Dokumentuaren akzioak
Dantzaren jatorrietara
Peio Otanok eta Erregelak taldeak dantza historikoan oinarritutako ikuskizun bat estreinatu berri dute Musikaste jaialdian: 'Le Basque'
Hain zuzen, bere azken lanaren emaitza aste honetan ikusteko aukera izan da, Errenteriako Musikaste jaialdian. Bertan, Ensemble Diatessaron aintzinako musika taldearekin batera, Le Basque ikuskizuna aurkeztu zuen Erregelak dantza historikoaren tailerrak.
Hala ere, Otanok dantza historikoaren alorrean egindako ibilbideak dagoeneko 10 urte ditu. Dantzari dagokionez, Iruña Dantza Taldean hasi zen eta, ondoren, beste lau urte egin zituen dantza garaikidean. Baina musikari gisa ere aritzen da Otano, eta horri esker ezagutu zuen dantza historikoa. «1995. urtean Belgikara joan nintzen, flauta ikastaro bat egitera. Han, musikarientzat prestatutako dantza ikasgai bat genuen, eta bertan ezagutu nuen lehenengo aldiz dantza historikoa. Berehala konturatu nintzen ordura arte nik egindakoarekin harmean estua zuela; hau da, euskal dantzekin antzekotasunak bazituela».
Apurka-apurka horretan murgiltzen joan zen, eta Belgikan bertan opera bateko koreografiak sortzeko proposamena egin zioten. Baiezkoa ematearekin batera, Erregelak sortu zuen, eta bere ibilbideko aro berri bat hasi zuen.
Herri dantzaren tankera
Dantza historikoa izenaren atzean XVII. eta XVIII. mendeetako ohiturak eta dantzak gordetzen dira. «La belle dance-ko garaia islatzen du dantza estilo honek; dantza akademikoak oraindik sortzeko bidean zenean egindako lehenengo urratsak adierazten dizkigu». Batez ere, «argien aro» horretan Frantzian sortutako dantzak dira hauek guztiak, baina garai berean Italian sortutakoak ere badira.
Dantza akademikoarekin hastapenetako urratsak izanda ere, Otanok herri dantzaren tankera hartu zien XVII. zein XVIII. mendeetako dantza hauei. «Dinamika aldetik herri dantzekin parekotasun handia dutela iruditzen zait, eta uste dut ni horregatik sartu nintzela horren azkar horretan». Adibide gisa, Otanok dio oinarri akademiko handia duten dantzariek nekez lortzen dutela dantza historikoetan «txukun moldatzea». Aldiz, herri dantzetan edo dantza garaikidean aritutakoak azkar moldatzen dira. «Urratsak batzeko modua, dantzarien artean sortzen den harremana, gorputzaren jarrerak... faktore askoren eragina da».
Elementu ezagun ugari
Erregelak taldeak ez du dantza konpainia eta dantza talde iraunkor baten gisa lan egiten, jasotzen dituen eskarien arabera prestatzen ditu ikuskizunak. Peio Otano bera da taldearen ardatza, eta muntaiaren arabera biltzen du jendea bere proiektuetarako. Le Basque egiteko, esate baterako, Garbiñe Solano eta Eva Narejos dantzariekin batera aritzen da.
Asteartean Errenterian egindako emanaldia estreinaldi baten gisa jaso dute dantzariek. Ensemble Diatessaron musika taldea zuzenean lagun zutela, esperientzia berri bati ekin zioten. Saioak hiru zati ditu. Lehenengoak, ikuskizunaren izen berekoak, aro barrokoko gorteetanko dantzak biltzen ditu. Dotore jantzitako bikoteen arteko dantza iradokitzaileek osatzen dute. Quiron & Axatina izeneko bigarren zatian, zamaltzain tankerako pertsonaia batek emakume zingaroarekin duen harremana azaltzen du, eta hirugarrenean, hiru dantzariek jolas giroko dantza dibertigarriak biltzen dituzte.
Batez ere bigarren eta hirugarren pasarteetan doinu eta dantza urrats ezagun ugari jaso ditu Otanok. Humboldt, Albeniz eta Iztuetaren koadernoetatik hartutako doinu ugari azaltzen dira, eta Gipuzkoako zein Zuberoako dantzen keinu guari ere bai. Esanguratsuak dira, adibidez, Zuberoako Godaletaren doinuaren inguruan bi dantzariek osatutako mugimendu jostagarriak eta musikariek egindako moldaketa ederra.
Izan ere, ikuskizun honetan ageri diren elementu gehienak ezagunak gertatzen dira. Noizbait ikusi eta entzundakoak dira, baina aldi berean forma berri eta berezi batekin jasotzen dira.
Janzkerak, dantza estiloak, musika tresnek... Elementu guztiek berezitasun nabari bat islatzen dute eta, horregatik, ikuskizun guztia berezi da. Saioa erabat arrakastatsua izan zen, eta, dantza historikoa hedatzea oso zaila dela onartu arren, Otanok estreinaldi hau beren lana ezagutarazteko baliatu nahi du.
Le Basque
Parte-hartzaileak: Erregelak dantza historikoko tailerra eta Ensemble Diatessaron.
Dantzariak: Garbiñe Solano, Eva Narejos eta Peio Otano.
Musikariak: Silvia Mondino (biolin barrokoa), Juantxo Vega (flautak eta txirula), Elena Martinez de Murgia (da ganba biola) Sebastien Wonner (klabezina), Rafael Bonavita (gitarra barrokoa) eta David Mayoral (perkusioa).
Koreografia: Peio Otano.
Dokumentuaren akzioak