Dokumentuaren akzioak
Dantzaren hizkuntza elkar topatzeko
Dantzaz konpainiak 'Mintzo' estreinatuko du larunbatean Donostian, inkomunikazioa oinarri duen ikuskizuna
2010eko egitarauan «apustu arras ezberdina» egin dutela nabarmendu du
Filgie Claverie konpainiako zuzendariak. Batetik, koreografo berriekin
lan egiteko apustua egin du konpainiak. Hain zuzen, Dantzaz-en bi urtez
aritu eta egun Nurenbergeko Balletean (Alemania) ari da Sophie Antoine,
eta Dis-Connected koreografia prestatu du Mintzo-rako.
Elkar ezagutzen ez duten hainbat herrialdetako dantzariz osatutako
taldea da piezaren ardatza; dantzarien topaketaz, elkargune horretara
iristeko gorputzaren hizkuntzaz, komunikazioaz eta inkomunikazioaz ari
da.
«Europako koreografo handiekin lan egitea erabaki dugu,
dantzaren aniztasuna erakusteko», Claverieren hitzetan. Hala, Hilde Koch
dantzari eta koreografoaren bi proposamen interpretatuko dituzte Mintzo-n.
Batetik, iaz Viktoria Eugenian estreinatutako Torque pieza.
Eta bestetik, Laurie Andersonen musikan oinarritutako Smoke Rings -larunbatean
estreinatuko da-. «Pieza honek umorea du, musikaren testua nahiko
absurdoa da, ez du ez hanka ez buru. Baina erritmo errepikakor horrekin,
dantzari hauekin beste saltsa batean sartu nahi izan dut». Lau dantzari
aukeratu ditu horretarako. «Niretzat, koreografo gisa, erronka bat da
beste hizkuntza mota batzuk bilatzea». Kochen ustez, dantzarientzat ez
ezik, koreografoentzat ere bultzada garrantzitsua dela uste du.
Atzerriari ateak zabaltzea
Jone San Martin dantzari eta koreografoak, berriz, Gorputitz
pieza prestatu du ikuskizunerako. Konpainia osoarekin prestatu du
pieza, «guztiekin maiteminduta» dagoelako. «Argia-musika-ekintza
kontestutik ateratzen den pieza egin nahi izan dut; taula gaineko
espazioaren esplorazioa landu dut, eta musikak nola eragiten digun ere
aztertu dut».
Donostian lan egiteko aukera guztiz berria eta eskertzekoa da,
San Martinentzat. «Dantzaz-en proposamenetik interesgarria iruditu zait
hemendik atzerrira ateak irekitzea. Gu kanpoan ari gara lanean, eta zubi
hori garrantzitsua iruditzen zait: non dauden haiek, non gauden gu, non
elkar topatu dezakegun, eta zer ekar diezaiekegun Donostiako ikusleei».
Dantzaz-en proposamena «erabat profesionala, irekia eta oso suharra»
dela dio koreografo donostiarrak.
Konpainia gaztea
2002an sortu zen Dantzaz konpainia, eta hastapenetik «edozein
modutara dantza garatzea» izan du helburu, Claveriek azaldu duenez.
Helburu hori lortze aldera, bi lan tresna nagusi ditu egitasmoak.
Batetik, eskoletan egiten dituzten sentiberatze kanpainak. Urtarriletik
hona 88 tailer egin ditu Dantzaz-ek ikastetxeetan, eta 800 bat ikaslek
parte hartu dute. «Hau, guretzat, geroari buruzko urrats izugarri
inportanta da, dantzarako publiko baten eraikitzeko».
Bestetik, konpainia bera aipatu du dantza garatzeko helburu
horretan lan tresna nagusi gisa. Normalki hamar dantzarik osatzen dute
taldea, baina orain bederatzi dira, Sophie Antoinek kontratua lortu
baitu Nurenbergen. Konpainia sortu zenetik 32 dantzari aritu dira, eta
haietatik 23k lortu dute kontraturen bat Europako talderen batean.
«Arrakasta garrantzitsua da guretzat, horregatik baitakigu gure
helburua, dantzari profesionalen prestatzea, lortzen dugula
emeki-emeki».
18 eta 23 urte artean dituzte taldekideek, eta Dantzaz-ek urtero
egiten duen hautaprobaren bidez aukeratzen dituzte. Orain bi aste egin
zuen aurtengoa, eta 157 hautagai aurkeztu ziren. Europa osotik
iritsitako gazteek parte hartu zutela nabarmendu du zuzendariak: Euskal
Herrikoak ez ezik, Katalunia, Frantzia, Espainia, Belgika, Suitza,
Suedia, Finlandia, Portugal, Alemania, Txekia edo Poloniatik
iritsitakoak ere izan ziren. «Zinez lortu dugu Europa osoan onartuak
izatea gazte konpainia on baten moduan».
Dantzaz-era hurbiltzen diren gazteek dantzari profesional
bilakatu nahi dutela uste du Claveriek, «eta badakite gurekin lan eginen
dutela». Irailetik ekainera, esaterako, 40 emanaldi egin dituzte,
askotariko agertokietan: hala nola Donostia erdiguneko azoka batean performance
bat, Herri Urratsen beste saio bat, eta Pragan eta Stutgarten. Datozen
sei hilabeteetarako ikuskizunak lotuta dituzte jada, tartean uztailean
izango dena, Euskal Herria Zuzenean jaialdikoa. «Eskatzen diguten leku
guztietara joaten gara; saiatzen gara ahal den leku guztietan dantza
zer den erakusten».
Dokumentuaren akzioak