Dokumentuaren akzioak
Dantzaren hanka hotsa
Aiko musika eta dantza tradizionalen taldeak 'Oinak kantuz' diskoa kaleratu du, bost urteren ostean
CDko abesti guztiak berriak dira, baina modu tradizionalean idatziak eta interpretatuak: pasodobleak, jotak, jauziak, txotisak... Bolero, habanera eta tangoren bat ere bai tartean. Aitor Furundarenaren, Alvaro Garciaren eta Sabin Bikandiren konposizioak entzuteko ez ezik, dantzatzeko ere eginak dira; taldekideen esanetan, «dantza egitea musika entzuteko era bat da». Aikoren hainbat musika lanen izaera eta soinua kontuan hartuta, badirudi paper zaharren artean aurkituak edo kalean grabatuak direla: «Oso faltsutzaile trebeak gara», esan ohi dute erdi txantxetan taldeko kideek, euren gai asko antzinakoak, tradizionalak eta herrikoiak direlako; baina hori konplimenduzko lorea da taldearentzat.
Lehen lana atera zutenetik bigarren hau kaleratu duten artean ez da geldirik egon taldea, hainbat lan grabatu baitituzte: Kobreik! Bizkaiko gaita-dultzainari eskainitako lan monografikoa; Aurrez aurre, Claude Iruretagoienak zuzendutako Maritzuli konpainiaren izen bereko ikuskizunaren musika;Urraska, jauzi tradizional guztiak biltzen dituen liburu, CDa eta DVDa; Fasioren mendea, Bonifazio Arandia Fasio soinu jotzailearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko argitaraturiko liburu, DCa eta DVDa eta; Bikaña, dantzarako musika berria, gaita eta danborrentzako prestaturiko lana.
CDaren izenburua, Oinak kantuz, Bikandiren kopla batean oinarriturik dago. Horrek, albokaz lagunduta, taldearen lehengo diskoan zera abesten zuen: «Dantzan ez dakiena, beti dau kontetan; dantzari ona, berriz, hankakaz kantetan».
Aikoko kideak, Oinak kantuz lanaren aurkezpenean, Bilbon. / JON HERNAEZ / ARP
Dokumentuaren akzioak