Dokumentuaren akzioak
Dantzaren nazioarteko eguna
Josu MUJIKA | Gipuzkoako dantza elkartearen lehendakaria
«Dantzaren egoera hobetzeko plan orokor bat beharrezkoa litzateke»
Josu Mujika Gipuzkoako Dantza Profesionalen lehendakaria da datorren irailean zuzendaritza aldatu bitartean. Hiru urte zuzendaritza lanetan ibili ostean, Elgoibarkoak elkartearen lana ontzat jo du. «Kulturaren Euskal Planean parte hartu dugu; Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiarekin bilerak egiteaz gainera, haiekin harreman ona izan dugu; eta prentsan gehiago agertu gara nabarmendu du dantzariak. Halere, horrek ez du esan nahi zuzendaritza aldatuta hori bukatuko denik, ezta egiteko gauzarik ez dagoenik ere. Hurrengoek bide horretatik jarrai dezatela espero dut eta bultzada handia eman diezaiotela dantzari».
Euskal Herrian dantzak duen egoerari dagokionez, Josu Mujikak kritika zorrotza egin du. «Dantzatik bizi ahal izatea oso zaila da, eta kito», adierazi du erabat etsita. «Antzerkiaren egoera ere ona ez den arren, telebistan agertzea aukera bat da. Baina dantza ikuskizunak zabaltzea zaila da. Telebistan agertzeko aukera bakarra dantzako varieté delakoak egitea da eta hemen ez dira horrelako gauzak egiten. Hori diote saltzaileek, dantza emanaldiak saltzea zaila dela, besteak beste, ulergaitza delako ikuslearentzat adierazi du Mujikak. Ondorioz, dantzatik bizitzeko zortea izan dugunok kanpora joan behar izan dugu».
Josu Mujikak argi ikusten du dantzaren egoerari irtenbide bat emateko erantzuna zein izan litekeen. Bere iritziz, plan orokor bat aurkeztu beharko litzateke produkzio, hezkuntza eta zabalkunde arloetan. «Alde batetik, goi mailako kontserbatorioa beharko luke eta bertan titulua eskuratu ahal izango litzateke. Beste alde batetik, eskoletan musika ematen duten moduan, dantza ere sartuko nuke hezkuntza arloan, eta Batxilergoa ere hortik bideratu. Alde horretatik, profesionalak sortuko lirateke. Profesional horiei laguntzeko zabalkundea beharrezkoa litzateke. Izan ere, herri txikia gara eta kanpora atera beharko genuke, baina, noski, horrek denak hasieran bultzada handi bat beharko luke eta horretarako erakunde publikoen laguntza ezinbestekoa litzateke», esan du.
Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartearen egitarauan, aurten hirugarren urtez, Dantza sariak antolatu dituzte. Oraingo honetan, aurreko edizioetan ez bezala, erakundeak ez ezik, dantzari bat ere omendu nahi izan du. «Urtzi Aranburu sarituko dugu bere ibilbide profesionalarengatik, Donostiako eskoletan ibili eta gero, nazioarteko talde ospetsu baten bakarlaria izatera heldu delako eta berak lortu duena gauza erreza ez delako», nabarmendu du Mujikak.
Jon MAYA | Dantzaria eta koreografoa
«Herri hau ez da gai dantzari profesionalak sortu eta mantentzeko»
Dantza talde tradizionaletan beti egon dira dantzariak, hori bai, garaiaren arabera, gehiago edo gutxiago, baina beti mantendu izan da kontua. Arazoa dantzari profesionalaz aritzen garenean izaten da. Dantza klasikoko eta garaikideko euskal dantzari profesionalak egon badaude baina nolabait hori ere ez da guztiz egia; izan ere, guztiek kanpora alde egiten dute», azaldu du Jon Maya dantzariak.
Jon euskal dantza tradizionalaren mundutik dator eta horregatik agian ez du sekula kontuan hartu ibilbide profesionala garatzeko kanpora joateko aukera. «Klasikoa edo garaikidea egin nahi izan banu, eztabaidan jarriko nuen, ordea. Orain arte beti egin dugu hemen lan baita hezi ere», onartu du. Hala eta guztiz ere, Jon pozik dago neurri batean edo bestean dantzaz bizitzeko aukera daukalako, egun dantza irakaslea baita besteak beste.
