezperan lisatutako baserritar jantzi dotoreak soinean irteten dira
herritarrak kalera. Haur, gazte nahiz heldu, adinik ez du festak.
Goizean goizetik hamarretakoa edo hamaiketakoa egitera aurrena, herriko
kaleak hartzen dituen trikiti doinuekin erromeriara, ondoren. Urtea
joan urtea etorri, errepikatzen den tradizioa dute zarauztarrek.
Baina zarauztarrek soilik ez. Inguruko herrietatik asko
gerturatzen dira. Euskotrenen geltokira iristen den tren bakoitzetik
jende ilara handia jaisten da, eguerditik aurrera, batez ere. Gehienak
baserritarrez jantzita, festarako prest. Atzo ere halaxe gertatu zen.
Eguerdian egin zuten kaleek gainezka, baina ordurako
goiztiarrenek orduak zeramatzaten kalean. Izan ziren goizean goizeko
eresia jomuga izan zutenak, edota txistulari, trikitilari eta
dultzaineroak kalez kale abiatzearekin batera egunari ekin ziotenak.
Hamarretatik aurrera hasi zen giroa berotzen. Egun luzea aurretik,
indarrak hartzeko gosari edo hamaiketakoa hartzeko tenorea zuten.
Horretarako, taberna, elkarte eta bestelako lokalek balio zuten.
Txorizoa, urdaiazpikoa eta gazta ezin falta, arrautza frijitu pareaz
lagunduta. Sagardoa eta txakolina edateko.
Hamaiketakoa bukatu, eta kalera. Gazte koadrilak,
supermerkatuetako orgak, traktoreak eta bestelako garraiobideak edariz
eta jakiz beteta. Urtetik urtera bilakaera handia izaten ari dira orga
horiek.
Karroza berezia
Dantza eta dantza artean, izan zen une hunkigarririk; Jose Luis
Lasak dantzatutako aurreskua, esaterako. Duela mende erdi Zarauzko
kaleak zeharkatu zituen danbolin eta txistu itxurako karrozaren
erreplika egin du aurten Lasak, eta eguerdi parteko karroza desfilean
geldialdia egin zuten Musika plazan, Lasak berak, karrozara igo, eta
aurreskua dantzatu zezan. Koadrilako lagunen eta zarauztar askoren
txalo zaparrada jaso zuen Lasak, hunkituta. Desfilean beste hiru
karroza ere kaleratu zituzten, tartean Jose Mari Zuazobidek
diseinatutako Jostundegia.
Eta desfilearen ondotik iritsi zen gorputza astintzeko ordua.
1920ko urteetatik Euskal Jai eguneko ekitaldi nagusia izaten da
erromeria, Musika plazan eguerdian, eta Iñurritzako zelaian
arratsaldean. Bi guneen arteko lotura karroza, trikitilari, dultzainero
eta txistulariekin kalejiran osatu zuten. Geratu gabe aritu zen jendea
dantzan arratsalde osoan, eta indarrei eutsi zietenek gaueko ordu
txikietaraino jarraitu zuten dantzan.
Dokumentuaren akzioak