Dokumentuaren akzioak
Dantzaren erotika
'Kameleoia'
Donostiako Viktoria Eugenia antzokia beteta zegoela eta arrakasta handiz aurkeztu du Dantzaz konpainiak Kameleoia, bere azken ikuskizuna.
Jatorri israeldarreko Itzik Galilik —Herbeheretan errotua da aspalditik— sortu ditu gaueko lehen bi piezak, eta lehena Things I told nobody (Inori esan ez nizkion gauzak) deitzen da. Dantzariak atzeko ilunantz moduko batetik sortu dira gehienetan, eta argiantz batean murgilduta gauzatu dituzte beren eboluzio ederrak, batzuetan banaka, beste batzuetan bikoteka eta, lantzean behin, konpainia osoaren agerpen laburrak bi lerro paralelotan eratuz. Argiaren dentsitateari begira, interesgarria da jakitea Galili bera arduratu dela arlo horretaz, bai pieza honetan bai hurrengoan, horrek nabarmen areagotu baitu bi proposamenen dramatikotasun arina eta misterio kutsua.
Dantzariak nonbait kokatzearren, Händel, Vivaldi eta Mozart hautatu ditu koreografoak, baina, beste batzuen akatsa saihestuz, ez du mugimendua partituraren inflexioei estuki lotu. Aitzitik, oinarrizko fisikotasunaren edertasuna aldarrikatu eta maisuki konbinatu ditu gorputz-lengoaiaren keinu gizatiar ugariak beso nahiz zangoen esangura emozionalarekin eta dantzatzearen plazer xumearekin. Esandako guztia amaieran kondentsatu da, Erik Satieren nota delikatuek neska baten solo ederra gidatzen zuten bitartean.
Gaueko bigarren atala —Chameleon— Galiliren aspaldiko pieza da, eta 2007an ekarri zuen Miarritzeko Maitaldira, Noord Nederlandse Dans konpainiarekin. Lan honetan bost emakume agertzen dira aulki banatan eserita, eta beren jarrera eta keinu hipnotikoekin femenino estandarraren kritika samurra planteatzen du koreografoak, batzuetan irribarrea bilatuz eta gehienetan miresmena azaleratuz.
Azkenik, Jacek Przybylowicz poloniarra izan da Few brief Sequences piezaren sortzailea. Izenburuak dioen bezala, proposamenak zenbait eszena labur ekarri ditu sei dantzariren eskutik eta Jordi Savallen zango-biolaren akorde pasionatuen laguntzaz. Marin Maraisen musika barrokoak ere ezin hobeto girotu ditu hiru bikote nagusien amodio-jolasak, eta koreografoak inspirazio handiz jaso ditu amoros dagoenaren barne asaldura eta pertsuasiorako gaitasun samurra.
Gaueko beste piezetan bezala, erabateko soiltasunean gauzatu da guztia, eta Przybylowiczek berak diseinaturiko argiak rol esanguratsua jokatu du. Gainera, maitasun sekuentzia artean proiekzio eder batek erakutsi du aro barrokoko dantzaren erotismo neurtua, eta onena da poloniar koreografo garaikideari ere antzeman diogula erotika sakon hura, dena iradokiz, gutxiena agerian utziz eta era subliminalean bere azken helburuak lortzen dituena.
Dokumentuaren akzioak