Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaren lekua

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren lekua

Egilea
Lorea Agirre
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Iritzia
Data
2000/05/06

Dantza tradizionalak garai batean bazuen bere lekua gizartean. Baina bizimodu modernoarekin batera erritual berriak etorri zirenetik dantzak ez du bere lekurik topatzen. Garai batean dantza bakoitzak zuen bere lekua jendearen bizitzan: urtaroen iritsieran, lanbideen osagarritasunean edota norberaren bizi garai berrien atarian. Norbanakoa sozializatzeko, taldean bere lekua izateko, bitarteko izan dira euskal dantzak. Beren errituala bete dute. Baina behin funtzionaltasun horiek galduta simulakroa baino ez zaio geratzen dantzariari. Gordin samarra dirudi, baina dantzari bat antzokiko oholtza gainera igo eta pausoak ahalik eta zehatzen eta aratzen ematen saiatzen den aldiko simulatzen ari da. Besterik da erromeria batean, esaterako, dantza dantzatze hutsez gozatzen bada, eta urratsak barne pozak eta norberaren abildadearen arabera aldatzeko ausardiarik bada. Baina horrelakorik apenas geratzen den, erromeriak gaur egun bestelakoak direlako. Eta horrek badu bere arriskua. Esate batera, dantza tradizionala berez beharko lukeen baino tradizionalago eta aldagaitzago nahi izatea. Edota errituala simulakro bilakatu den bezala, folklorea folklorekeria bihurtzea ere ez da kontu saiheste erraza.



Dantza tradizionalak, dantza garaikideak, dantza oro har, gurean ez du lekurik, eta horregatik pilatzen dira ekimenak eta emanaldiak maiatzean. Maiatzean uholdea eta urtean zehar agortea. Lekurik eza (di)simulatzerik balego bezala.

Dokumentuaren akzioak