Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaren izarrak, Gaiarren

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren izarrak, Gaiarren

Klasikoa, garaikidea eta flamenkoa batuko ditu Dantzaren Izarrak jaialdiak

Egilea
E. Elizondo
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2003/01/03

Ohitura bilakatu da Iruñean urte berriari ongi etorria dantzarekin egitea, eta hirugarrenez Dantzaren Izarrak jaialdia antolatu du Nafarroako Gobernuko Kultura Sailak dantza klasikoaren, garaikidearen eta flamenkoaren esparruko dantzariekin. Tartean izanen da Lucia Lakarra zumaiarra. Nijinski saria jaso berri du. Gaur eta bihar izanen dira emanaldiak, arratsaldeko 20:00etan.

Dantzaren Izarrak jaialdiaren orain arteko ekitaldi guztietan izan da Lakarra; pozik etortzen da Iruñera, «etxean dantzatzeko aukera gutxi» baitu, eta eskertzen du, biziki, «lagunen, senitartekoen aurrean» dantzatzeko parada edukitzea.

Bost urtez izan da Ameriketako Estatu Batuetan, azken boladan San Franciscon; baina joan den irailaz geroztik, Alemanian da, Municheko Operako Baleteko lehen dantzaria baita. «Europara itzultzeko gogoa nuen, dantzaren gunera», erran dio Egunkariari.

Lakarra hasteko eta bukatzeko

Lakarra Cyril Pierre dantzariarekin ariko da Gaiarren. Biok hasiko dute gaurko eta biharko jaialdia, Raymonda izenburuko piezarekin. Marius Petiparena da koreografia, eta musika, berriz, Alexander Glasunow musikariarena.

Lehen zatian ariko dira haien ondotik Marta Coronado eta Benjamin Boar. Etxean izanen da Coronado, iruindarra baita. The Beffies saria jaso berri du nafarrak. RCuerdaM izenburuko koreografia aurkeztuko dute, Coronadok berak prestatua. Haien ondotik, Joaquin Ruizek parte hartuko du, flamenko pieza batekin. Berak osatu Solea aurkeztuko du dantzariak.

Itsaso Alvarez dantzari iruindarrak hasiko du bigarren zatia, Rodando piezarekin. Dantza garaikidearen esparruan Almudena Lobonekin hasi zen, eta egun, Hojarasca Danza konpainiako kide da. Berak prestatu du Gaiarren aurkeztuko duen koreografia Axel Krygier konpositorearen musikarekin.

Damian Muñozek eta Virginia Garciak Yo notaba la comida algo amarga eskainiko dute gero. Carmen Corella eta David Hallberg dantzariek, berriz, Giselle aurkeztuko dute bigarren zatian. Coronado eta Boer ere oholtzan izanen dira berriz bigarren zatian, A1 o A2, collage musical de varias piezas obrarekin. Lakarrak eta Pierrek ere bigarren obra bat eskainiko dute: La dama de las camelias.

Dokumentuaren akzioak