Dokumentuaren akzioak
Dantzaren ekonomiaz: bost harreman eredu
“Soka” erakusketa Donostian zela eta, EKE-k martxoaren 3an antolatu zuen gaualdi bat Koldo Mitxelenan. Kari horretarat prestatu nuen ohidura dantzatuen ekonomiari buruzko solasalditxo bat. Ekonomia diotalarik, aipu ditut besta horien parte hartzaileen art
Lehena, dohantza-rena -eskertzen dut Donostiako entzule bat frantsesezko “don” hitzaren itzulpenarentzat-. Dohantza, Marcel Mauss antropologoaren haritik, hiru mementotan berexten da: emaitea, errezebitzea, ordaintzea. Dohantzaren eredu hori aurkitzen da neguko besta edo urteko bertze eske kodifikatuen karietarat. Gazteriaren delegazio batek dantza eta kantuak eskaintzen ditu, eta etxeak janari edo edariz osaturikako
zerga sinboliko bat ordaintzen dantzaren truke. Harreman hori zailago bilakatzen da haunditzen ari diren herrietan, batez ere Lapurdin, nun biztanlego berriek ez dakiten funtsean nola behar den errezebitu eta zer behar den ordaindu. Kodigoak ez direlarik gehiago hor, gertatzen ahal da ez aski emaitea edo, alderantziz, sobera.
Dohantza-kontra dohantzaren harreman hori ez da nahasi behar eskearen ereduarekin. Eskelariari (denbora batez, buhameak, pobreak, bainan baita ere soinulari ibiltariak, frangotan itsuak, XIX. mendean Amikuze kurritzen zuten viella joile kaskoinak, edo gitarra joile “españolak” Lapurdin). Eskelariari emaiten zaio karitatez, arrazoin etiko eta erlijiosoen gatik. Ordaina bertze munduan errezebitzekotan.
Hirugarren eredua partzuergoarena da. Denbora batez, dantzarien arteko harremana kudeatzen zuena. Kaxkarot taldeek, adibidez, konpañia batzu osatzen zituzten, pixka bat kooperatiba baten arauak segituz: bakotxak behar zuen diru zerbeit eman kutxan hastapenean, jauntzientzat berezki, eta eskean bildu diruarekin pagatzen ziren soinulariak eta fresak, eta gaineratekoa kaxkaroten artean partekatzen zuten. Halaber, XIX. mendean, Lapurdi-Baxenabarreko hainbat herritan, gazte zonbeit elkartzen ziren ttunttunero eta xirribitari baten ukaiteko igandero Bazkoti Abendoraino, beti partzuergoaren prinzipioz.
Laugarren harreman mota kontratuarena da, batez ere gazteria eta soinularien artean. Lan kontratu bat, soinulariek pasatzen zutena edo gazteriarekin, edo herriko agintariekin, edo, Baionan bezala Iraultza aintzin, ofizialeen korporazioekin. Diote Lexardoat Atharratzeko xirulari
haundiak xarpintero baten eguneko jornala hartzen zuela maskarada bakotx.
Bortzgarren harremana, botere publikoekilakoa da. Alde batetik, Bigarren inperioa artino, frangotan erakundeek manaturik agertzen ziren
Baionan edo Donibane Lohitzunen barnekaldetik jinikako dantzari eta soinulariak edozoin printzesa, errege edo gobernadorek euskal herriak trebesatzen zituzten ber. Herrietan berean, herriak besta zonbeiten gastuak hartzen zituen bere gain, eta gazteriak bertze besta batzu.
Bertze harreman batzu behar litaizke gehitu, ohorearena bezala, zoinen arabera dantzatzeko eskubidea antxereten bidez erosten den. Pastoraletako memento indartsuenetarik bat enetzat, nun Xiberuko herrien arteko lotura eta lehia berfinkatzen diren urtero. Dantzan.com webgunean berriki ekarri dute Villacañas (Toledo) herriaren berri, nun sainduaren prozesioan dantzatzeko eskubidea antxeretan ezartzen den. Jaz dantzari bakotxak 1500 eta... 4500 euro artean pagatu zuten dantzarien kofradian sartzeko. Gu denbora batez herriko gazteak ihauteriz edo Pestaberritan bezti ziten kasik
gure sakeletik pagatzekotan ginaudelarik. Hots, ohidura dantzatuen historiak dantzaz baino aise haratago eremaiten gaitu.
Dokumentuaren akzioak