Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaren Maitaldia irailean itzuliko da, Miarritzen eta beste hamasei herritan

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren Maitaldia irailean itzuliko da, Miarritzen eta beste hamasei herritan

Egilea
Leire Casamajou Elkegarai
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2024/05/28
Lotura
Berria

Jaialdiaren aurkezpenaren irudi bat, Miarritzeko biltzar jauregian. GUILLAUME FAVEAU

Jaialdiaren aurkezpenaren irudi bat, Miarritzeko biltzar jauregian. GUILLAUME FAVEAU 

Dantzaren Maitaldia antolatuko dute 34. aldiz, eta betiko aniztasuna nabari zaio gaur goizean aurkeztu duten programari. Berrogei ekitaldi antolatu dituzte, horietako 28 antzokietan eta 37 dohainik. 41 dantza konpainia, zazpi sorkuntza edo estreinaldi, eta hamazazpi herri. Thierry Malandain koreografoak erran du: «Ekintza artistikoa baino gehiago, ekintza politikoa da: forma, genero eta estilo guziak biltzen ditu». Hamar egunez bilduko dira dantzaren inguruan, heldu den irailaren 4tik 16ra bitarte.

Betiko gisan, lau kategoriatan desberdindu dituzte ikuskizunak: balletak, Koreografia Zentro Nazionalak, Malandainek akonpainatzen dituen artistak, eta hiru kategoria horietarik bakar batean ere sartzen ez direnak baina antolatzaileen «bihozkada» bezala definitu dituztenak. Mundu osoko artistak helduko dira Euskal Herrira Dantzaren Maitaldiaren karietara, baina baita Biarnora eta Landetara ere, aurten lehen aldiko. Ospakizuna zabalduz doa, hots, eta zenbait eragile berri lotu dira dantzara.

Balletak eta KZNak

Aurten, sei ballet ikusgai izanen dira Dantzaren Maitaldian. Berne balletak eskainiko du Maitaldiaren irekitze ikusgarri ofiziala, eta, horren karietara, On Kixote ikuskizuna aurkeztuko dute dantzariek: On Kixoteren bertsio berri bat da; arte martzialen ohidurazko mugimenduak eta itzal handiko suitzar Belatako dantzarien jeinu handi dotoretsuak uztartzen dituena.

Besteak beste, X Schwerin balleta ere hor izanen da, eta BACH-pest-present-futur aurkeztuko du. Jean Sebastien Bach musikariari omenaldia egiten dion ikuskizuna da, alemaniako dantza teknika klasikoekin. Monte-Carlo Balletek La Mégère apprivoisée emanen dute, eta Metzeko balletak, Tango vertige. Azken horrek berezitasun bat du, zeren hiru Jai Alai gelatan emanen baitute ikusgarria: Bardozekoan (Lapurdi), Donibane-Garazikoan (Baxenabarre) eta Maulekoan (Zuberoa).

Balletez beste, Koreografia Zentro Nazionalek ere tokia ukanen dute Maitaldian aurten, betitik hala den gisan. Antolatzaileek zera zehaztu dute, gainera: «Koreografia Zentro Nazionalak sortu, eta 40. urtebetetzearen baitan kokatzen da Dantzaren Maitaldiaren 34. aldia». 

Maitaldiko euskal castinga

Mundu osoari begira jarriz gero, garrantzitsua ere bada lekuko ekoizpenen aitzineratzea, eta, hain zuzen, Euskal Herrian berean bada zer aukeratu dantzaren alorrean. Hiru euskal konpainiak Dantzaren Maitaldian parte hartuko dute aurten. Lehenik, Bilaka Kolektiboak Ilauna ikuskizuna aurkeztuko du Atabal gelan (Miarritze), irailaren 13an, ostiral gauez, 22:00etan. Gau beltzaren inguruko ikusgarria da, zeren ilaunak, kasu horretan, fite eskapatzen den ilargiari egiten baitio erreferentzia. Ihauteri giroan aitzina doa dantza ikuskizuna, alboka eta perkusio airez josirik.

Hego Euskal Herritik Dantzaz konpainia jinen da Luhusoko (Lapurdi) Harri Xuri gelaraino, biharamunean, irailaren 14an, larunbat gauez, 20:00etan. Distirak ikusgarria emanen dute. Eta, bukatzeko, Kukai Dantza ere arituko da Maitaldiaren azken egunean, Atharratzen (Zuberoa), irailaren 16an, astelehenez, 10:30ean. Euskorleans aurkeztuko dute, bi kultura nahasten dituen ikuskizuna.

Ikusgarriez harago, zehaztu dute zenbait errepika publiko ere antolatuak direla, mintzaldiak, eta atelier parte hartzaileak. Helburua, dantza denen eskura heltzea dute, eremu desberdinak sortuz, hala ikusgarri geletan, nola Ipar Euskal herriko karriketan. Txartelak egundanik eskuratu daitezke Dantzaren Maitaldiaren webgunean.

Dokumentuaren akzioak