Errenteriakoa dantzari izatetik Kukai dantza taldeko koreografoa izatera pasatu da. Duela bi urte beste dantzari batzuekin batera abian jarri zuen taldean dihardu egun Mayak. «Gurea, nahiz eta oinarri tradizionala izan, beste ikuskizun eta formatu batzuk lantzeko modua da», nabarmendu du gazteak. Kukai taldeak "Gernika, 1937" ikuskizuna estreinatu zuen, eta orain, "Otehitzari biraka" emanaldiaren aurkezpenean dihardu. «Honi begiratuz gero, egia da gauza berriak egiten ari direla Euskal Herrian, baina ezin hitz egin profesionaltasunaz; izan ere, dantzaz gain, gehienek beste lan bat behar izaten dute esan du Mayak. Nik, alde horretatik, zortea izan dut dudan denbora osoa dantzari eskaintzen diotelako». Hala ere, gazteak azaldu du Euskal Herrian dantzak irtenbide gutxi duela. Jonek honakoa adierazi du: «Euskal Herrian konpainia profesionalik ez dago ez modu zuzenenean ezta beste estiloetan ere; adibidez, dantza garaikidean, bizirik irauteko arazo itzelak dituzte. Konpainia bakarra Biarrizko baleta da baina Frantziako diruarekin lagunduta egonik, ez da Euskal Herrian sorturikoa. Tradizioa badaukagu herri honetan, baina aldi berean ikusten dugu herri hau ez dela gai dantzari profesionalak sortu eta horren arabera mantentzeko, eta, ondorioz, dantzaz bizi ahal izateko».
Dantzari eta koreografo gaztea gustura aritzen da bere jardueran, eta honako hau azaldu du: «Jarduten dugunaren arabera, dudarik ez konpainia profesionala osatzea gustatuko litzaidakeela». Zenbait emanaldi egiten ditu urtean Kukai dantza taldeak, baina taldekideak aipatu duenez, horrekin soilik ezin da bizi.
«Euskal kultura munduko plazan jarri behar dela askotan esan dugu baina ikusten dugu ez dagoela landuta. Ez dago harremanik; ez dakigu nora joan edo nora jo; ez dago lekurik gure lanak aurkezteko ezta egindakoari beste dimentsio bat emateko. Ez dago sarerik osaturik esan du. Kanpora begiratzen hasten zarenean ez da kontu erraza, eremu hori guztia landu gabe dagoenez gero, mugak baitaude. Ondorioz, pentsatzen dut lan asko egin behar dugula gure produkzioak kanpora modu duinean atera ahal izateko, eta horretarako, azpiegitura sendoa behar da».
Urtzi ARANBURU | Nederlands Dans Theater taldeko dantzaria
«Nire herrian gehiago dantzatu ez izanaz penatuta nago»
Urtzi Aranburu gaur Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak emango dion sari banaketara pozik doa erabat. Holandatik etorri da Euskal Herrira aurten ezuste atsegin hori jasotzeko. «Hemezortzi urte daramatzat etxetik kanpo lanean, eta, alde horretatik, Dantza saria jaso behar nuela adierazi zidatenean asko poztu nintzen», esan du Donostiako nazioarteko dantzari profesionalak. Bere ibilbide profesionalari ematen dioten lehenbiziko saria da Urtzik gaur Donostiako udaletxean 12.00etan jasoko duena. Nederlans dantza taldeak duen programa dela-eta lanpetuta dago eta gutxitan etortzen da Urtzi jaioterrira, baina oraingo hau aukera berezia da. «Seguru asko beste askok ere mereziko lukete sari hau, nik bezala lan handia egin dutelako azken urte hauetan», aipatu du.
Urtzi euskal dantza ikasten hasi zen Lorenzo Gorrotxategirekin Gaztetxo dantza taldean; ostean, Mentxu Medelen dantza akademian dantza klasikoa egiten hasi zen eta geroago, Iñaki Kandaren akademian dantza garaikidea ikasten jardun zen. Hamabost urterekin, Madrilen Luis Funetren dantza estudioan ikasteko beka jaso zuen Aranburuk. Ordutik, kanpoan ibili da mundu osoan zehar, 1991z geroztik, Nederland Dans Theater Holandako talde ospetsuarekin.
Urtzik Euskal Herritik kanpo denbora handia darama eta adierazi du bertako dantzaren egoeran ez dagoela oso jantzia. «Jone San Martin Alemanian aritzen den Donostiako dantzari profesionalarekin harremana dut eta askotan aipatzen dugu penagarria dela lanean etxean ez aritzea. Hala eta guztiz ere, esan beharra dago Donostian irakasle eta eskola oso onak daudela. Nahiz eta konpainia profesional bat ez egon; bertan dagoen kalitatea altua da. Nik hori ikusten dut entzunaldietan bertako dantzarien maila ikusten dudanean, eta horrek esan nahi du oso maisu onak daudela Euskal Herrian».
Aranburuk 33 urte ditu eta munduko hainbat eta hainbat tokitan egin du dantza Nederlands Dans taldearekin, hala nola, Europan, Asian, Australian, Zeelanda Berrian, Afrikan eta Ipar eta Hego Amerikan baina arantza bat geratzen zaio. Honako hau: «Kursaalen dantzatu ez izana». «Donostian gutxitan dantzatu naiz eta nire herria denez gero, gustatuko litzaidake inoiz hona emanaldi bat egitera etortzea», nabarmendu du.
