Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaren feria

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren feria

Kritika, Donostiako Antzerki Feria

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2007/07/17

Hala ere, Feriak gure arte eszenikoen topagune nagusia izaten jarraitzen du, bertan elkartzen baitira ikusleak, konpainietako kideak, programatzaileak, banatzaileak eta kritikariak. Ferian zehar sektore-bilerak egiten dira, baina niri askoz erakargarriagoak egiten zaizkit han-hemenka sortzen diren kontaktuak, eta haien artean bereziki interesgarriak izaten dira Iparraldeko kultur eragileekin -Ballet Biarritz, EKE, Biarritz Culturerekin...- egin daitezkeenak, gure arteko harremana sendotzen dutelako eta EAEko kultur panoramari buruzko ikuspegi zabalagoa dutelako.

Aretoko programazioari begira, nik esango nuke aurten nolabaiteko pisua hartu dutela haur-ikuskizunek. Gurean sortutako helduentzako antzerkia ere ondo ordezkatuta egon da, Demasiado humano, Mujeres en su camas, Cueva de ladrones eta Cuentos ibéricos bezalako lanekin. Azken hori euskaraz eta gaztelaniaz eman zuten, baina beste biak gaztelaniazko bertsioan etorri ziren. Demasiado humano obrak, aldiz, erdarazko bertsioa baino ez dauka.

Esandako laurak, ordea, aurreko hilabeteetan estreinatu ziren eta orriotan komentu nituen. Hori dela eta, proportzioan, dantza gehiago ikusi dut Feriaren astean, alde batetik bi dantza lan handi programatu direlako -Carolyn Carlsonen Inanna eta Heddy Maalemen Le sacre du printemps- eta, bestetik Eusko Jaurlaritzako Dantzarako Plataformak sustatzen dituen muntaiak Ferian plazaratzen direlako. Sail horretan bi gauza on ikusi ditugu, bakoitza bere estiloan -Ballet Biarritz Juniorren Gari Beltza eta Organik konpainiaren +ES3-. Asier Zabaletaren Ostrukaren zuloa ere akatsik gabea da forma aldetik, baina planteamenduak zertxobait artifiziala dirudi. Blanca Arrieta eta Matxalen Bilbaoren proposamenak, ordea, askoren ahotan ibili ziren ondorengo egunetan, pieza bien emaitza makalarengatik.

Kaleko programazioan, Arte bira izeneko ekimena nabarmenduko nuke, eta baita ere Kukai eta Logelaren Taupadak. Azken honek aipamen berezia merezi du dantzarien energiarengatik eta soinu-bandaren diseinuarengatik. Oro har, denetarik ikusi dugu Ferian zehar: lan batzuk guztiz komertzialak eta beste batzuk arriskatuagoak izan dira, baina haien guztien artean luzaroan gogoratuko ditugu Pippo Delbonok sortutako irudi harrigarrien sorta, planteamendu eszeniko ederra eta soinu-banda miresgarria.

Dokumentuaren akzioak