Dokumentuaren akzioak
Dantzaren goren-gorenean
Tolosaldean bertan, bada dantzarako grinarik, eta hamaika gazte aritzen
dira oinak astintzen, eskualdeko taldeetan. Hain zuzen ere horrela hasi
ziren Naikari eta Ioritz Galarraga amasarrak, Ione Iriarte
billabonatarra eta Aritz Iglesias tolosarra, Aukeran dantza konpainiara
iristeko lehen pausoak ematen.
Naikari Galarragak hamar urte inguru daramatza Aukeranen, eta konpainia
Euskal Herriko dantzaren munduan egonkor mantentzera eraman duten lau
ikuskizunetan parte hartu du: Izena duen guztia omen da (2004), Bideak
(2006), Gernika, mihise gaineko dantza (2009) eta Burnia (2011). Ioritz
Galarragak, lauzpabost urte daramatza konpainian, eta Ione Iriarte,
berriz, iaz hasi zen Donostiako taldearekin entseguak egiten. Hiru
dantzari hauek, Villabonako Oinkari dantza taldean ikasi zuten dantzan.
Aritz Iglesias, berriz, pasa den otsailean hasi zen taldean, eta
Tolosako Udaberri dantza taldeko partaidea da.
Aukeran taldeak astean hirutan egiten ditu ensteguak. Barran luzaketak
egin ondoren, egun batzuetan dantza garaikideko eta klasikoko ariketak
egiten dituzte; beste batzuetan, berriz, euskal dantza pausoak lantzen
dituzte. Taldean, dantzarien mailaz gain, badira beste hainbat
desberdintasun ohiko dantza taldeekiko. Esate baterako, dantzari
gutxiago daude, eta hauek diziplina desberdinetatik etorritakoak dira.
Aniztasuna da nagusi beraz.
Dantza ikuspuntu profesionalago batetik begiratzearena «esperientzia
polita eta interesgarria» dela diote, eta dantza garaikidea edo ballet
klasikoa bezalako diziplinak ezagutzeko jakinmina beti izaten dela.
Hala ere, gaur egun euskal dantzarekin fusioa egitea indarrean dagoen
arren, dantzariek ez dute aurretik landutako euskal dantza tradizionala
alde batera uzteko asmorik.
Konpainiaren azken sorkuntza lana, Bilboko burdinolak eta labe garaiak
oinarri hartuta burutu du Edu Murumendiarazek, Burnia deituriko
ikuskizunean. Pasa den asteanestreinatu zuten, Bilboko Arriaga
antzokian.
Burniak, industrializazioa, labe garaiak, honen ondorioz Bilbora
etorritako etorkinak eta karlistada nahiz 36ko gerra gogora ekarri nahi
izan ditu, konpainiaren aurreko ikuskizunean baino pauso eta koreografia
«abstraktuagoak» horretarako baliatuz.
Fernando Velazquez sarituak konposatu du musika, eta Bilboko musika
bandak interpretatu; hain zuzen ere bandako metaleko instrumentuen
hotsak, burdinarekin lotura bat sortzen duela iradoki nahi izan dute.
Era berean, Unai Elorriagaren gidoiak eta poemek dantzarien pausoei
laguntzen diete emanaldian, off-eko ahots batekin.
Burnia, datorren udazkenean izango da berriro, Euskal Herriko aretoetan.
Dokumentuaren akzioak