Nederlands Dans Theater taldean bakarlaria izatea lortu du Urtzi Aranburuk urteen poderioz, eta lanpetuta dabil oso Holandako nazioarteko talde ospetsu horretan. Bere etorkizunari dagokionez, etxera bueltatzea ez du baztertzen donostiarrak. «Egia da denbora handia egon naizela etxetik kanpo, eta buelta naitekeela. Aukeren artean goi mailako eskola bat sortzea dago; zergatik ez bada? Baina gauzak ez daude garbi mementoz, hortaz, ez dut ezer esango, ez baitut ezer pentsatu», adierazi du.
Dantza klasiko eta garaikide arloetan, euskal dantza tradizionaletan ez bezala, mutilak eskas dira Euskal Herrian; baina ez, aldiz, munduan Urtzik ziurtatu duenez. Urtzik honako hau adierazi du bukatzeko: «Aurten lehenengo aldiz Dantza saria pertsona bati eman diote eta ez erakunde bati. Pentsatzen dut sariak, estereotipoak apurtzeaz gain, gainerakoak dantza egitera animatzea bilatuko duela».
Pantxika TELLERIA | Elirale dantza taldeko zuzendari eta koreografoa
«Dantzaren egoera traketsa da mundu osoan, ez gurean bakarrik»
J azz, klasikoa, garaikidea eta euskal dantza erritmoak landu zituen Pantxika Telleriak dantzaria izan zen bitartean Izan ere, euskal dantza munduan hasi eta laster beste estilo batzuk jorratu zituen, lesio batek eraginda dantza egiteari utzi zion arte. Koreografia lanetan jardutera behartu zuen hark. Orduan, Elirale konpainia sortu zuen Donibane Lohizunen dantzari profesionalen sorkuntza profesionala xede izanik.
Euskal Herrian sortzen diren dantzarien profesionaltasunari buruz galdetzean, Pantxikak onartu du dantza eskola profesionalik ez dagoela baina, hala eta guztiz ere, baikor da dantzak publikoarengan sortzen duen ikusmiragatik. «Egia da dantzari profesionalak sortzeko leku aproposik ez dagoela baina memento berean ikusten dut jendearengan gogoa dagoela dantza egiteko. Hemen, Ipar Euskal Herrian, behintzat, herriko dantza ikusteko gogoa dagoela antzematen da, eta euskal dantza tradizionala maite dela agerian da nabarmendu du Telleriak. Jendeak duen ikusmin hori publiko bat sortzen ari da dantzaren inguruan, eta horrek nolabait ahalbidetzen du emanaldien prestakuntza. Publiko bat baitago bertan».
Koreografo horren ikuspegiaren arabera, dagoen egoera idealena ez den arren, begi onez ikusten du dantzak bizi duen garaia. «Dantza profesionalen eskolarik ez egon arren, ez da eskola bat amets egin behar. Izan ere, hiriburu nagusietan eskolak daude, nahiz eta profesionalak ez izan, eta eskola horiek oso onak dira esan du Pantxika Telleriak. Azken finean, koreografo batek bertako nahiz kanpoko jendearekin egiten du lan, baina, batez ere, lotuta dagoen pertsonekin arituko da. Demagun nire kasua, nik japoniar bat, korear bat, bretainiar bat eta paristar pare bat dauzkat. Dantzak zerbait baldin badu, mugen gainetik pasatzen dela du. Hortaz, nik ez dut pentsatzen Euskal Herriarekiko nire egoeran, ez zait biziki interesatzen eta».
Hego eta Ipar Euskal Herrian dantza profesionalean egon daitekeen aldeari buruz honakoa adierazi du Pantxikak: «Alderik egon badago: alde batetik, Hego Euskal Herrian biztanle gehiago dago eta gauza gehiago egiten dira, baita proposamen gehiago ere. Halere, ez dugu ametsik egin behar, azken finean, dantzaren egoera leku guztietan berdina baita, hau da, nahiko traketsa». Telleria kritikoa da bere buruarekin, eta, bere ustean, dantzaren egoeran dantzarien jarrerak ere zerikusi handia dauka. «Dantzak izan dezakeen egoera ez da ez gobernu ezta herri baten arazoa ere, nire ustean, baizik eta guk geuk gure lana baloratzen ez dakigunaren ondorioa. Hau da, musikari batek bere lana guk baino gehiago baloratzen du. Halere, dantza arte bezala, musika izan daitekeen baino zailagoa suertatzen da publikoari dagokionez».
Pantxikak honako hau nabarmendu du: «Hala eta guztiz ere, Hego Euskal Herrian Dantzaren Nazioarteko Eguna egiten dute; eta Ipar Euskal Herrian, aldiz, ez».
Dokumentuaren akzioak