Dokumentuaren akzioak
Dantzaren historia bitan banatzen da: Argiaren aurretik eta Argiaren ondoren
Juan Antonio Urbeltzekin euskal dantzei buruz
ARGIA. Noiz sartu zinen dantzaren munduan?
J.A. URBELTZ. 1959 urtean, nik 18 urte nituen, eta orduan emaztea ezagutu nuen. Handik gutxira, 1964ean, hain zuzen, Argia taldea sortu zen eta konpromezua hasieratik hartu nuen. Balletaren lehenengo egoitza Groseko eskola publikoetan kokatzea lortu genuen eta handik San Telmo museora joan ginen. Hango baldintzak ez ziren aproposenak, dutxarik gabe eta abar, baina neri pertsonalki gustatzen zitzaidan gure lanerako. Gero Udalarekin mintzatzen hasi ginen, eta Aldapetan leku bat lortu genuen.
A. Zuk dantzatu al duzu inoiz?
J.A.U. Bai, nik lehenengo sei urteetan asko dantzatu nuen, baina gero, Argiarekin, dantzatzeari utzi nion, zuzendaritza aparteko gauza izan behar zela pentsatu bait nuen.
A. Zergatik?
J.A.U. Zuzendaritzak burua jartzea eskatzen dizu eta denbora asko hartzen du. Garai horretan ikasten hasi nintzen, eta nere emaztea ikaste prozesuan oso inportantea izan zen. Berak musika jo egiten du eta gainera izugarrizko intuizio musikala dauka. Doinuak partituretan jartzen hasi zen; nik bitartean urratsak ikasten nituen. Gero egindako lana taldeari erakusten genion eta jantziak eta dantzak prestatzen genituen. Taldeek beste modu batean egiten zuten dantza, gure estiloa berria zen eta horregatik arrakasta izugarria lortu genuen. Euskal Herrian folklore dantza taldeen historia bitan banatzen da: Argia taldea baino lehen eta Argia taldea ondoren. Beste dantza taldeek gure lanetik asko ikasi dute. Nere ustez, datu etnografikoez aparte, piperra eta grazia ere eman nizkion dantzari, indarra, alegia. Nik konprenitu nuen dantza ez zela haizean egindako marrazki geometriko soila. Hor barruan grazia eta sentimendua egon behar dira. Bakoitzak sentimendua bere erara ulertzen du baina denok dakigu zer gustatzen zaigun eta zer ez.
A. Argia taldeak biltzen duen jendea talde ezberdinetakoa al da?
J.A.U. Argia taldea da baina emanaldiak egiteko beste taldeak deitzen ditugu. Lehenengo emanaldian, «Irridaka» izenekoan, Goizaldi taldekoei komentatu nien ea gurekin zerbait egiteko gogoa zuten eta Iparraldetik ere laguntza jaso genuen; geroztik, hauekin "Zortziko" montatu genuen. Ikuskariari izen hau eman nion garai horretan zortzikoari buruzko liburua atera bait nuen.
A. Oso liburu polemikoa suertatu zen.
J.A.U. Polemikoa? Nik uste dut ezetz. Nere teoria ulertzea oso erraza da. Liburua «zortziko» zer den azpimarratzen hasten da, zeren beste ikertzaileek ez bait dute behin ere zer den esaten. Lehenik hitz batek zer esan nahi duen jakin behar dugu. "Zortziko" ordinal bat dela esatea oso erraza da, baina kasu batzuetan esanahi hori ez dator bat testuinguruarekin. Azkueren hiztegian ú«zortziko» hitzari ematen zaion hirugarren adiera "sota en el naipe" da. Baina hori ez da posible, zeren karta horren balioa ez bait da zortzi, hamar baizik. "Diccionario de Autoridades" delakoan begiratzen badugu, hala dio: sota kartetako figura da eta soldadua ordezkatzen du. Beraz, hitza ez dator zortzi ordinaletik baizik eta zortzi soldadutik. Gainera, doinuak ditugu, eta militarrak dira. Ez dago zalantzarik.
