Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaren historia dantzan jarri dute 'Korrotik pikutara' saioan

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren historia dantzan jarri dute 'Korrotik pikutara' saioan

Komunikabidea
Barren
Tokia
Elgoibar
Mota
Albistea
Data
2023/04/25
Lotura
Barren

2023 04 22 korrotik pikutara BARREN 1

Erromerietako euskal dantzen istorioa eta bilakaera modu didaktikoan ezagutzeko aukera eduki zuten 'Korrotik Pikutara' hitzaldi-dantzatuan parte hartu zuten lagunek.

XVI. mendeko braleatik gaur egungo dantza solteetara egon den garapena azaldu zuen Oier Araolazak, joan den zapatu eguerdian, Aita Agirre kulturgunean egin zuten saioan. Azalpenak praktikarekin jantzi eta uztartu zituen baina, horixe baita saio honen ezaugarri nagusia. Entzuleak ez ziren hizlariaren aurrean eserita egon, aitzitik, segundo bakar batean ere ez ziren eseri ordu eta erdiko saioan. Araolazaren azalpenak gorputzak dantzan jarriz irudikatuko zituzten, Gari Otamendi eta Quico Pugès musikarien zuzeneko musikaren laguntzaz. Hala, dantzaren historia dantzan jarri zuten. Kezka eta Haritz taldeko dantzariek ere lagundu zuten saioa ontzen eta baita Andoni Urbieta txistulariak ere.

Dantza molde zaharretatik gaur egungo dantza formetara egindako bideari erreparatu zioten: korroan, borobilean hasi, eta dantzak nola joan diren aldatzen ikasi eta dantzatu zuten, soka-dantza, ingurutxo eta kontra-dantzetatik pasaz, bikote dantzetara iritsi eta azkenik norbanako bihurtu arte. Taldetik indibidualera, korrotik noraezera edo hitz lauz esanda "pikutara" joan omen dira aldatzen gure ohiko dantzak. Dantzaren historia honen ideia Juan Antonio Urbeltzi zor diote, soka-dantzaren historia azaltzerakoan aurkeztu baitzuen gure dantzen bilakaera zentrifugo hau.
Dantzariak eta dantzazaleak ziren emanaldian parte hartu zuten lagun gehienak eta pozik ziren amaieran, irakaspena jasotzeagatik eta jasotzeko moduagatik. Batek baino gehiagok zoriondu zuen Oier Araolaza. Haritz dantza taldearen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan antolatu zuten emanaldia, eta dantza taldeko kidea izana den Araolazak taldearen omenezko aurreskua ere dantzatu zuen, aurreskuaren jatorria eta esanahia hizpide izan zituenean, hain justu ere. 

2023 04 22 korrotik pikutara BARREN 2

2023 04 22 korrotik pikutara BARREN musikariak

2023 04 22 korrotik pikutara BARREN 3

2023 04 22 korrotik pikutara BARREN 5

2023 04 22 korrotik pikutara BARREN aurreskua oier araolaza

2023 04 22 korrotik pikutara BARREN fam arg

Dokumentuaren akzioak