Dokumentuaren akzioak
Dantzaren festa
Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko jaialdi berezia antolatu du, lehen aldiz, Kriskitin Dantza Taldeak gaur, barikua.
Jai-giroa sortzeko ardura durangaldeko lau taldek izango dute: Kriskitinek, Andaluziar Zentroko taldeak, dantza Afro-karibearren talde batek eta Senegalgo Mlong taldeak. Eta eman ez arren, talde denak Durangaldekoak dira. Hona etorri, hemen sustraiak bota eta beren herrialdeko dantzak mantendu, landu eta inguruetan erakusten dituztenak. Horrela, Kriskitinek jaialdiaren bigarren helburu nagusia betetzea espero du: Dantzari buruz hitz egitean, euskal dantzak bakarrik izan behar dutela pentsatzen dute askok, baina ez da horrela, munduan zehar kultura eta, ondorioz, dantza mota asko daude, gurea bezain errespetagarriak eta interesgarriak. Horiek erakutsi nahi ditugu.
Jaialdia 22:00etan zabalduko du Kriskitinek. Bost minutuko ikuskizunaren ostean 20 minutuko dantza tailerra izango da, hots, ikusleak dantzara gonbidatuko dituzte. Gainontzeko taldeek ere eredu bera jarraituko dute.
Andaluziar Zentroko taldeak flamenkoan eta sevillanetan oinarritutako Cale Bari ikuskizuna eskainiko du. San Agustin Kulturgunean ezezik Estatuko hainbat lekutan erakutsi dute obra hori. Mugimendu Afro-karibearren taldea, estilo hau gustuko duen hainbat pertsonek osatua dago. Zaleak dira, ez profesionalak.
Ikusminik handiena Mlong taldeak sor dezake. Jatorri senegaldarreko hainbat dantzarik beren herrialdeko mugimenduak eskainiko dituzte: Mundu guztia dantzan jarriko dutela zin egin digute. Euskaldunon hoztasuna ikusita, ez dirudi lan erraza.
Dokumentuaren akzioak