A. Zure teoriaren aurka agertu direnen arrazonamenduak baliotsuak izan al dira?
J.A.U. Uste dut jendea ez doala liburuaren aurka, pertsonaren aurka baizik. Eta aurka daude erantzunarik gabe geratu direlako. Borondate falta nabaritzen da, eta batez ere, jendeak ez du irakurtzen. Edo ez daki ongi leitzen eta ondo aztertu gabe kritikari ekiten dio. Nik nere teoria oso logikoa dakusat, are gehiago, logiko aduktiboa da. Sherlock Holmesen logika da. Orokorrean, zerbait aztertzerakoan, jendearen %98k arrazoiak ikusita bilatzen dituzte ondorioak; nik ez dut horrela planteatzen kontrako ikerketa erabiltzen dut, hau da, efektuetatik hasiz kausak bilatzen ditut. Nere lana eta ikerketak egiteko erabiltzen dudan eredu autodidakta eta semiologoek duten prozedura intelektuala antzekoak zirela ikusterakoan, harrituta geratu nintzen. Jendearekin "zortziko"a zer zen komentatzen hasi nintzen, eta norbaitek zerbait esango zuenaren beldurrez argitaratu nuen liburua. Nere lantxoak 154 orri ditu eta beste lan bat agertukoúdut nere ikerketa zabaltzeko. Hamaika gauza dauzkat kontatzeko.
A. Eta noiz kaleratuko duzu liburu berria?
J.A.U. Agian datorren urtean. "FIautas y tambores: Música militar y de danzas en el País Vasco" izango da bere izenburua.
A. Beti gaztelaniaz idazten duzu. Zergatik?
J.A.U. Nere euskara oso traketsa delako. 22 urte nituenean aitarekin zerbait ikasten hasi nintzen. Afarietara joaten nintzen, Erran hau edo bestea zelan esaten zuten aitari galdetzera. Aditzak oso nahasiak ziren. Etxean mintzatzen naiz, baina idazteko gaztelania erabiltzen dut.
A. Zure curriculuma bukaezina da eta, besteen artean, zure parte hartzea hainbat erakundetan aipagarria da; Arantzadi Natur Zientzi Elkartekoa, Argiako zuzendaria, Donostiako Udazkenean Folk-aren alma materra. Nola da posible guztia egitea?
J.A.U. Hori ez da egun batean egiten. Lan hau egiteko 30 urte pasatu nituen eta hori ez da broma. Etxean 6.000 liburu eta 1.000 disko ditut, eta horrek inbertsio ekonomiko garrantzitsua suposatzen du. Hau nola egiten da? Borondatez, gauzak egunetik egunera pilatuz eta gaiak jarraituz egiten dira. Dena dela, ni bezalako jende asko dago.
A. Ikuskari bat eskenara eramateko orduan, ezinbestean bi faktore bildu behar direla aipatzen duzu.
J.A.U. Eskenan zerbait jartzeko bi gauza behar ditugu: sentimendua eta jakintza. Faktore hauek sinbiotikoak dira, eta biak baldin badituzu zerbait egiteko gai izango zara; eta biak ez badituzu zerbait ona lortzea ezinezkoa da.
A. Bilboko Arriaga antzokian estreinatu duzue "Alakiketan" eta oso arrakasta handia suposatu du. Pozik egongo zara, ezta?
J.A.U. Arriaga bi aldiz bete genuen eta hau espektatiba ona da, baina ganora izan behar dugu. Horregatik ez gara hasiko Alakitetan-en arrakasta segurutzat hartzen, zeren beste lekuetan ez gustatzea gerta bait daiteke, eta porrot handia izatea. Dena dela pozik nago, Arriagako ikuslegoa bi aldiz zutik jartzea benetan zaila da eta. Dantzatu zuten gazteei esker beroenak ematen dizkiet, egindako lanagatik. Gainera, guk egiten dugun ikuskari moeta eskenan ikustea besteak baino zailagoa da. Jendea aurrezagutza batekin doa opera edo antzerkira; esaterako, musika egilea nor den jakinda, aldez aurretik jarrera bat izan daiteke, baina "Alakiketan" moduko ikuskarietan publikoaren aldekotasuna lortzeko, inoiz ezagutu ez dituzten faktoreekin lan egiten dugu Erromeria eta jaietan jendearen faborea daukagu, baina eskenan mugak ditugu, eta emaitza hoberena lortzen saiatu behar gara; honetarako lehen aipatutako bi osagarrien sentimendua eta jakintzasinbiosia oinarrizkoa da.
A. Diru~laguntza kendu dizuete, baina Euskadiko Balleta, aldiz, nahiko ondo babesturik dago.
J.A.U. Besteei ematearenak ez nau batere kezkatzen, neretzat ez da inolako iraina. Eskatzen dudan bakarra gure baldintzak oso moderatuak eta neurtuak direlarik, eztabaidatuak izatea da, ez ukatuak hasieratik. Besteei eman behar dietena eman diezaietela. Hala eta guztiz ere urtea salbatu ahal izango dugu. Benetazko ballet nazionala aurrera segitzeko bi faktore behar dira: dantzaren aktibitatea bultzatzea, hilean behin jaialdiak egiten esaterako; eta sormena mantentzea. Bi faktore hanek baldin badituzu ballet nazionala duzu, baina ohizko dantzetako ballet nazionala zer den ondo ulertu behar da, beste edozein ikuskarirekin parekaezina bait da. Ohizko dantzetako balleta ondo zehazturik badago, eta jendea sakonean hunkitzen badu, ezinezkoa da egunero emanaldi bat egitea, berehala erreko bait litzateke. Urtean 200 emanaldi antolatzen badituzu ezin duzu esan hori errentagarria denik, orain arte dantzaren alde egin dena erretzea besterik ez duzulako lortuko. Ballet nazionalak bere herrian 10 aldiz dantzatu beharko luke, eta gero nazioarte mailan antolatzen diren jaialdi nagusietara (Pragako Udaberria, Edinburgh) joan beharko litzateke, eta libre geratzen diren beste aldietan, dituen ezagutzak beste dantza taldeetan zabaltzen lan egin beharko luke.
A. Zeintzuk dituzu proiektu hurbilak?
J.A.U. Martxoan eta "Antropoetica" titulupean liburu bat plazaratuko dut , eta honen hitzaurrea Jorge Oteizak idatzi du. Euskal dantzen sinbolo sakratuei buruzko beste liburu bat oso aurreratua daukat eta agian oroimenez "Alakiketan" izendatuko dut. Udal batzuekin mintzatu gara hainbat gauza egiteko. Esaterako, Hernaniko dantzak edo Iztueta eta Errenaisantzako dantzak. Argia taldearekin ere XIX mendeko areto dantzei buruzko zerbait antolatu nahiko genuke. Proiektuak, beraz, ugariak ditut.
Amaia Nabaskues
NORTASUN AGIRIA
1 940ko urriaren 20an Iruñean jaioa
Bere etxean musika betí entzuten da, batzuetan rocka eta reggaea
500 doinu jarri ditu eskenan
Espainiako Irrati Nazionalean «De folk en folk» izeneko irratsaioa zuzendu zuen
Dantzari buruzko ehundaka hitzaldi egin du
Bere ikerketa eta proiektuak aurrera eramateko bere emaztearen laguntza ezinbestekoa izan du
28-32
Gaiez\Kultura\Dantza\Euskal Dant
Pertsonaiaz\URBELTZ1
Egileez\NABASKUES1\Kultura
Dokumentuaren akzioak